DENOK EZ GAUDE BERZIKLAPENAREN ALDE | Birziklategia · 2013.03.11

Page 1

Duela egun batzuk Hondakinen bilketa eta tratamenduaren inguruan mahai gainean dauden bi ereduak azaltzen saiatu nintzen, gai honekin sortu den eztabaida politizatu eta aspergarria errazago ulertzeko.

··· Eztabaida horren baitan bilketaz hitz egiten bada ere segituan lotu ohi da bilketa tratamenduarekin. Hala nola ATEZ ATEKOA errauskailurik ez eraikitzearekin eta 5. EDUKIONTZIA errauskailuaren ezinbesteko beharrarekin. Nondik datoz baieztapen hauek? Benetakoak al dira? Galdera hauen erantzuna era nahiko grafikoan ematen saiatuko naiz gaurkoan. Izan ere, harrigarriena da eztabaida guzti honetan alde guztiek bat egiten omen dutela puntu batean: denak daude birziklapena igotzearen alde. Hori ere egia al da? Zergatik izan daiteke gezurra? Ea ba hau ere azaltzen dudan gaurkoan.

Alde batetik, errausketaren aurkakoak ditugu. Hauek defendatzen dutenez hondakinen %80 birziklagarria da, eta gainerako %20 a errefusa moduan bereizita bilduz gero inertea da. Zergatik inertea? Ez duelako organikorik bere baitan eta ez delako usteltzen metano gasa eta likido lixibiatuak isuriz. Beraz hauek diote Gipuzkoan ez dela errauskailurik behar, birziklatu daitekeen guztia birziklatu behar dela, inerteak arazorik sortzen ez dutenez espazio degradatuak berreskuratzeko betelana egiteko erabiliz.

Bestetik, errauskailuaren aldekoak ditugu. Hauek diote beti egongo dela birzikla ezin daitekeen %20a (beraiek %30 dela diote) eta beraz errauskailua ezinbestean beharko dela.

Azkenik, badaude bilketan sartzen diren baina tratamenduarekin ezer jakin nahi ez omen dutenak, Atez Atekoaren aurkako herri plataformak adibidez. Hauek diote bilketa gauza bat dela eta tratamendua beste bat, eta ez dutela errauskailuaren alde edo kontra posizionatu nahi.


Zubietan eraikitzea proiektatu zuten errauskailuak, Gipuzkoan masan (bereizi gabe, edukiontzi berdera nahasita botatakoa) biltzen diren hondakinak erretzeko helburua du (zuen?). Zer egon ohi da masan bildutako hondakin poltsa hauetan? Bada, Zumaiako karakteriazioak honakoa dio: ◦ MATERIA ORGANIKOA: %41,20 ◦ PAPERA ETA KARTOIA: %13,96 ◦ BESTELAKO ORGANIKOA: %18,63 ◦ ONTZI ARINAK: %18,63 ◦ BEIRA: %3,45 ◦ BESTEAK: %15,64

Beraz nahasita botatakoaren %15,64 soilik da benetan birzikla ezin daitekeena. Beste guztia, birziklagarria izanagatik ere, Zubietako errauskailuan erraustuko litzateke. Honek kontraesan bat sortzen du: Errauskailua 2002an material birziklagarria ere errausteko proiektatu zuten berberak (PNV, PSOE, PP) dira gaur egun “errefusa beti egongo da, eta ezinbestean erraustu beharko da” diotenak. Beraz bi ondorio atera daitezke diskurtso aldaketa horren aurrean: 1) Gezurretan ari dira eta badakite errefusaz gain material birziklagarriak erraustuko liratekeela Zubietan, besteak beste eurak diseinatu zutelako plan hori. 2) Errekapazitatu egin dute, birziklapena igotzearen alde daude eta erabaki dute soilik errefusa erraustu beharko litzatekeela. Beti txarrenera jotzeko joera izan ohi dugunez, oraingoan gezurretan ari direnaren aukera baztertuko dugu. Bigarren aukerara pasako gara beraz zuzenean, eta gero bakoitzak atera ditzala bere ondorioak. 2002an diseinatu zuten errauskailu hark urtean 240.000 tona zabor nahasi erraustea aurreikusten zuen. 240.000 tona horietan nahasirik dauden zaborretatik soilik errefusa erraustuko balitz, 38.400 tona izango lirateke.


2002an diseinatu zutenerako, beraz, ez luke balioko errauskailu honek. Ordea, norbaitek pentsa dezake 2002an diseinatutakoa dexentez errauskailu txikiagoak zentzua izan dezakeela, birzikla ezin daitekeen gaiekin energia sortzeko moduko errauskailu efiziente bat eraikiz Zubietan. Bada, Europan badago errauskailuen efizientzia neurtzen duen indize bat. Indize honek 0,65eko kopuruan jartzen du muga: kopuru hori gainditzen badu efizientea da errauskailu bat; gainditzen ez badu ez. Ba al dakizue 2002an diseinatu zutenean zein indize ematen zioten PNV, PSOE eta PPk Zubietako errauskailuari? Euren esanetan 0,65527ko indizea emango luke. Ozta-ozta izango litzateke efizientea, 240.000 tona hondakin nahasi erreta ere. Orain imajinatu, 240.000 tona izan beharrean 38.400 direla, baina batez ere imajinatu tona horietan ez dagoela organikorik, ezta paperik edo plastikorik ere. Eta gogoratu azken hauek direla erretzeko botere kalorifiko handien duten materialak, erretzeko onenak nolabait esateko. Soilik errefusa erreko luke. Argi dago ez litzatekeela efizientea izango, ezta? Bada, guzti honetatik ondorio argi bat atera daiteke: birziklapena igotzeak errauskailu baten beharra errotik ezeztatzen du. Horregatik, besteak beste, utzi zuen aurreko Aldundiak proiektatuta zituen hiru konpostatze plantetatik soilik bakarra eraikita, eta Gipuzkoako herri gutxi batzuetan soilik ezarrita 5. edukiontzia, gehiegi bultzatu gabe bidenabar. Horregatik utzi dute 2002tik urte mordoa pasatzen birziklapenaren alde eman beharreko pausorik eman gabe, eta horregatik dira gaur egun errauskailuaren aldekoak %80ko birziklatze maila baztertu eta %40-50eko mugak helburutzat jartzen dituztenak, berehalako igoerak baztertu eta urte gehiago pasatzen uztearen aldekoak. 5. edukiontziaren aldekoak, noski. Ondorioa gogorra da, baina erabat logikoa: erraustegia egin nahi badute, birziklapena gehiegi ez igotzea komeni zaie. Denok ez gaude beraz birziklapena igotzearen alde.

BIBLIOGRAFIA: | http://paperekoa.berria.info/harian/2013-02-10/014/001/hondakinak_xahutu_gabe.htm | http://erraustu.wordpress.com/iturriak/ | http://www4.gipuzkoa.net/MedioAmbiente/gipuzkoaingurumena/es/secciones/residuosurbanos/alternativaspigrug.asp | http://www.berria.info/albisteak/73726/gipuzkoako_hondakinen_plana_onartu_zutela_hamar_urte.htm


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.