Nor zen Txato? Xabier Kalparsoro Golmaio (herrian ezizenez Txato) 1966ko abenduaren 7an jaio zen Zumaian. Gaztetatik ikasle mugimenduan hasi eta herriko borroka ezberdinetan erabat inplikatu zen, eta Jarrai gazte erakundeko militante izan zen. 17 urte zituela atxilotu zuen lehen aldiz Guardia Zibilak, baina berehala aske utzi zuten. 1991an, 25 urte zituela, polizia sabotaje ekintza batzuengatik bere bila zuenez herritik ihes egin behar izan zuen. Erbestean, ETA erakundeko kide egin zen. 1993ko abuztuaren 30ean Egin egunkariak Laudion Anuk ezizena zuen euskal errefuxiatu politiko bat atxilotu zutela zabaldu zuen. Artean inork ez zenien Anuk ezizenaren atzean Xabi zegoenik. 1993ko irailaren 23an Durangoko Udaltzainek Xabi atxilotu zuten. Atxiloketa lehen unetik oso susmagarria izan zenik, egoera txarrean eta noraezean aurkitu baitzuten. Gainera, atxilotu eta berehala CESIDeko (Espainiako Inteligentzia Zerbitzua) agente ugari bertaratu zen hara, Udaltzainek inolako abisurik eman aurretik. Agenteek bertatik eramateko agindua zutela esan zieten. Gaueko 23:00etan, Espainiako Poliziak Bilboko Indautxu auzoan duen komisaldegira eraman zuten. Egun hartan, goizaldeko 02:51ean Basurtoko ospitalean ingresatu zuten. Bertsio ofizialaren arabera komisaldegiko leihotik erori zen. Bi egun koman igaro ostean, irailaren 26an hil egin zen. Ospitaleko erizainek gerora esan zutenez, Xabi oraindik koman zegoela, momentu batean zentzua berreskuratu eta "ez nazazue jo, dena esango dizuet!" oihukatu zuen. Autopsia egin zion forentsearen txostenak argi adierazi zuen: Xabier Kalparsororen erorketa ezin zitekeen jauzi baten ondorio izan, inolako inpultsorik gabe leiho ertzetik gertaturiko erorketa bat izan behar zuen. Ondorengo egunak tentsio handikoak izan ziren Euskal Herri osoan, eta baita Zumaian ere. Aste berdinean, Gurutze Iantzi urnietarra hil zuen Guardia Zibilak, torturatuta. Xabiren gorpua Zumaiara iristean Udaletxean eduki zuten jendearen bisitak jasotzeko. Beheko Plazan 2000 pertsona elkartu ziren omenaldian. Udalak herriko seme izendatu zuen. Bere errautsak Algorriko labarrean zabaldu zituzten senide eta lagunek. Egun guzti haietan grebak, manifestazioak eta Ertzaintzarekin istilu gogorrak izan ziren herrian. Irailaren 27an kaleratutako agiri batean ETA erakundeak
aste pare bat lehenago Xabik helarazi zien eskutitz bat publiko egin zuen. Bertan adierazten zen abuztuak 30ean Laudion atxilotu zuten errefuxiatua Xabi zela, eta ordutik aurrera ilegalki bahituta izan zutela mendian, berarekin galdeketa-saio arraroak egin zituztelarik.
Urriaren 7an, Txatok eskuz idatzi eta erakundearen zuzendaritzara igorritako eskutitzak helarazi zizkion ETAk Egin egunkariari. Haren arabera, atxiloketak iraun zuen bitartean bere onetik atera eta 23 egunez, gutxi gorabehera, bere burua erabat galduta eduki zuen, emandako droga ezezagunen ondorioz. Ondoren, egoera berezian askatu zuten. Bera jazartzen zutela ohartu zen Xabi, poliziak ondo-ondotik jarraitzen baitzuen askatu ostean. Idazkian Ertzaintza salatu zuen: "zipaioek atxilotu eta drogatu, hipnotizatu, burua jan edo dena delakoa egin, eta berriro ere kalean utzi ninduten. Erabili egin naute eta oraindik ere horretan ari dira (...) ez dakit zein teknika erabili zituzten. Baina ziur nago drogaren bat edo zerbait eman edo egin zidatela. Zergatik? Ziur nago uneren batean galdekatu nindutela, baina ez naiz oroitzen ".
Bestalde, Arratia bailarako zenbait baserritarrek Xabi bahituta Egon zen egun horietan berberetan bailarako mendietan poliziaren joan-etorri izugarria izan zela zabaldu zuten.
Xabier Kalparsororen heriotza baldintza oso susmagarrietan eman zela gauza argia izanik, familiakoek, Tortuaren Aurkako Taldeak eta Zumaiako Udalak salaketa bana jarri zuten epaitegi aurrean. Ekinbideak artxibatuak izan ziren.
1997an anonimo baten dokumentazioaren arabera Indautxuko Espainiako Polizia Nazionalaren erregistrotan Kalparsororen sinadura faltsifikatu egin zuten, bertako ziegetan egon zela adierazteko. Horren arabera, bertsio ofizialak esandakoaren aurka, Xabier Kalparsoro ez zen inoiz ziegetan izan, eta Indautxuko polizia-etxera eraman eta zuzenean sartu zuten leihotik "jausiko" zen gelara.
Horren ondoren, Bilboko 1. zenbakiko Instrukzio Epaitegian egindako prozedura judizialak hainbat polizia auziperatu zituen. Bizkaiko Probintzia Auzitegiak auziperatuen arteko bi zigortu zituen, atxiloketarekin inolako zerikusirik ez zuen arren, “polizia egoitza zaintzen egonik atxilotuari leihotik jauzi egitea galarazi ez ziotelaeta�. Hainbat helegite aurkeztu ondoren, Auzitegi Gorenak polizia haiei ezarritako zigorra aldatu eta falta soil batean utzi zuen zigorra.