Euskal literatura euskaraz idatzitakoa ote? Trantsizio garaian biziki mahai-gaineratu zen gaia dugu honako lerro hauetan aurkeztuko zaiguna. Euskal literatura euskaraz idatzitakoa soilik al da? Erdaraz idatzitako literaturak ba al du lekurik euskal sistema literarioan? 1978ko urtarrilean Raúl Guerra Garrido idazle donostiarrak polemika handia piztuko zuen artikulua argitaratu zuen Eginen. Bertan, literatura erdaraz idazten duten euskal herritarrek bazterketa bikoitza jasaten zutela salatzen zuen. Egunkari hartan bertan erantzun zion Xabier Kintana-k, Zeruko argian Koldo Izagirre-k eta Ramon Saizarbitoria-k…dozena bateko artikulu saila osatu arte. Geroztik ia kronikoa bihurtu den eztabaida honek orduko hartan izan zuen agerpenik goriena. 1978tik salto egin eta soa gaur egunera hurbilduaz, Durangoko Azokan geldi gaitezke. Azoka honetan asko izaten omen dira erdaraz idatziriko liburuak. Euskarazkoak beste? Euskal kulturaren parte handiena mugitzen duen azoka izanik, erdaraz idatziriko literaturak lekurik izan beharko al luke? Josep Bargallo Ramon Llull institutuko zuzendariaren hitzetan, literatura hizkuntzak mugatzen du, hots, euskaraz egindako literatura da euskal literatura. Ez dago zalantzarik: euskalduna da euskaraz egiten duena, beraz, euskal literatura da euskaraz idatzia dena. Nolanahi ere, beste kontu bat da sormen-hizkuntzak naziotasuna edo herritartasuna ematen duen ala ez: Pablo Nerudak espainolez idatzi zuen, baina horregatik inork ez du esango espainiarra zenik, Neruda txiletarra baitzen. Baina, gure gaira bueltatuaz, Euskal Herriko gaiak jorratzen dituen literatura, bertako idazleek eginikoa, beste hizkuntza batean idatzia izate hutsagatik baztergarria ote da? Iritzi honen aurkako agertzen da Toti Martinez de Lezea idazle gasteiztarra: “No entiendo por qué al hablar de escritores vascos sólo se menciona a los que escriben en euskara”, (Gara 201009-12). Honen harira, Euskal Literatura garaikidearen literatura postnazional baterako hastapenak (EHU, 2006) izeneko saiakeran, Joseba Gabilondo irizpide linguistikoa gainditzearen aldeko agertzen da. Josep Bargallo Ramon Llul institutuko zuzendariaren iritziaren kontrakoa adieraziz, Gabilondok literatura “postnazional” deituraz, kanon euskaldun bateratu batean hartzen ditu Unamuno zein Robert Laxalt, Jorge Oteiza zein Mariasun Landa. Hala, kanon postnazional euskaldunean partaidetza ez du hizkuntza berezi baten erabilerak erabakitzen. Bi hitzetan esanda, Gabilondok, euskaldun guztiek beren hizkuntza guztietan idatzitako literaturak euskal literaturaren barne hartzen ditu.
Literatura postnazionalari, literatura nazionala kontrajartzen zaio. Literatura nazionalaz jardutean, literatura kontzeptua errealitate politiko batekin harremanetan jartzen da, era honetan, hizkuntza eta nazioa bateratzen direlarik. Baina, Euskal Herriari ikuspuntu honetatik begira jarriaz, garbi ikusten da Espainia zein Frantziako sistema literarioek gure sistema literarioan duten eragina, hau garbi islatzen baita aurrez azalduriko elebitasunaren auzi honekin. Nolanahi ere, oraindik ere eztabaidak martxan jarraitzen du, hau sarrera bat besterik ez da izan. Beraz, gai honen inguruan gehixeago sakondu nahi duenarentzat hementxe uzten dut honako webgune hau: http://www.bazka.info/?p=266. On egin!!