3 minute read
Editoriala
from GM 109. LBT EMAKUMEAK: sororitatea eta feminismoa / MUJERES LTB: sororidad y feminismo
by gehitu
EDITORIALA/EDITORIAL
2020ko Gehitu Magazine aldizkariaren azken ale hau LBT emakumeei buruzkoa da. Ezin zitekeen bestela izan, FELGTBk aurten emakume lesbiana, trans eta bisexualek (LTB) politikaren, kulturaren, ekonomiaren eta gizartearen eremuetan benetako berdintasuna lortzeko egiten duten borrokari eskaintzen baitio, “2020, LTB emakumeak: Sororitatea eta Feminismoa” lelopean.
Advertisement
Izan ere, nahiz eta azaletik irudi lezakeen 2020an pandemia unibertsal bat besterik ez dela gertatu munduan, beheko geruzei erreparatu behar diegu, zehatzago begiratu behar dugu, krisiek oinarrian bizi-baldintza okerragoak dituzten gizarte-taldeak indartsuago jotzen dituztela ikusteko.
LBT emakumeok diskriminazioak pairatzen jarraitu dugu denboraldi horretan. Gure lan-egoera, gure babes-sarea, gure osasuna, gure premiei ematen zaien erantzuna gainerako biztanleenak baino askoz ere prekarioagoak ziren COVIDaren aurretik ere. Orain are prekarioagoak dira, eta ezinbestekoa da hori aipatzea eta nabarmentzea: gu ikusaraztea. Ezin genuen une egokiagorik aurkitu guri eskainitako eta guk egindako ale bat argitaratzeko.
Aurkezten dizuegun ale hau ia osorik emakumeek egin baitute. Koordinazioa, artikulu guztiak eta ia ilustrazio guztiak emakumeek egin dituzte. Edizioa eta maketazioa ere emakumeek egin dituzte. Emakume askok lagundu digu: emakume ezagunek eta anonimoek, emakume lesbianek edo bisexualek, zis eta trans emakumeek, Euskal Herriko, Espainiako eta Erdialdeko Amerikako emakumeek. Emakume trebeek, bizkorrek, aktibistek. Mundu berdinzaleago eta bidezkoago baten alde borroka egiten dugun emakumeek. Emakumeek.
Eta gure arazoez hitz egiten dizuegu, baina arazo horiek ez dira beti berdinak, nahiz eta denak emakumeak izan eta bakar bat ere ez etorri bat arau zisheteropatriarkalarekin.
Ale honetan, Jone Expósitok LBT emakumeok (neurri handiagoan emakumeek, eta are gehiago zis ez diren emakumeek) Gipuzkoan jasaten dugun lanaren eta ekonomiaren arloko diskriminazioari buruz hitz egiten digu, Gehituk Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat LGTBI errealitateei buruz 2018an egin zuen azterlanean hain nabaria den diskriminazioari buruz, alegia. Zaira Garcíak, halaber, aipatutako azterlanean ateratako ondorioez hitz egin digu. Andrea Momoitok, euskal feminista guztientzat erreferentziazkoa den Pikara Magazine aldizkariaren izenean, Pikara Magazine-tik hautematen den errealitate feminista deskribatzen du. Feminismoa kalean dago ala sareetan? Zer bilakaera izan du urte hauetan?
EDITORIALA/EDITORIAL
Aitzole Aranetak genero-identitateez edo sexu-identitateez, trantsizioez eta feminitateez hitz egiten digu. Entzun dezagun bere bizipena. Garrantzitsua da.
Euskal Herriaz hitz egiten dugu, baina baita Latinoamerikaz ere: Sandra Moránek kontatzen digu nolakoa den Guatemalan kongresista eta lesbiana izatea. Bizitzako eremu guztietako indarkeriaz eta supremazismoaz hitz egiten digu oso kontaketa indartsu batean. Nikaraguatik, Silvia Zúnigak bere herrialdeko feminismo lesbikoaz, urteetan egindako borrokez eta aldarrikapenez hitz egiten digu. Haien gogoetak behar ditugu, Euskadiko emakumeak soilik kontuan hartzen dituen borroka ez baita berdintasunezko borroka.
Mugimendu feministan hainbeste zatiketa eragiten ari zaigun transmisoginiaren gai korapilatsua ere aztertzen dugu Violeta Assiegoren eskutik. Eta zapaldutako edozein kolektibok bezala, gure erreferentziak galarazten dizkigun historia ahaztu hori berreskuratu behar dugu, eta horrela, bai Charo Alisesek ikuspegi legaletik, bai Inma Garcíak ikuspegi historikoagotik, ikusgai egiteko borroka honetan gure aurretik egon ziren emakume trans, bi eta lesbianen errealitatea jorratzen dute.
Eta ezin genuen kultura ahaztu: komikien mundu maskulinizatuan LBT emakumeak nola irudikatzen diren lantzen du Elisa McCauslandek. Halaber, FELGTBren Kultura Taldearen lankidetzari esker, “LBT emakumeak: Sororitatea eta feminismoa” I. Literatur Lehiaketa irabazi zuten lanak ditugu, eta horrek gogorarazten digu kulturaren esparru guztietan egon behar dugula geure ahotsarekin eta geure begiradarekin. Gure Mila Martínez maiteak kontaketa hunkigarri bezain kezkagarri bat idatzi du guretzat.
Eta, batez ere, mota guztietako LBT emakumeen testigantzak ditugu, bai idatzizko formatuan, bai kontakizunformatuan, Elsa Ruiz, Sara Soler eta Chris G. Presaren kolaborazioei esker. Idatzizko kolaborazio horietako askotan ilustratzaileek –gizon aliatuek– berariaz egindako ilustrazioak daude; ilustrazio horiek argitalpen hau aberasten dute haien begirada bereizle eta paregabeekin.
Euskal Herriko jardunaldi feministetan Teresa Maldonadok esan zuen eta Pikara Magazinek aldizkari honetarako egin duen kolaborazioan hizpidera ekarri duen esaldi batekin amaituko dugu: “Ezinezkoa da feminismoak duela gutxi imajinaezina zen emakume kopurua mobilizatzea lortzen duenean eta agenda politikoa inoiz ez bezala markatzea lortzen duenean, feministen arteko desadostasunek eta gure barne-banaketek lan handia eginez guztion artean lortu genituen aurrerapen guztiak suntsitzeko agertu direnen oinetara jartzea”.
Guk ere hala uste dugu, eta aldizkari honekin gure aletxoa jartzea espero dugu.
Gozatu aldizkariaz!
Euskal Herriko lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexualen elkartea.
Asociación de gais, lesbianas, trans, bisexuales e intersexuales del País Vasco.