2 minute read

Noiz bukatzen da armairua, por Ibai Fresnedo

Galdera hau behin eta berriz errepikatzen da sexu-genero disidenteon komunitatearen iruditeria kolektiboan. Zeren, jakinda ere, behintzat gure gizartea zisheteroarautua den bitartean, armairuak existitzen jarraituko duela, egunero buruan dabilkigun gaia da.

Eta hain justuki gai hau izan da azken 50 urteetan Hernaniko LGBT+ errealitatea ulertzeko egin dugun ikerketaren ardatza.

Advertisement

Dena 2018an hasi zen, herritar gutxi batzuk maiatzaren 17aren bueltako aldarrikapen astea antolatzeko bildu baiginen.

Eta egun batzuk geroago, Hernaniko Udaleko berdintasun arloko teknikariek bilera batera deitu gintuzten. Orduan, honako hau proposatu ziguten: memoria historikoaren ikuspegitik, gure herriko LGBT+ errealitate ezberdinen azken 50 urteak bilduko zituen ikerketa bat egitea. Gure erantzuna, jakina, baiezko biribila izan zen. Izan ere, Hiruki Larroxa Kooperatiban uste dugu gure borroken memoria eta ikusgarritasun-ariketarik egin gabe, ezinezkoa dugula, ez bakarrik etorkizuna, baizik eta oraina eraiki ere. Alegia, kolektiboki bizi izan duguna eta eraikitzeko geratzen zaiguna kontuan hartuko duen oraina.

Beraz, eskari hori onartu ondoren, segituan martxan jarri ginen. Eta 3 urteko prozesu luzea izan da (konfinamendua tarteko), zeinak azken hamarkadetan gure ahaide disidenteak sakon markatu dituzten mugarri eta faktoreen argazki orokor bat egiteko aukera eman digun.

70eko hamarkadaren hasiera bizi izan zuten Hernaniko LGBT+ adinekoekin harremanetan jarri nahian hasi ginen. Gure bidaia kronologikoa 1969tik aurrera hasteak, Stonewalleko matxinada ezagun hurak diktadura azkenetan zegoen garai

beltz bateko gorputzetan eta bizitzetan benetan eragin zuena argituko baitzigun.

Baina bilaketa horretan, armairuarekin topo egin genuen. Izan ere, garai hartako askok Hernani utzi zuten askeago bizi ahal izateko, eta gaur egun ez dute ia loturarik herriarekin. Baita suposatzen dugu ere, gure artean bizi den beste jende askok ez zuela ikerketan parte hartu nahi oroitzapenen (edo sekretuen) kutxa astindu ez zedin.

Hala ere, informazio gehiago biltzen hasi eta ikerketaren parte-hartzaile potentzialak burua ateratzen hasi ziren. Eta eskerrak egin zutela!

Pixkanaka-pixkanaka, gure ikerketa-lana zabalduz joan zen. Eta gutxienez adin eta sexualitate anitzetako jendeak gure deiarekin bat egitea lortu genuen.

Horrela hasi ginen gure historia hurbileko azken 50 hamarkadak aletzen, eta ikusten nola garai bakoitzeko testuinguru edota mugimendu sozio-politikoekin zein pertsonen bizitza pertsonalarekin lotutako mugarri historiko batzuk, narratiba homogeneo bat kontatzen ari zitzaizkiguten. Ia narratiba atenporal bat, zeina faktore bakar batengatik markatua zegoen: derrigorrezko heterosexualitatea.

Historia bat non 70eko hamarkadako iraultza sexuala, 80ko hamarkadako HIESaren krisia, 90eko hamarkadako gainbehera politiko eta soziala, milurteko berriaren etorrera eta egungo aro digitala hari nagusi ukaezinak izan diren. Finean, sexu-genero disidenteok urtez urte eta hamarkadaz hamarkada, bizirauteko grina handia dugula konturatzeko mugarriak.

Indarkeria zuzen, sinboliko eta estrukturalek markatutako bizitzak eta gorputzak bai, baina borrokak eta erresilientziak markatutako bizitzak eta gorputzak ere. Gure herriaren antolaketa sozial eta politikoan balio gutxi izan duten bizitzak eta gorputzak bai, baina arlo askotan punta-puntakoak eta urratzaileak izan diren bizitzak eta gorputzak ere. Beti beren "berdinei" edo hurrengo belaunaldiei bidea irekiz (hauek LGBT+ izan ala ez).

Noiz bukatzen da armairua?, beraz, memoria ariketa txiki bat besterik ez da, isiltasunak garrasi bihurtu dituena. Erregistratuta ez zegoen hura paperean (eta gure gogoan) markatu duena. Baina beti bezala, asko daukagu oraindik jakiteko eta ezagutzeko.

Horregatik zuen gertuko errealitateetan sakontzera gonbidatzen zaituztegu; zuen herri eta auzoetan, zuen sareetan eta, batez ere, gure historian. Denon historian.

Izan ere, gero eta beharrezkoago ditugu hurbileko LGBT+ erreferenteak egungo mundu globalizatuan, non 1.000 kilometro baino gehiagora bizi diren LGBT+ pertsonak askoz gehiago ezagutzen ditugun.

Oraingoz, gure ekarpenarekin uzten zaituztegu. Goza ezazue!

Noiz bukatzen da armairua? euskarazko bertsio originala ¿Cuando termina el armario? gaztelerazko bertsioa

Ibai Fresnedo

Hiruki Larroxa Koop. Elk. Txikia

This article is from: