8 minute read
Ikusarazi, borrokatu, lortu eta biz, por Ander Prol
IKUSARAZI, BORROKATU, LORTU ETA BIZI
1977. urtea da. Franco diktadorea orain dela 2 urte hil bada ere, haren legatuak bizirik jarraitzen du eta, nola ez, kolektibo kalteberenek pairatzen dute hori.
Advertisement
Euskal Herrian haserreak eta askatasun beharrak elkarte sozialen eta herri mugimenduen hazkundea ekarri zuen; horien artean LGTBIQ+ kolektiboarenak ere bai. Adibidez, Imanol Alvarezek (EHGAM) gogorarazten digu nola urte horretan EHGAM sortu zutela Bilbon, Euskal Herriko Gay Askapenaren Mugimendua. Mikel Martín (EHGAM) urte bat geroago sartu zen elkartean, Donostian egin zuten Asanblada baten ostean. Bere militantzia batez ere Gipuzkoan egin du.
Bestalde, Lala Mugikak eta Amparo Villanek (ALDARTE) Bilboko mugimendu feministan hasi zuten beraien militantzia, eta, esaten dutenez, hasiera batean emakume lesbianen mugimendua mutil gayen mugimendutik bereiztu zen, borroka eta helburu politikoak enfokatzeko eragatik. Nafarroan antzekoa gertatu zen: 1980. urtean Lesbiana Feministen Koordiandora sortu zen Iruñean, Koordinadora feministaren barruan aurretik existitzen bazen ere. Baina, 1981. urtera arte ez zuten lehenengo bilera mistoa egin gizon gayekin, Bizkaian eta Gipuzkoan bezala, EGHAM izenarekin.
Olga Alarcón (GEHITU) ABCko azalean agertu zen 1983an “El Ministerio de Justicia recibe oficialmente a los homosexuales” lelopean. Lehenengo aldia zen Espainako estatuko gobernukide bat publikoki LGTBIQ+ kolektiboarekin elkartzen zela. 1985. urtean Euskal Herrira etorri zen eta hemen militatzen hasi zen. Era berean, Sejo Carrascosak (Lumagorri HAT) Madrilen hasi zuen bere militantzia eta 1997an Euskal Herrira mugitu zen. Gaur egun, Lumagorri HATen borrokatzen du, Gasteizko LGTBI behatokia kudeatzen duen elkartean.
Urte berean, Iñigo
Lamarcak (GEHITU)
beste hainbat kide artean Gehitu sortzea erabaki zuten. Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Trans eta Bisexualen (eta aurreko urtetik intersexualen) elkartea da Gehitu, eta Lamarca urte batzuetan lehendakaria izan da.
Eta Iparraldera mugitzen bagara, ikusi daiteke garai eta leku bakoitzak bere arazoak izan zituela. Itxaro Borda idazlearen kasuan, adibidez, Parisen bizi
izan zituen 5 urte eta 1991. urtera arte ez zen bueltatu Euskal Herrira bizitzera. Gaur egun, horri sexilio deritzogu, eta, mugimenduan oraindik oso ohikoa bada ere, garai horretan ia derrigorrezkoa zen norberaren sexualitatea ahalik eta libreen bizi ahal izateko.
Garai horretatik (eta askoz lehenagotik ere bai) gaur arte, LGTBIQ+ borrokan parte hartu duten milaka ahizpa aipatu ahalko genituzke. Transak, soropilak, maritxuak, intersexualak, bisexualak… identitate eta orientazio anitzak historian zehar, lehenik eta behin, bidea sortzen, eta, gero, hori egiten. Baina guztien istorioak eta bizipenak batzea ezinezkoa denez, oraingoan, arestian aipatutakoen hitzak izango dira historia kontatuko digutenak.
Armairuaren kudeaketa
Esan den bezala, diktadorea hil zenetik testuingurua aldatu bazen ere, LGTBIQ+ aktibistentzat lehenengo urte horiek ez ziren batere errazak izan. Gogoratu behar da Arriskugarritasunaren Legeak homosexualitatea zigortu zuela 1979. urtera arte eta momentu berean, gainera, Eskandalu Publikoen Legea onartu zutela, jazarpen horrekin jarraitzeko. Baina, kolektiboarentzat legeak aldatzea helburu argia bazen ere, momentu hartan mugimenduaren indarrak eta beharrak armairuaren kudeaketan eta ikusgarritasunean jarri behar izan ziren.
Durangoko azoka batean zeudela ernaldu zen Euskal Herriko LGTBIQ+ lehen elkartearen hazia; Antonio Quintanak, Alvarez lagunari, Galeseko mugimenduaz hitz egin zionean. Eta lanari ekin zioten. “Bazegoen jende asko mugitzeko gogoarekin; nahiko eferberzentzia politikosozial handia zegoen eta, orduan, nik askotan esaten dut korronteak eraman gintuela – dio Alvarezek - ez genekien oso ondo zer egin behar genuen, nola egin behar genuen, baina, azkenean, korronte horrek eraman gintuen”.
Hala, 1977. urteko urtarrilean EHGAM aurkeztu zuten Bilbon. Dena dela, Alvarezek gogoratzen du, urte bat lehenago, Cortes kaleko putek, hainbat elkarte eta kolektiboren artean, manifestazio bat antolatu zutela Maria Isabel izeneko puta bat Basauriko kartzelan hil zutela salatzeko eta Arriskugarritasunaren legearen aurka jotzeko.
Horren inguruan Andrea Momoito kazetariak, aurten, Lunatica liburua argitaratu du eta kontatu digunez berarentzat garrantzitsua izan zen emakume honen historia kontatzea hainbat arrazoirengatik. Horietako bat memoria da, Momoitok dio liburuak permititu duela “arrunta den hori historikoaren kategoriara igotzea”, horien bizitzek ere kolektiboaren memorian parte hartzen baitute. Idazleak pentsatzen du “normalean emakume transak, putak, psikiatrizatuak… parte hartzen dutela momentu horietan, baina ez oso era egonkorrean”. Gainera, horrek bermatzen du perfil oso zehatzeko militanteak izatea soilik gogoratzen direnak. Dena den, manifestazio hura elkartasun eta intersexionalitate momentu bat izan zen. Maria Isabelen memorian, aho batez Arriskutasunaren Legearen aurka irten ziren eta Bilboko kaleak bete zituzten, poliziak kargatu zuen arte. Mugikak momentu hori gogoratzen du: “korrika amaitu genuen poliziak karga egin zuelako manifestazioa desegiteko […] garai horretan beti amaitzen genuen grisen aurretik korrika egiten”.
Eta errepresio polizialaz dihardugula, ezin dugu aipatu gabe utzi Francis travestia. Francis Oreretako Apolo diskotekan
zegoela hil zuen polizia nazional batek. Martinek atzera begiratu eta dio: “ordurako bazegoen antolakuntza pixka bat. Batzuei trabestiaren erailketagatik adierazpen publikoa egitea tokatu zitzaigun, eta esan daiteke hori izan zela gure aurkezpena: Hemen gaude eta ez gara ezkutatzen”. Eta momentu horretatik aurrera, hainbat herri eta lekutan LGTBIQ+ mugimendua handitu egin zen, kaleak betetzen hasi zen, “eta hitza hartzen gure partetik hitz egiten zutenengatik”.
Hala ere, lehenengo manifestazioak ez ziren oso jendetsuak izan, Mujikak dio desfilatzen baino jende gehiago zegoela espaloietan begira, morboaren morboz. “Euskal Herria oso kristaua zen – komentatzen du Alvarezek – eta oso matxista aldi berean, homosexualitateaz ez zen hitz egiten, non eta ez zen txisteak egiteko edo zirikatzeko”. Horrek armairua indartu zuen garai horretan, eta zaila zen mugimenduko jendea agerraldi publikoetara animatzea. Hori izan zen gehien kudeatu behar izan zena, armairua: nola sortu komunitatea ezkutuan? “Armairuaren kudeaketa ezberdina zen gaur egungo kudeaketarekin alderatuta. Komunitatea sortzea zen garrantzitsua, gure bizitzak normaltasunez (eta ez zait hitz hori gustatzen) bizi ahal izatea – azaltzen du Carrascosak – Interesgarria izan zen erakustea aktibismotik bertatik gai izan ginela egitura autogestionatuak sortzeko gure beharrei erantzuteko”. Eta hala, lan eta esfortzu handiei esker, mugimendua handitu eta ikusgarritasuna lortu zen.
Intersexionalitatea
Eta ikusgarritasunaz ari garelarik, emakume aurpegia dauka honek. Aipatu den bezala, emakumeen eta gizonen arteko beharrak ezberdinak ziren momentu horietan; beraz, lesbiana gehienak militatzen hasi ziren kolektibo feministetan eta koordinadora feministetan sortzen ziren lesbianen taldeetan. “Alde homosexual maskulinoak jasandako errepresioari lotutako hainbat aldarrikapen zituen – komentatzen du Mugikak – eta guk, batez ere, ikusgarritasunarekin, existentziarekin lotutako aldarrikapenak genituen.”.
Era berean, lesbiana taldeen artean oso koordinatuta zeuden Euskadiko Lesbiana Kolektiboen Koordinakundean edota Nafarroako Koordinadora Feministaren Lesbiana Feministen kolektiboan, eta zenbait ekintza antolatzen zituzten martxoak 8 eta ekainak 28rako. Hala, urte horietan hainbat lelo erabili zituzten elkarteetan lesbianismoa
3 de Junio de 2005: el matrimonio igualitario
ikusarazteko: “Somos lesbianas y qué, Las lesbianas existimos, Lesbianas en todas partes…”. Alarconek dioenez, “lesbianen aldarrikapenak ezin ziren ulertu feminismoaren eskutik ez bazen, baina ez bakarrik lesbianen kolektiboarenak, LGTBIQ+ den edozein pertsonarenak ere bai”.
Kolektiboaren letra batzuentzat, ikusgarritasuna baino, bizirautea zen helburua garai horietan. Borda idazleak kontatzen du, bere moduan, gaur egun Iparraldeko trans pertsona asko mugitzen direla Parisera eta beste hiriburu batzuetara. “Sexiliatu behar ginen kripto bizitzak sortuz, baina, hala ere, baziren azpi korronte batzuk eta elkar ezagutzen genuen, keinu bat-edo eginez bagenekien nor nor zen, nahiz eta ez ginen plazaratzen”.
Hamarkada aldaketa, behar aldaketa
Aipatu den bezala, Arriskugarritasun Legea kentzea lortu bazen ere, Eskandalo Publikokoa ez zuten 1987 arte kendu, eta kontzeptu hori oraindik urtebetez mantendu zen Kode Penalean. 1995. urtera arte, Kode Penal berriarekin, ez zen guztiz desagertu. Era batean edo bestean, 1983. urtean LGTBIQ+ elkarteak legeztatzeak eta lege aldaketek militantziaren birrantolaketa bat ekarri zuten. “Lesbianen kolektiboetan, Bizkaian zehazki, estrategia politikoerrebindikatiboa bideratzerako bi ikuspegi egon ziren – dio Villanek - borroka ikusteko bi modu zeuden, eta gure kasuan Aldarteri bultzada eman genion”.
Haien moduan, beste hainbat elkartek beren aldarrikapenekin jarraitu zuten, baina asistentzialismoari heldu zioten. Instituzio batzuek pixkanaka elkarteetara hurbiltzen hasi ziren eta 1992. urtean, adibidez, Takonerako parkean (Iruñean) gertatutako eraso homofoboaren ondorioz, Nafarroako parlamentuak agerraldi publikoa egin zuen, lehenengo aldiz, horrelako eraso batengatik. Dena dela, garai horretan ez zen hainbeste salatzen, armairuak bere indarra izaten jarraitzen baitzuen.
Lamarkak gogoratzen du nola urte batzuk geroago sortu zuten Gehitu. “Garai horretan konturatu ginen bi gauza beharrezkoak zirela. Alde batetik, Bilbon Aldartek egiten zuena: LGTBIQ+ pertsonei laguntza eta informazioa ematea; eta, bestetik, antolatzen ziren jaien bidez, LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen ahalduntzea”. Alarcón geroago sartu zen Gehitun; LGTBIQ+ pertsonen eskubideen aldeko hezkuntza hitzarmenak aldatzen zituztela, ezagutu zituen garai horretako kideak. “Urte horretan izan zen
ezkontza eta familien eztabaidaren garaia eta ni ez nintzen oso ezkontzazalea, – komentatzen du Alarconek – baina jardunaldi batzuetan planteatu zuten ideietako bat, hasieran gogorra egin baizitzadan ere, gero konbentzitu ninduen: ezkontza eskubidea eskatu behar da ez ezkontzea erabakitzeko. Ulertu egin nuen ez zela ezkontza defendatzea, baizik eta defendatzea ezkontzak berak ematen zituen eskubideak, gure gorpuztasun publikoa, hiritarren eskubideak…”. Hala, 2005ean ezkontza homosexuala onartu zuen Estatu espainolak.
Eta horrekin aldarrikapen eta lorpen gehiago egon ziren, “amatasun eta aitatasunak borrokatzea, osasunerako eskubidea, emakumeek sexualitatea libre bizitzeko eskubidea… - diote Mugikak eta Villanek – baina ez da berdina eskubideak lortzea eta horiek disfrutatu ahal izatea. Gogoratu behar da badagoela kolektiboko jendea (migratuak, adibidez) eskubideak dituena, baina ezin dituena disfrutatu”.
Era berean, Lamarkak onartzen du, juridikoki aurrera egin badugu ere beharrezkoak direla beste estrategia batzuk. “Ikuspuntu juridikotik, arreta jarri behar diegu lortu ditugun tresnei, ez direlako nahikoa izan homofobiari edo LGTBIQ+fobiari aurre egiteko; – dio abokatuak – giza eskubideez ari garenean, eskubideen alorrean 3 dimentsio dira garrantzitsuenak: horietako bat da ordenamendu juridikoa jasotzea; baina, beste bat da eskubide horiek garantizatzea; eskubideak onartu daitezke, baina ez badago hori garantizatu ahal duenik… eta hirugarrena da gizarte balioetan lan egitea”. Hala, ahots hauek guztiak bat egiten dute esatean oraindik borroka gelditzen zaigula eta erronka berriei aurre egiteko prest egon behar garela.
Bide honetan elkarteak desegin eta berriak sortu dira, izen berriak agertu eta beste batzuk joan egin zaizkigu. Argi dago guztion artean aurrera egin dugula, baina oraindik erronkak geratzen direla. Historiaren zati hau kontatu diguten guztiek bat egiten dute gorroto diskurtsoen eta erasoen gorakadaz, eta argi dute LGTBIQ+ kolektibo guztiak bat egin behar duela horiei aurre egiteko. Beharrezkoa izango da, beraz, denon indarrak batzea borrokari eusteko, behin, aipatutako guztiek, beraiekin batera borrokatu zutenek, aurretik egon zirenek… eutsi zioten bezala.
Ander Prol Gonzalez
Kazetaria eta sexologoa @anderprolglez