1 minute read

Haur eskola eta familia elkarrekin lanean

Haur eskolan hezitzaile eta haurraren arteko harreman afektiboa sortzea ezinbestekoa da, haurrak seguru sentitzeko, beldurra gainditzeko, esploratu ahal izateko eta besteekin harremanak izateko. Azken finean beraien garapen prozesuan aurrera egiteko eta pertsona aske eta jatorrak izateko. Helburu hori lortzeko, eskola eta familiaren arteko harremana estua izatea ezinbestekoa da.

Familia eta eskolaren arteko harremana, Salestarrak Magale ikastetxeko haur eskolan ekaina bukaeran hasten da. Topaketa garrantzitsua da; familia eta irakasleen arteko lehen harreman momentua da, kezkak eta beldurrak adierazteko unea, irakasleek familien konfiantza irabazten joateko unea. Haurraren konfiantza irabazteko lehen pausua gurasoak seguru sentitzea da, topaketa hau iraileko familiarizazioan haurrekin lagunduko digun lehen pausua da.

Advertisement

Atxikimenduaren eraikuntza prozesuan, ezinbestekoa da sentikortasunez jokatzea, bai familiak eta baita hezitzaileak ere. Familiekin lan egiteko orduan, haiek bizi izan duten egoera ezagutu eta ulertzea ezinbestekoa da irakaslearentzat, elkarrekin hitz egin behar dugu. Irailean bi egunez familia eta irakaslea elkartzen gara eta haurraren inguruan hitz egin; haurdunaldia, erditzea nolakoa izan zenetik gaur egun arte haurraren garapena nolakoa izan den informazioa trukatzeko unea

“Zure Alboan” guraso eskola momentu aproposa da familien kezkak entzuteko eta beraiekin elkarlanean jarraitzeko. Eskolako irakasleek emandako hitzaldi eta saio ezberdinak daude, masajeak haur txikiei nola eman, haurrekin nola jolastu …. Horretaz gain, tarteka kanpoko profesionalak ere gonbidatzen ditugu (psikopedagogoak, pedagogoak…) gai ezberdinez hitz egitera: loaren inguruan edota elikaduraren inguruan. Helburua eskolako eragile ezberdinak, irakasle eta familiak beraien seme alaben hezkuntza bidean norabide berean elkarrekin lan egitea da.

This article is from: