4 minute read
Ibilbidea: Larreko San Lorentzo
Larreko San Lorenzo mendira
Iraupena: 55 min. Zailtasuna: erraza Desnibela: 129 m Distantzia: 2,6 km. Irteera: Gorosmendi
Advertisement
21Ibilbideak
Berastegiko Larre mendiak aukera ugari eskaintzen ditu igotzeko. Oraingoan autoz gerturatuko gara Gorosmendiko aparkalekura. Hala ere, ibilaldi luzeagoa nahi dutenentzat, herrigunetik abiatu daitezke. Kasu horretan, autobideko bidegurutzean Donostiako noranzkoa hartzeko zubia gurutzatuta, parean dagoen atakatik igoko gara, autobidera igo gabe. Aldapa luzea igo beharko dugu, kilometro ingurukoa, Gorosmendiraino iritsi arte.
Gorosmendiko aparkalekutik, ezkerretara pinudien artera doan bidetik jarraituko dugu. Segituan pasabide kanadiar bat gurutzatuko dugu, eta aldapan gora jarraituko dugu. Bidea nahiko maldatsua da, baina ez du galerarik. Ia amaiera iristen ari garela, iturria pasako dugu. Aparkalekutik, ordu erdi inguruan iritsiko gara Larreko mendi gainera.
Goraino iristean, lehenengo antenak dauden tokira ailegatuko gara. Ondoan dago Larreko postontzia. San Lorenzo ermitara joateko, eskuineko bidetik jarraituko dugu, eta minutu gutxian iritsiko gara. Pagoen baso txiki baten erdian dago baseliza.
Itzulera ermitaren atzeko aldean eskuinetara jaisten den bidetik egin dezakegu. Harrizko bide nahiko maldatsua da, eta igo garen bidearen erdialdera ateratzen da. Beste aukera, baselizaren atzealdean aurrerantz doan bidetik jaistea da, eta zuzenean Gorosmendira jaitsiko gara.
Inguruan
Gorosmendiko larreak
Azken urteetan Gorosmendi inguruan larre komunalak sortu dira. Berastegiko hainbat abeltzainek igotzen dituzte bertara uda igarotzera beren abereak. Ardiak, behiak eta behorrak maiatzaren 1etik aurrera igotzen dituzte, Gipuzkoako larreen irekierarekin batera, eta eguraldia hozten doan heinean, udazken amaieran, berriro jaisten dituzte etxe ondora.
Larreko San Lorentzo ermita
Larre mendian, pago baso baten erdian, dago kokatuta San Lorenzo ermita. Dokumentuen arabera XVI. mendean izan zen eraikia eta, kondairak dioenez, aingeruek eraiki zuten bertan, herritarrek herri gunean egin nahi bazuten ere. Horregatik, San Lorenzoren omenezko santutxo bat dago errepide ondoan. Abuztuaren 10ean, San Lorenzo egunean, meza ospatzen da bertan.
Gorosmendiko trikuharria
San Lorenzo mendia Belabietako mendilerroaren parte da, eta bertan historiaurreko hainbat aztarna aurkitu daitezke. Gorosmendin, San Lorentzo eta Ipuliño lotzen dituen lepoaren erdian, trikuharri bat zegoen, eta 600 metro ipar ekialderantz, Beibatari tumulua dago. Trikuharria Donostiako ADA taldeak aurkitu zuen eta ez da industu; hala ere, 1986an pista bat eraikitzerakoan tumuluaren hego ekialdean zegoen harlosa desagertu zen, pista bat eraikitzerakoan makinak suntsituta.
Errotarrien harrobia
Larre menditik Belabieta aldera jarraituz, antzina errotarriak ateratzeko harrobia ikusi daiteke. Errotarriak harrobian bertan egiten zituzten, eta ondoren behar zuten lekura garraiatzen zituzten. Hori dela eta, toki batzuetan egiten zituzten bitartean hautsitako harriak aurkitu daitezke. Harrobia bidearen eskuinaldean dago eta erraz ikusi daitezke borobil forma emandako harriak.
Txomin Garmendia, bertsolaria
Ezagutu ditugun aurrerapenak
Sarritan keja gera noski, gure izaeraz; baiña bizi laburrean zenbat aurreratu degun konturatzen ote gera bear bezela?
Gogoratzen zaizkidan aurrerapenez osatu nai nuke gaurko berriketa aldia. Irakurle, barkatu gogoan dezunen bat ez badet aipatzen.
Garai batean, nola kalean ala baserrian maiztarrak giñan geienak; gaurko maiztarrak, berriz, errez kontatu leizkela esan bear, zorionez.
Soiñeko eta erropa garbiketaz zer esan? Gaur sukaldeko garbigailluari botoi batzuk sakatu eta kito. Gertuenera zegon errekara garbiketak egitera joaten zirenak, gaur ainbat dutxa gabe biziko ziran.
Bide lokaztu aiek nola aztu? Gaur pamilirik ez da egongo kotxe eder bat ate ondoan ez daukanik. Adibidez, baserririk urrutienean aur bat jaio bear dula-ta, emakume ori laister izango da bear dan lekuan.
Oporrak, ondartzak eta beste atsedenaldi asko, aberatsak bakarrik izaten zituzten, gaur?
Karrerako gizonak, praile batzuk izan ezik, aberatsan umeak izaten ziran, gaur, sendagille, ingeniero eta abar, langille soil baten semealabak ikusi litezke.
Lantoki baten atarian nagusiaren kotxea eta langillearena ez dira nabarmenduko. Bizikleta zan langillearen kotxea; gaur txirrindua kirolerako izaten da.
Gaur, argi-indarretik asita etxebizitzan langille batek dauzkan baino aurrerapen geiago ezin lezazke aberats batek. Nun dira karburu, kinke, argizai eta kandela aiek? Orain sortu zaigu berriz, ortik onerakoa, ordenadore edo internet orrekin! Gaur ez dago suak ez dula indarrik artzen da auspo bearrik.
Saski bat bazan, ‘lepasaskia’ izena zuna, eta izenak esaten du zertarako zan. Baserriko arbi eta abar, saski oien bitartez bizkarka ekarrik ziran; da emakumeak buruan erabiltzen zituzten zama aiek? Gaur etxegintza batean, tabloi bat ez da artzen bizkarrean; orduko grua gizona izaten zan eta kito. Gaur gizakia len baiño geiago azi eta zartzen dala...? Ez naiz harritzen. Garai bateko langintza asko kirolan bidez bizi zaizkigu eta aurrera.
Gazteantzat eta zarrontzat bi aurrerapen etorrita daudela ere esan bearko degu-ba: gazteantzat, soldaduskara joan bearrik eza eta zarrontzat, telebista. Zaar, gaixo, ezindu asko nola bizi bestela?
Oiek guztiak ala izanik, konturatzen al gera bear bezela aurrerapen mirari oiekin? Adibidez, Amerikan jokatzen ari dan partidu bat bertatik bezela etxetik ikustea?
Sagardoteguko amon batek esan zidana enbotellatzeko makinari begira, ez ote gaude esan bearrean? «Makina au sortu zunari Jainkoak zerua emango al zion beintzat».
Larrosa danak arantzadunak eta aurrerapen oiek ere bat: aurrekontua eta langabezia noski, zorrotzenak.
Alegiñean saiatua naiz aurrerapenak esaten, irakurleak ez dakit ondo konturatuak zeraten; lotsarik gabe esan nai nuke zer pentsamentu daukaten: lanikan asko badaukagula
Jaunari eskerrak ematen.