1 minute read
Naturaren erronkei aurre egiteko etxe berria
Martxoan aurkeztu zen Naturklima eraikina, klima aldaketari erantzuteko
Agurtzane Núñez Yarza
Advertisement
Klima aldaketa egunerokotasun handia duen gaia da. Pixkanaka horri aurre egiteko urratsak ematen ari gara gizarte bezala, energia-efizientzia eta materialen berrerabilpenarekin. Gipuzkoan Naturklima Klima Aldaketaren aurka Borrokatzeko Fundazioa sortu zen eta joan zen martxoan egoitza berria inauguratu zuten Zubietan (Donostia).
Naturklimaren helburuak egoitzako eraikinean islatu dituzte eta eraikin berria Euskadin ‘passiv house’ eraikuntza estandarren arabera egin den lehendabiziko eraikin publikoa da. Horrek ia emisio kutsakorrik ez duela adierazten du. Fundazioaren egoitza izateaz gain, Gipuzkoarako hazkunde ekonomiko jasangarriko estrategia bat sustatuko du, eta klima aldaketaren aurka borrokatzeko politikak zentralizatuko ditu. Fundazioa 2019an sortu zen eta orain arte Miramonen eduki du egoitza. Aurrerantzean, Zubietako Eskuaitzeta poligonoko eraikin berrian lan egingo du.
‘Passiv house’ eraikin motak 1980ko hamarkadan sortu ziren Alemanian. Ahalik eta energia-kontsumo gutxiena izateko etxeak sortzea zen helburua, eta beren ezaugarri nagusietako bat berokuntza sistema aktiborik behar ez izatea da. Hau da, energia lortzeko zein eraikina berotzeko eguzkiaren indarra erabiltzen dute, bertan bizi diren pertsonek sortutakotik eta hondakinairea berreskuratzetik hornitzen baitira.
Horrela, Naturklima eraikina klimaren aldeko ekintza etxea bezala bataiatu dute Gipuzkoako Foru Aldunditik. Helburu nagusia probintzian klima aldaketaren ondorioz kaltetuak gera daitezkeen ingurumena eta bizi-kalitatea hobetzea da, horretara bideratutako ekimenak sustatuz.
Besteak beste, eraikin berriak ekintzaileentzako eta negozio ildo berritzaileentzako co-wor- king guneak izango ditu, garatzen dituzten proiektuen erakustoki izango direnak, baita tailerrak eta nazioarteko lantegi edo tailerrak garatzeko guneak, eta prestakuntza, hedapen eta sentsibilizazio lanetarako auditorium bat.
Guzti hau aurrera eramateko, Naturklimak hainbat ekimen sustatuko ditu bere baitan, besteak beste, Gipuzkoako Klima Aldaketaren Behatokia, Ekonomia Zirkularraren Hub-a, Trantsizio Energetikoaren Hub-a, Klima Aldaketarako Ikasgela eta Baterien ekosistema zirkular berria. Behatokiak, adibidez, adierazle klimatikoen jarraipena egin eta horiek gipuzkoar natura ingurunean eta arlo sozioekonomikoan dituen ondorioak aztertuko ditu.
Bestalde, ekonomia zirkularraren hub-ak lehengai naturalen erabilera murrizteko bideak aurkitzea du helburu birziklatzetik sortutako lehengaiak ikertuz, besteak beste, ekodiseinua eta produktuen bizitza zikloa luzatzeko proiektuak sortuz. Trantsizio energetikoaren hub-ak, berriz, egungo energia eredutik energia-berriztagarrietan oinarritutako eredu baterako aldaketa sustatzea du helburu.
Gainera, eraikin berriaren kanpoaldean berdegune bat dago, coworking eremuaren hedapen bat izan nahi due - na, eta eraikinak sortzen duen CO2aren hustubide naturala izango dena. Bertan, baso didaktiko bat osatu da, zuhaiztia eta lorategi botaniko batek osatua. Bertako lau zuhaitz mota nagusiak landatu dira zuhaitz horien garrantzia azpimarratzeaz gain Gipuzkoako klimara hobe - kien egokituta daudenez CO2a modu eraginkorragoan xurgatzen lagunduko dutelako. Nazioarteko akordioen arabera, 2050 urterako isurketak ehuneko 90ean jaitsi beharko dira, eta geratzen den ehuneko 10 hori xurgatzeko bertako basoen ekarpena beharrezkoa izango da.