1 minute read

Oiangun barrena ibilaldia

Ordiziako Oiangu aisialdi-gunearen sarrerako aparkalekuan hasiko dugu ibilbidea. Aparkalekuaren goiko aldean, sarrerako atearen ondoan dagoen txabolaren atzetik ateratzen den mendi-bidetik joango gara. Ibilbidea ia laua da hasieran.

Bost minutu inguruan, Oiangu baserriaren ondotik igaroko gara, lehenengo bidegurutzera iritsiz. Aurrerantz jarraituko dugu, Altamirako putzurantz. Ezkerreko bidea Ordiziako Altamira auzora jaisten da. Beheranzko bidea jarraituko dugu, eta beste bost minutu inguru ibili ondoren, Altamira putzura iritsiko gara. Segituan egurrezko zubitxo batekin topo egingo dugu. Ezkerretara utzi eta aurrerantz jarraituko dugu bidetik, urmaelari buelta osoa emanez. Bidean menditik datozen errekak gurutzatzeko beste bi pasabide aurkituko ditugu. Bigarrenaren ondoren, hasierako egurrezko zubira gerturatuko gara, baina aurrerantz pixka bat gorantz doan bide estutik joango gara.

Advertisement

Hasierako koska igota, segituan hasiko da beherantz bidea, eta desnibel nahiko duen zatian aurrera egingo dugu. Euria egin badu pixka bat kontuzago jaitsi beharko dugu, bidearen erdira erori den zuhaitzaren gainetik pasatzerakoan bereziki.

Bidea Okorro erreka gurutzatzerakoan bukatzen da, bidegurutze batera helduz. Eskuinerantz segituz Altamira auzora iritsiko gara, baina oraingoan aurrerantz basoan zehar igotzen den mendibidetik jarraituko dugu.

Igoerako bide estua, suebaki batean bukatzen da, argindarreko goi-tentsioko poste baten ondoan. Ezkerretara segituko dugu, bidean gora, eta segituan hasierako bidegurutzera iritsiko gara. Eskuinerantz jarraituko dugu Oiangu parkeko kanpoaldetik, eta minutu gutxian iritsiko gara irteerako puntura.

Iraupena: 45 min.

Zailtasuna: erraza

Desnibela: 40 m.

Distantzia: 1,5 km.

Irteera: Oiangu

This article is from: