3 minute read
Inguruan
Altamirako putzua
Basoaren erdian uretara egokitutako habitata jasotzen dute bere baitan putzuek, bai animaliak zein landareak. Altamirako putzua jatorriz artifizialki sortu bazen ere, errekaren ibilbidea mugatuz, habitat berezia sortu du eta biodibertsitatearen kontserbaziorako gure berezia da. Duela urte batzuk udalak Aranzadi zientzia elkarteko kideekin elkarlanean, garbitu eta egokitu zuen hainbat hamarkadetan bere inguruan sortutakoa mantentzeko. Izan ere, uretara egokitutako landaredia, xipa-belarra edo urzain-belarra esaterako, edota anfibio zein intsektuen bizilekua da, igelak edota sorgin-orratzak kasu.
Advertisement
Haltzadia
Urmaelaren ingurua animalientzat bizileku berezia izateaz gain, landaredia ere bertako hezetasunera egokitutakoa da. Hori da haltzen kasua, izan ere, putzuen inguruan hazten den zuhaitz mota baita, ia beharrezkoa baitu sustraiak uretan edukitzea. Haltzadiak osatzen duten habitat propioa dela eta, Europar Batasuneko Habitaten zuzentarauak babesten ditu.
Oianguren baserria
Oiangu atsedenlekua udal jabetzakoa da duela hainbat hamarkadatatik. Bi baserri daude lursailan, Oianguren Haundi eta Oianguren txiki. Bertako historia ia ezezaguna bada ere, Oianguren baserrian dagoen plaka batek gogoratzen du bertan jaio zela Andres de Urdaneta apaiz eta nabigatzailea. Hala ere, guztiz konfirmatu gabeko datua da, herrigunean bizi izan zeneko zantzuak ere badirelako. Urdanetak ez zuen apaizgintzan gehiegi sakondu, baina nabigatzaile eta kosmografo ospetsua izan zen. Berak aurkitu zuen, esate baterako, ‘tornaviaje’ edo Urdanetaren itsasbidea deiturikoa, ozeano Pazifikoa gurutzatzen duena Filipinetatik Mexikoraino.
Udaberriaren etorrerarekin batera atera ohi dira San Jose loreak baso eta zelaietan. Primulen familiako landareak dira, eta izenak dioen bezala, martxoaren erdialdera udaberria hasterakoan loratzen dira. Dendatan gaur egun ia edozein koloretakoak aurkitu daitezkeen arren, bertako basoetan hazten direnak lore hori argiak eduki ohi dituzte, barrualdean hori biziagoa dutelarik. Hostoak zein loreak jangarriak dira eta antzina sustraiak medikuntza natural bezala erabiltzen ziren propietate lasaigarri eta antiespasmodikoengatik.
Zer da ba eguraldia? Gauza natural bat bezala ikusi izan dut beti. Gure bizitzarekin loturik dagoen zerbait. Oso premiazkoa gainera. Hainbat modutara gure gain eragina duena. Arnasten dugun bakoitzean eguraldia xurgatzen dugu.
Eguraldia espektakuloa eta peskiza. Eguraldia ikuskizuna eta etorkizuna. Zer daukagun eta zer etorriko ote zaigunaren kinka. Naturaren dinamika markatzen duena. Ez da gizakiok egiten duguna baina bai jasaten edo gozatzen duguna. Eguratsa edo atmosfera eguraldia da edo hori bere larre lekua. Hortik elikatzen da. Eta eguraldia dugu bizitzaren makulua. Ezin bestekoa gainera. Hori gabe ez lukete existituko ez landara eta ez animali.
Naturaren zatirik garrantzitsuena dugu beraz eguraldia. Batzuetan animatu eta besteetan tristatu egiten gaitu. Uneoro geurekin daukagu nolabait. Horri bai esan diezaiokegula «zu gabe zer egingo nuke nik». Beti izango zen aipagai eguraldia baina orain askotan bihurtzen da notizi. Informazioetarako medioek ederki astintzen duten gaia da alajaina. Agian batzuetan gehiegi ere bai, baina gai sanoa dela ere esan dezakegu.
Nik nire baitan ez dut horrela sumatu behin ere. Gauza interesantea baina naturala iruditu izan zait eta ez aparteko albiste gai egunero. Elkarrekin komentariotxo bat edo beste egunean zehar, lagun bezala hartuta. Baina betiko galdera geure buruari. Ze eguraldi egingo ote du gerora? Gutxi edo gehiago, nola edo hala asmatu egin nahi. Sekulako garrantzia baitu kasu askotan eta, gutxi edo asko, ia beti. Lehen esan bezala, eguraldiaren barnean bizi gara guztiok eta bere atzaparretan gauzka. Jan edo edan gabe egon gintezke egun batzuetan baina arnastu gabe oso denbora gutxian biziko gara. Niretzako oso gauza sinpatikoa da baina ez nintzake eguraldi zaletu porrokatua izango. Izan ere horrela ez litzake ikusmira naturala izango. ‘Kaixo eguraldi’ diotenean trumoi konkor edo hodei gandorren batetik ‘kaixo Joxe’ erantzuten sumatzen dut. Kasu gehiegi ez genioke egin behar baina kasurik batere egin gabe sekula utzi ere ez.
Batzuetan disfrutatu egiten dugu berarekin eta beste batzuetan sufritu ere bai. Batzuetan espektakulo eta ikuskizun politak eskaintzen dizkigu eta beste batzuetan egoera amorragarri eta aspergarria hartzen du. Bustia edo lehorra, hotza edo beroa, haizetsu edo bare. Presioa goian edo behean. Borraska edo antizikloia. Hezetasuna edo aire lehorra. Haizea airea mugimenduan.
Euria hezetasuna tanta bihurturik. Elurra, lurrin izoztua, tanta edo maluta bihurturik.Txingorra euri tantak izoztuak. Elur pinporta txingor aleari lurrin izoztua erantsita. Tximista edo tximist-orratza eguratsaren elektrizitatearen desoreka edo pilaketa.
Tximistak eta trumoiak aireari eragiten zaizkion urraduraren eragina eta zaratak izaten dira ele - ktrizitateak parte hartzen duelarik. Ekaitza deitzen zaie horrelako erasoei hodei multzoak tontorturik sortzen diren elementu bereziak direlarik.
Euri motak: tantak handiak, tantak ertainak, tantak txikiak, lanbro-euria, zaparradak, etenik gabeko jardunean, euri-bisutsa, euri-jasa eta erauntsi horien mota batzuk gizenduaz sortzen diren pilaketa makurrak izan ohi dira horiek.
Hotzarekin edo beroarekin berdin sortu daitezke trumoizko erauntziak tanta izoztuak ere izan daitezke, txingorra edo harria deitzen zaielarik eta lur aldeetan kalteak eragin ditzakete bazterrek apurtuaz.