2 minute read
Eider Sanchez
from Ikasten 116
by web urola
Urola Ikastola BHI
Eider Sanchez, Urola Ikastolako batxilergoko 2. mailako ikaslea, Gaztea Cover lehiaketa irabazteko atarian gelditu zen pasa den apirilean. Finalera iritsi zen Ainhoa Arroitajauregi, Maria Izaga eta Alaitz Artolarekin batera, eta Vetusta Morla taldearen 23 de junio abestu zuen online galan. Ainhoa Arroitajauregiri eman zion saria Maialen Gurbindok, Iñigo Etxezarretak eta Leire Letuk osaturiko epaimahaiak. Entzulearen saria Maria Izagak lortu zuen, eta Sanchez hirugarren lekuan gelditu zen 193 botorekin.
Advertisement
Lehen aldia da halako lehiaketa batera aurkezten zarena?
Bai. Hasieran buelta dezente eman nizkion, baina azkenean animatu egin nintzen, edo animatu egin nindutela esan beharko… Izan ere, buruan neukan ideia, baina lagunei komentatu eta haien animoei esker aurkeztu nintzen. Azken batean, abestia igo besterik ez zen egin behar. Gero, aurkeztu ginen berrehun horietatik hogei aukeratu gintuzten. Eta, azkenik, hogei horietako lau pasatu ginen finalera: bi hautagai boto bidez eta beste bi epaimahaiak hautatuta. Nire aukeraketa epaimahaiak egin zuen.
Nolakoa izan da prestaketa?
Abestia lehendik nekien, beraz, aparteko prestaketarik ez dut egin. Musika eskolara joaten naiz eta han landu izan dut bai ahotsa eta bai pianoa, etxean ere entseguak egin ditut… Baina ez dut halako prestaketa berezirik egin lehiaketarako.
Zergatik abesti hori?
Zalantzan ibili nintzen pare bat astean, abestia ezin erabakita. Etxean abestiak probatzen ari nintzela, amak 23 de junio entzun eta asko gustatu zitzaion. Gainera, ekainaren 23a aitonaren urtebetetze eguna denez, agian zortea emango zidala esan zidan, eta horixe aukeratu nuen azkenean. Gustura nago egin nuen aukeraketarekin.
Espero zenuen finalera pasatzea?
Ez, ezta hogei sailkatuen artean egotea ere. Lagun baten bitartez jakin nuen hogei horien artean nengoela. Finalera sailkatu nintzela ere kanpotik jakin nuen… Ez nuen inondik inora espero. Ikaragarrizko maila zegoen hogei sailkatu horien artean ere, beraz, ez nuen imajinatzen urrunago iritsiko nintzenik.
Hala ere, finalera. Zergatik uste duzu pasatu zinela? Zer eskaini duzu zuk zure abestiarekin finalera iritsi ez zirenek eskaini ez zutena?
Abestia bera, nik uste. Jendeak ez zuen ezagutzen, horrek harritu nau gehien. Oso abesti berezia da eta jendeari asko gustatu zaio. Noski, abesteko moduak ere izango du zerikusia finalera iristearekin…
Publikoaren bozketari dagokionez… propaganda egin duzu inguruan botoak lortzeko?
Bai, noski. Lagunei aritu naiz bozkatzeko esaten, lagunek ere jardun dute beren lagunei esaten, gurasoek ere bai beren lagunei, sare sozialen bitartez ere egin dut propaganda… Partaide guztiek egingo zuten bezala, azken batean.
Nolakoa izan da esperientzia?
Oso urduri nengoen. Telebistakoak etxera etorri ziren lehiaketa baino hiru ordu lehenago. Hango fokuak, kamarak… Ezin izan nuen arratsalde osoan entseatu guztia konektatuta zegoelako. Gero, epaimahaikoek hitz egiten zidaten baina nik ez nituen ikusten… Guzti horrekin oso orduri jarri nintzen. Eta, gainera, biharamunean azterketa nuen. Esan behar dut emaitzarekin ez nintzela gustura geratu: urduriegi nengoen, eta ez nuen abestu nahi bezain ondo.
Ezer aldatu dizu lehiaketa honetan parte hartu izanak?
Bai: biharamunean Vetusta Morla taldeak nire bideoa igo zuen sareetara, eta jende askok idatzi zidan. San Agustin kul-