5 minute read

PROTAGONISTAK Batxilergoko 2. mailako ikasleekin solasean

BATXILERGOKO 2. MAILAKO IKASLEEKIN SOLASEAN

Urola Ikastola BHI

Advertisement

Batxilergoko 2. mailan dauden ikasleei batxilergo konplikatua egitea tokatu zaie, bai iaz eta bai aurten. Itxaso Pineda, Oier Alonso, Unai Elias eta Sarai Aranburu ikasleekin bildu gara pasatako bi urte hauetaz eta etorkizunaz hitz egiteko.

Nola gogoratzen duzue iazko ikasturtea?

Unai: Akademikoki ondo, baina erreta amaitu genuen. Psikologikoki eragin handia izan du gugan. Irakasleekin harremana ere ez da erraza izan, eta gainezka ibili gara: lanak, kontrolak… Itxaso: Irakasleek ahal zutena egiten zuten, baina guztiak ez ziren ondo moldatu. Eta zenbait ikasgai iaz ondo eman gabe gelditu ziren… Erreta bukatu dugu. Oier: Ondo hasi genuen iazko ikasturtea, baina konfinatu ginenean gauzak asko zaildu ziren. Zenbait irakasle saiatzen ziren, beste batzuk gutxiago… Gero, aurten, asko entzun dugu: “hori iaz emanda dago”. Baina hori nola eman da? Sarai: Agian irakasle horrek dena eman zuen, baina egoera medio, agian, ez zen ondo jasota gelditu gure aldetik. Hutsune handiak izan ditugu ikasturte honetan.

Ikasgai askotan, iaz, azterketen ordez lanak egin zenituzten. Zuen mesederako jokatu du horrek?

Oier: Berrogeialdian lana egunero egin zuenak seguru nota hobetu zuela. Baina, nire moduan, ikasturtea lasai samar hasi eta erritmoa hartzea kostatu zitzaigunoi nota ez zaigu gehiegi aldatu, nik uste. Sarai: Nik egoerari esker nota dezente igotzea lortu dut. Lanak guztiz egunean eraman ez arren, beti entregatzen nituen, eta asko igo zait nota. Itxaso: Nik ere uste dut baietz, batxilergoko lehenengo mailan hain nota ona berrogeialdiari esker atera dudala. Lanekin azterketekin baino hobeto moldatzen naiz, eta lan pixka bat eginda, nota hobea lortzeko aukera izan dut.

Autonomia garatzeko behintzat baliagarria izan zen iazko egoera?

Oier: Konfinamendu hasieran inork ez zuen espero hala jarraituko genuenik ikasturte osoan. Beraz, batzuk hasieran oso lasai egon ginen, gero eskolara itzuliko ginelakoan… Baina, denbora aurrera, guztia gainera zetorren eta jakin genuen ez ginela eskolara itzuliko. Beraz, hasi behar izan genuen lanean. Eskertzekoa da irakasleek azalpenekin bideoak bidali izana, baina lan asko bidaltzen ziguten, eta ez geunden horrela lan egitera ohituta. Ezinezkoa da etxean bederatzi ordu liburuen aurrean egotea, eta hori ulertzea falta izan zaie irakasle askori. Sarai: Hori da: ariketa berberak gelan edo etxean egin, ez da gauza bera. Etxean askoz gehiago distraitzen ginen, edo ulertzeko denbora gehiago behar genuen… Azkenean, denbora gehiago behar genuen lan hori egiteko. Bestalde, aipatu behar dut iazko egoera horrek norbere kabuz lana egitera bultzatu gintuela, lanean autonomoago izatera. Horrek nire jarrera behintzat aldatu du, eta neure lanketa pertsonal horrekin jarraitu dut aurtengo ikasturtean ere. Itxaso: Konfinamendu hasieran ezin iritsita ibili ginen. Irakasle bakoitzak bere lanak ematen zituen, eta gu ezin iritsita. Plangintza garrantzitsua izan da, baita aurten ere. Alderdi hori ondo garatu dugu.

Autonomiaz gain, beste zer alderdi garatu duzue konfinamenduari esker?

Unai: Egia da autonomia garatu dugula, baina taldeko lana planifikatzen ere lagundu digu konfinamenduak… Bakoitzak bere aldetik jarri behar izan du, noski, baina ez ginen beti iristen epearen barruan lanak entregatzera, eta taldean ere aritu behar izan dugu. Sarai: Nik asko landu dut arlo teknologikoa. Asko ikasi dut ordenagailuei buruz. Egia da, ordea, egun osoa pantailen aurrean pasatzen genuela, ordenagailua eskola-orduetan, gero mugikorra… Dena den, nik Wifiarekin arazo handiak izan ditut, eta ez naiz izan bakarra. Nire kasuan, hilabetez egon ginen etxean Wifirik gabe, mugikorrarekin nola-hala moldatuz. Irakasle batzuek ez zuten sinesten… Konplikatua izan zen.

Aurtengo ikasturtea nola bizi izan duzue? Konfinatzea tokatu zaizue?

Itxaso: Ni hogei egun egon naiz konfinatuta: lehenengo hamar eta gero beste hamar. Mate ordenagailuz jarraitzea niri ezinezkoa egiten zait. Eta egunean egunekoa jarraitzen ez baduzu, galdu egiten zara. Garrantzitsua, beraz, lehen esan dugun bezala, plangintza eta norbere lana. Irakasleak saiatu dira guri ikasgaiak online eskaintzen, baina oso zaila izan da niretzat horrela klasea jarraitzea. Gainerako ikasgaiak Mate baino errazago jarraitu ditut, arbela ez delako hainbeste erabiltzen. Oier: Etxean konfinatuta bideo-deietatik klasea jarraitzea ezinezkoa da. Irakaslea saiatuta ere, bi kamera jarrita ere, oso zaila da. Gelan dagoen ikasleren batek hitz egiten badu ez diozu irakasleari entzuten, eta azalpenetan ari denean ez diozu moztu nahi ondo entzun ez duzulako bakarrik. Beraz, oso zaila izan da jarraitzea. Sarai: Ikastetxean ez dago hainbeste baliabide hori ondo egiteko. Partekatu daitezkeen arbel digitalak, kalitatezko kamarak edota mikroak… Hori guztia falta da. Zortez, ni ez naiz egon konfinatuta, baina baditut lagunak oso galduta egon direnak. Autosufizientea ez bazara, akabo.

Hemendik kanpo lagunekin egoteko aukera handirik ez duzue izan…

Oier: Ni astero egoten naiz lagunekin. Beste ezer egin ezin genuenean ere, kalean buelta bat emateko bada ere gelditzen ginen, etxean ez egotea zen kontua. Sarai: Ez zait gustatzen arratsalde osoa tabernan pasatzea, beraz, mendira eta joan izan naiz, edo gurasoei lagundu, autoan buelta bat eman… Itxaso: Ni ere gutxi irten naiz, baina ikasketak ondo eraman nahi nituelako. Horrek suposatzen du etxean denbora asko igarotzea. Buelta bat ematera irten naiz, tabernara batzuetan… Baina burbuila baten barruan, Azpeititik asko irten gabe. Unai: Itxasok dioen modura, 2. batxilergoan nota onak atera nahi badituzu, orduak sartu behar dira. Aukerak asko murriztuta zeuden, beraz, tarteka kirola egitera joaten nintzen… Baina ez zegoen ez aukerarik ez denborarik deskonektatzeko.

Selektibitatea iritsi eta konfinatuta egoteak ez dizue beldurrik ematen?

Sarai: Azterketa aurreko astean gurasoekin egoten jarraituko dut, baina gainerako kontaktuak murrizten saiatuko naiz. Ahal den neurrian jendearekin egotea saihestuko dut. Oier: Nik ez dut nire bizimodua horregatik aldatuko. Gainera, badakit eguna gerturatu ahala deskonektatzeko beharra handiagoa izango dela. Itxaso: Nik nahiago dut etxean gelditu azken egunetan. Ez dut selektibitatea bigarren aukerarako utzi nahi, ez ditut nire aukerak murriztu nahi. Etxean geldituko naiz beraz. Unai: Azken zazpi-hamar egunetan ez daukat irteteko asmorik. Asko ari gara jokatzen. Egoera honetan irtenda ere, ez dut uste lasai egongo nintzatekeenik.

Nola ikusten duzue etorkizuna eta unibertsitatea?

Sarai: Nik Manresara joateko asmoa daukat Automobilgintzaren Ingeniaritza ikastera. Baina han online ari omen dira eskolak ematen, eta ez daukat haraino joateko gogorik gero ikasketak online egin behar baditut. Ea ikasturte osoa ez den horrela joaten. Itxaso: Ni optimista naiz. Laster talde-immunitatea lortuko dugulakoan nago. Nik ere Bartzelonara joan nahi dut, Medikuntza edo osasun-arloko beste zerbait ikastera, notaren arabera. Unai: Ni ere optimista naiz. Ez dakit oraindik Ingeniaritza Industriala bakarrik edo Ingeniaritza industriala eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradu duala egin. Baina hemen egingo dut, Donostian edo Bilbon. Oier: Nik Donostian egin nahi ditut ikasketak, Informatika Ingeniaritza. Pilotan jokatzen dut Zestoan, eta, ahal balitz, han jarraitu nahiko nuke. Horregatik nahi dut ikasketak Donostian egitea.

Eskerrik asko lauroi eta zorte on etorkizunean!

This article is from: