ikasten
Protagonistak
BATXILERGOKO 2. MAILAKO IKASLEEKIN SOLASEAN Urola Ikastola BHI Batxilergoko 2. mailan dauden ikasleei batxilergo konplikatua egitea tokatu zaie, bai iaz eta bai aurten. Itxaso Pineda, Oier Alonso, Unai Elias eta Sarai Aranburu ikasleekin bildu gara pasatako bi urte hauetaz eta etorkizunaz hitz egiteko.
Nola gogoratzen duzue iazko ikasturtea? Unai: Akademikoki ondo, baina erreta amaitu genuen. Psikologikoki eragin handia izan du gugan. Irakasleekin harremana ere ez da erraza izan, eta gainezka ibili gara: lanak, kontrolak… Itxaso: Irakasleek ahal zutena egiten zuten, baina guztiak ez ziren ondo moldatu. Eta zenbait ikasgai iaz ondo eman gabe gelditu ziren… Erreta bukatu dugu. Oier: Ondo hasi genuen iazko ikasturtea, baina konfinatu ginenean gauzak asko zaildu ziren. Zenbait irakasle saiatzen ziren, beste batzuk gutxiago… Gero, aurten, asko entzun dugu: “hori iaz emanda dago”. Baina hori nola eman da? Sarai: Agian irakasle horrek dena eman zuen, baina egoera medio, agian, ez zen ondo jasota gelditu gure aldetik. Hutsune handiak izan ditugu ikasturte honetan. Ikasgai askotan, iaz, azterketen ordez lanak egin zenituzten. Zuen mesederako jokatu du horrek? Oier: Berrogeialdian lana egunero egin zuenak seguru nota hobetu zuela. Baina, nire moduan, ikasturtea lasai samar hasi eta erritmoa hartzea kostatu zitzaigunoi nota ez zaigu gehiegi aldatu, nik uste. Sarai: Nik egoerari esker nota dezente igotzea lortu dut. Lanak guztiz egunean eraman ez arren, beti entregatzen nituen, eta asko igo zait nota. Itxaso: Nik ere uste dut baietz, batxilergoko lehenengo mailan hain nota ona berrogeialdiari esker atera dudala. Lanekin azterketekin baino hobeto moldatzen naiz, eta lan pixka bat eginda, nota hobea lortzeko aukera izan dut. Autonomia garatzeko behintzat baliagarria izan zen iazko egoera? Oier: Konfinamendu hasieran inork ez zuen espero hala ja-
rraituko genuenik ikasturte osoan. Beraz, batzuk hasieran oso lasai egon ginen, gero eskolara itzuliko ginelakoan… Baina, denbora aurrera, guztia gainera zetorren eta jakin genuen ez ginela eskolara itzuliko. Beraz, hasi behar izan genuen lanean. Eskertzekoa da irakasleek azalpenekin bideoak bidali izana, baina lan asko bidaltzen ziguten, eta ez geunden horrela lan egitera ohituta. Ezinezkoa da etxean bederatzi ordu liburuen aurrean egotea, eta hori ulertzea falta izan zaie irakasle askori. Sarai: Hori da: ariketa berberak gelan edo etxean egin, ez da gauza bera. Etxean askoz gehiago distraitzen ginen, edo ulertzeko denbora gehiago behar genuen… Azkenean, denbora gehiago behar genuen lan hori egiteko. Bestalde, aipatu behar dut iazko egoera horrek norbere kabuz lana egitera bultzatu gintuela, lanean autonomoago izatera. Horrek nire jarrera behintzat aldatu du, eta neure lanketa pertsonal horrekin jarraitu dut aurtengo ikasturtean ere. Itxaso: Konfinamendu hasieran ezin iritsita ibili ginen. Irakasle bakoitzak bere lanak ematen zituen, eta gu ezin iritsita. Plangintza garrantzitsua izan da, baita aurten ere. Alderdi hori ondo garatu dugu.
22