2 minute read
ALKATEAREN AGURRA
from Bermeo Fiestas 2021
by editorialmic
Bermeotarrok hastapenetik islatu dogu geure herriaren izena historia-libururik garrantzitsuenetan . Andra eta gizon adoretsuak, kresalez jantziak, auzokoa zein bisitaria esku-zabalik hartzen dakitenak eta unerik latzenetan be, aurrera egiteko gaitasuna behin eta barriz erakutsi dabenak; holakoak gara bermeotarrak .
Hainbat eta hainbat dira historian zehar bermeotarrok eginiko lorpenak, baina nazinoartean ezagutzera emon gaituzan
Advertisement
bi aipatu gurako neukez bereziki . Orain 500 urte Magallanes buru izan eban espezieen uharteetarako espedizioan parte izan ginan bermeotarrok . 1519an gure herriko zazpi itsas-gizonek Andaluziarako bidea hartu eben bertan, Sanlúcarren, Moluka uharteetarako bidaiari hasierea emoteko . Zazpi gizonetatik bik, -Juan de Acurio kontramaisuak eta Pedro de Chindarza “txo”ak-, 3 urte beranduago (1522an), bueltan etortea lortu eben J .S . Elkano buru izan eban tripulazinoan munduari lehenengoz buelta osoa emon ostean .
Argi dago Bermeo bere portuaren inguruan bizi eta hazi izan dan herria dala . Arrantzale, neskatila eta kontserberetako langileak Kantauri itsasoari estuki lotuta bizi ziren . 1956 . urteko neguan, ordea, euskal-portuak arrantza krisia bizi eben . Hori holan izanik, zenbait bermeotar ekintzailek 20 metrotik beherako itsasontzietan Afrikako kostalderantz joatea erabagi eben atunaren arrantzan . Berrogeita hamar egunez arrantzan egon ostean etxeratu ziran, eta orduz geroztik nazinoarteko uretan dihardute gure arrantzaleak . Itsasontziak egokituz, teknikak zorroztuz eta trebezia handituz orduko ekintzaile horiek hasiriko bidea urratuz joan gara bermeotarrak . Gaur gaurkoz, arrantza-praktika jasangarriengatik Bermeoko atunontziflota erreferentziazkoa da nazioartean, eta hori gitxi balitz lez, mundu mailan arrantzatzen diran tunidoen %10a Bermeoko itsasontziek egiten dabe . Gertakari honeek agerian ixten dabe, beraz, unean une geuk idazten dogula geure historia .
Orain beste momentu historiko bat bizitzea egokitu jaku . Osasun-krisi honek gure egunerokotasuna hankaz gora jarri badau be, beste behin, egoerarik latzenean aurrera egiteko kemena eta ilusinoa daukaguz .
Aurten be Andra Mari eta Santa Eufemia jairik ez ospatzea egokitu jaku, baina pandemiari aurrea hartzeko ahalegina egiten jarraitu behar dogu indarrean dagozan osasun eta segurtasun neurriak betez . Bermeotarrontzat hain bereziak diran egunok baliatu daiguzan orain arte egin dogun esfortzuaz hausnartzeko, hainbat eta hainbat herrikidek bizi izan dabezan zailtasunez gogoeta egiteko, eta zelan ez, osasun-krisi honen ondorioz gugaz ez dagozanak gogoan izateko .
Idatzi daigun, bada, geure historiaren kapitulu barri hau arduratik eta alkartasunetik .
“Eta elkartuko gara berriro, gure betiko lekuetan, zabalduko ditugu besoak, besarkatuz gure arimak…” .
Eutsi Bermio eta bermiotarrak!
Aritz Abaroa Cantuariense
Bermeoko Alkatea