5 minute read
TXO ETA GIZON-MUTILEK
from Bermeo Fiestas 2021
by editorialmic
Iñaki Garro
Itzulpena: Jose Muruaga
Advertisement
Bermeo aitatzean itsasoagazko loturea berehala jatorku . Erdi aroko idatzizko hainbat dokumentuk holan aitatzen dabe gure herria, eta gaur egun be lotura hori, hain garrantzitsua ez bada be, gure herriaren ezaugarrietako bat dogu, arrantza teknikak, lekuak eta antolakuntza moduak, segurtasun neurriak, eta abar asko eta asko aldatu diran arren .
Oraindino lan gogorra dan honetan, formazinoari buruzko arloan zentratuko naz; hau da, belaunaldiz belaunaldi zelan transmititzen zan itsasoa eta arrantzari buruzko jakituria, horretarako eskola berezirik ez egoan sasoietan . Eta formakuntza dinogunean arlo guztietakoa dinogu, bai arrantza teknikak, nabigazioa, segurtasuna, sukaldaritza eta beste hainbat be .
Heziketa lan honetan ezinbesteko zan gizon-mutilen ekarpena . Gizon- mutilak, TXO izandakoaren ganetik lehen eskalafoia ziran, hiztegi militarrean esaten dan moduan . Baporeko mutila “gradu” honetara heltzen zanean bere ordez enbarkatuko zanaren prestakuntzaren ardurea eukan, TXO barriarena .
Lehenengo ikasgaia arrauna mantentzea eta erabiltzea ziran eta baita be enbarkazinoko txakurra
zaintzea eta txakurrak bere lana ondo egiteko jakin beharreko estrategiak erakustea . Holan, arrauna lepoan eta txakurra ondoan, irudi esanguratsua zan gure herriko sasoi horretako kaleetan .
Sarri aitatzen da txakurrak plater apurtuen erruduna izaten amaitzen ebala . Txarto egindako zeozer gertatzen zanean, patroiak sozigoari botatzen eutson errua, honek bere konfidantzazko gizonari, honek gizon mutilari, gizon mutilak TXO edo mutilari eta azken ostikoa txakurrak hartzen eban . Soldaduzka egin dogunok ondotxo ulertzen dogu jokabide hau, onartu ez arren .
Eta ikasketetara bueltatuz, TXOaren lehenengo eta ezinbesteko ikasgaia batela erabiltzen trebatzea zan . Batela tripulazinoa enbarkatzeko ontzia zan, baporak portu erdian fondeatzen ziran- eta . Itsasoan etxadarako ezinbesteko lana egiten zan batelagaz, sarea zarratu, itsasoa argiztatu eta abar . Baina lan honek esperientzia handia eskatzen eban eta gehienetan ez zan mutilaren betebeharra . Tripulazinoa garraiatzeaz aparte, biberak enbarkatzearena, neskatilak baporera eroatea sare konponketa txikiak ziranean, edo arotzak edo mekanikoak “barrura” eroatea ziran beste lanetariko batzuk .
Batelak egurrezkoak ziran, bere neurrirako oso materiale iraunkorrekaz eginak, ondorioz oso astunak eta indar handia behar eben bai aurrerantz mugitzeko eta baita baporez betetako portuan maniobratzeko . Bermeon arraun egiteko modu bi erabiltzen ziran: Bata SINGEN (popaganean arraun bakarra erabiliz) eta bestea
ABANTIEN (arraun bi erabiliz, karelien indartutako egurrean jarritako toleteetan topea eginaz eta estrepuagaz (estrobo) lotuta .
Singen egitearen teknikak abantailak eta eragozpenak eukazan . Abantailen artean ez zan behar tosta edo jesarlekurik, ez da behar karela zulatzea eta toleteak jartzea eta arraun bakarra erabiltzea be abaintaila zan arraunak ez ziran batelean izten- eta . Baina arraun bigaz indar gehiagoz mugitzen da batela, eta etxadeari laguntzeko arraun bikoa erabiltzen zan eta sarritan lagun bik indar eginez . Holan ba, indarra beharrezkoa zanean, aurraun biko teknika abantaila zan .
Teknikari jagokonez, gatxagoa zan singen egitea, arrauna alde batetik bestera eroatean, palaren angelua aldatu beharra dago, beraz mugimendu bi horreek koordinatzea ez zan hain erreza . Bestalde, arraun bakarrak timoi edo lemaren funtzioa ere badauka eta honek be koordinazino handiagoa eskatzen dau . Honez gain singen egiteko arraunak luzeagoak eta astunagoak ziran eta gehitzen badeutsagu zutunik egin behar zala arraunean, errez ulertzen da distantzia luzeetarako neketsuagoa zala . Ikusi daitekeenez, singen trebatzeak ikasketa luzeagoa eskatzen dau .
Ez dakigu ziur nondik letorkeen teknika hau, ekialdean (Txinan adibidez) antzerako teknikak erabiltzen ziran oraintsu arte eta behar bada milaka urteetako historia euki leike arraunketa modu honek .
Uste da gaur egungo helizeen teknikak iturri honetatik edaten dauala, pala inklinatuak eta ardatz bategazko solidarioak izanik, errotazino mugimendua sortuta .
Aitatutako arraun teknika biak baliagarriago eta erabilgarriagoak dira egin behar dan lanaren arabera .
Gorago esandakoarena jarraituaz, arrantza teknika batzuetarako, ardorerako adibidez, arraun biko arraunketa egiten zan . Batela popaganean eroaten zan eta arrantza lekuan sarea bota aurretik, batela uretara botatzen zan bateriaz indartutako argiz beteta . Arrainak argitara doaz eta han mantentzen dira baporak etxadie egiten dauan bitartean
Baina portuan singen zan gehien erabiltzen zan teknika . Baporez eta txikotez betetako portuan, ez zan erreza arraun bigaz ibiltzea, enbarkazinoen arteko distantziak oso txikiak ziralako, eta beraz, arraunak zabaltzeko lekurik ez egoalako . Arraun bakarrez aritzean, batelaren zabalera nahikoa zan lekurik estuenetatik pasatzeko . Eta hau oztopo balitz, txikotez betetako portu batean, abantien egitea ez zan posible, txikotak eta arraunak alkar ez jotzea ia ezinezkoa zan-eta .
Luzea izango litzateke TXO edo mutilen ardurak eta beharrak zerrendatzea, baina zeozer aipatzearren, hemen doaz batzuk: etxerik etxe joatea itsasorako ordua emoteko edo etxegune iragarri dala esateko, neskatilei laguntzea biberak garraiatzean, sukaldariaren laguntzaile janarien lehen prestaketetan eta gero garbiketa lanetan (patatak edo kinpulak zuritu, kazolak garbitu…), txikotak egoera onean mantetzea eta ordenatzea, eta errekadista lan gehienak, bai baporean bertan baita be portuan (makinistearentzako tabakoa edo marineruentzat ardo bila joatea) .
Singen teknikaz baliatuz, Bermeoko Andramaidxetan urte batzutan estropadak egin dira . Anton Perez
eta bere lagun baten (kazetari baten) ideia aurrera eroateko eskaria egin euskun Lamera Gane txokoko bazkideei eta halan antolatu genduzan estropadak singen . Baina arinagoko esperientziak be badira gure herrian . Pasadan mende hasieran lehiaketak egiten ziran kontserba fabriketako tina handi borobilak batelen moduan erabilita, singeleku bat egin eta arraun txiki baten laguntzagaz . Lehiaketa barregarria izaten zan, gehienetan buelta bueltaka amaitzen ebelako euren helmugara ailega ezinik . Imajinako dozue zergaitik .
Lan hau TXO eta gizon-mutileri eskainita dago, hau da, ia arrantzale gehienei, ia guztiak igaro dira gizon egin aurreko etapa honetatik- eta . Itsasoan, baserrian, eta beste hainbat ofiziotan, ikaslea irakasle bihurtzen zan bere esperientzia eta lan egiteko modua transmitituz .
Eta ofizio danetan gertatzen dan moduan, irakasle batzuk gozotasunez eta adeitasunez transmititzen dabe eurek dakiena eta beste batzuk autoritarismoz eta ikaslea negatuz edo gitxiagoz hartuz irakasten dabe euran jakituria . Zorionez azken honeek gero eta gitxiago dira eta “La letra con sangre entra” esaten dabenetzat ez da artikulu hau .
Nautika eskolek hartu dabe orain horren ardurea, batez be oinarri teknologikoarena, baina lanbide gehienetan legez, eskolan ikasitako oinarriaren gainetik beti lehenetsiko da nagusiago eta esperimentatuagoaren esperientzia .