12 2020ko Uda BIZI LARRABETZU
LARRABETZUKO HERRIA PANDEMIAREN AURKA: HERRITARRAK, ELKARTEAK ETA UDALA ELKARLANEAN! • Martxoaren 12an liburutegia, ludoteka eta kiroldegia itxi genituen. • Martxoaren 13an Udaletxea itxi genuen, baina beti pertsona bi egon dira telefono-deiak zein mezu elektronikoak erantzuteko. • Martxoaren 14an Haur-eskolako atzeko partea, txinboak-eta zigilatu egin genituen. • Martxoaren 16tik 20ra, konfinamenduaren lehen astean, hainbat Udal-bando publikatu eta zabaldu genituen. Besteak beste: konfinamenduan zer egin ahal den eta zeintzuk diren osasun-neurriak azaltzeko bandoa, erosketak Larrabetzun non eta nola egin ahal diren azaltzeko bandoa, gazteekin eratutako laguntzaile-sarearen berri emateko bandoa, erosketak egitean kontuan hartzeko neurriak zeintzuk diren azaltzeko bandoa... • Martxoaren 17an, gazteekin batera, laguntzaile-sarea martxan jarri genuen. Arestian aipatutako bandoa egin eta sare sozialetan horren berri eman eta zabaldu genuen. • Mankomunitatearekin koordinatu gara, eta Gurutz Gorriarekin kontaktu zuzena eta etengabea izan dugu (Txorierri mailan, Derion koordinazio zentroa martxan). • Astero, udaletxetik, 60 telefono-dei egin izan ditugu. Adineko jendeari deitu izan zaio jakiteko zelan dauden eta zerbait behar duten ala ez (horrela egin izan dugu, astero, 2. fasean sartu arte). • Astero, gizarte-zerbitzuko langileekin batzarra-harremana, herrian arazoak zeintzuk diren aurreikusteko. • Laguntzaile-sarearekin koordinatuta 5-6 pertsonari erosketak etxera eraman dizkio zinegotzi-talde batek. • Azpikontratutako enpresekin batzar telematikoak egin ditugu, eta telefonoz harreman iraunkorra egon da. • Kontratuak mantendu: ORTZADAR, XAKER, ERAGINTZA, CLYMAGROUP, AREATZA JARDINES, ARKITEKTOA, EKONOMILARIA, AHOLKULARI JURIDIKOA… • Erromesen aterpetxea, Osakidetzari eskaini genion (herritar baten ideia izan da). • Herritarrekin batera, maskarak egiteko sarea martxan jarri genuen. Ia 1000 maskara egin ziren eta herritarren artean banatu genituen. Hala eskatu digutenean adineko jendearen etxeetara joan gara, beren-beregi, maskarak ematera. Horrez gain, EUDELek emandako maskarak (onak, txarrak ez ziren banatu) dendarien artean banatu genituen. • Apirilaren 8an, udal-langileek Elikagaien Bankutik janaria ekarri eta banaketa berezi bat egin zuten. • Kale-desinfekzioa ekimena abiatu genuen boluntarioekin batera, eta astero herriko kaleak desinfektatzen dira. • Apirilaren 26an Gora Haurtzaroa ekimenarekin bat egin genuen eta eguna antolatu genuen Txinpasmendi Guraso Elkartearekin eta Bizkargi Dantza Elkartearekin batera.
• Deskonfinamenduko lehen fasean sartuko orduko beste Udalbando bat argitaratu genuen herritarrei arduraz jokatzeko eskatuz eta neurriak gogoraraziz. Bandoa atarietan itsatsi genuen eta plazan afixa handi bat jarri genuen. • Bizkargi Eguna dela eta Udal-bando bat argitaratu genuen, Memoria Historikoarekin lotuz eta Ikurriña balkoian jartzera deituz. • Fotokopiak debalde egin dizkiegu beharrizana izan duten herriko ikasleei. • Merkatarientzako eta autonomoentzako diru laguntzak martxan. Parte hartze prozesua zabalik dago eta ekaineko plenoan onartuko da. • Ibilgailuen errolda krisiaren aurretik berritu zenez, ibilgailuen zerga ordaintzeko epea ekainaren 30era arte da luzatu da. • Herriko tabernariekin batzarra. Informazioa eman genuen eta euren Kezkak jaso genituen. • Maiatzan, Udal-langileak udaletxean lanean hasi ziren segurtasun eta osasun neurriekin: maskarak, manparak, gelak…. • Gazteek janari bilketa egin zuten beharrizana daukaten familientzat. Eurekin elkarlanean aritu gara janariak banatzeko. • Bideo bat egin dugu herriko medikuntza-arloko profesionalekin, oraindik arduraz jokatu behar dugula gogorarazteko. Horretaz gainera, AIKOR!-en iragarkia ipiniko da. • Larrabetzuko Umeen Kontseiluarekin (LUK) batera Konfinamenduaren altxorrak ekimena abiatu dugu, Larrabetzun egin diren sormen-lanak biltzeko eta, geroago, erakusketa bat egiteko. • Igerilekuak, udako txangoak…. Egin ala ez egin unean-unean aztertzen ari gara….. Enpresekin kontaktuan, Osakidetzako gomendioak aztertzen, EUDELek esandakoa kontuan hartzen… • Oraingoz, dena kontuan hartuta, eta osasuna lehenetsita, erabaki da igerilekuak ekainaren 15ean ez zabaltzea. Bandoa egin da eta sare sozialetan erabakiaren berri eman da.
ETORKIZUNERAKO, DATOZEN HILABETEETAN MARTXAN JARTZEKO: • Kiroldegia erabiltzeagatiko urteko abonuaren zati proportzionala itzuli norbanako eta familiei. • Kiroldegiko ikastaroetan izena eman duten pertsonei ikastaroen dirua itzuli, modu proportzionalean. • Datorren urteko ordenatza fiskaletan aldaketak egitea aztertu.