14 2020ko Uda BIZI LARRABETZU
BIODIBERTSITATE ZELAIAK GURE BERDEGUNEETAN Dakizuenez, Gym Berdeako taldeak 5 urte daramatza gure herriko berdeguneentzako Naturarekiko alternatiba hurbilak bultzatzen. 13 gunetan jardun dugu eta oraingo honetan zuengana zuzentzen gara lan ildo berri bat partekatzeko. Erreparatu diezaiegun Uri inguruan, Agarren, Eleizalden, Gaztelumendin… ditugun landa loretsuei. Ganaduzaleek kudeatutako belardiak dira, herbizidarik gabe tratatutakoak eta hazi transgenikoz inbaditutako pentsuen kontsumoa saihestuz; Beraietatik datorkigu bertokoa den elikagaia. Begiratu ditzagun belardi hauek pixka bat hurbilagotik. Hazten uzteak, lore eta fruituen garatzea laguntzen du. Horrela, organismo sare anitza beraietan bizi daiteke: tximeletak, erleak, sirfidoak, karnabak, kalakak, txorruak eta baita belatzak, saguak,
gabiraiak, hontzak, mozoloak, uzubiak, gauhontzak… Azken 50 urteetan, belardi (eta laborantza
lurrak) bertan behera uztearekin batera, baso-ustiapenak eta jardinak hedatuz joan dira. Lorategietan belarra soropil eran kudeatzen
da. Belardietan ez bezala, mozketek belarkarak neurri handian murriztea eragiten du; eta euretariko gehienak ez dira gai loreak eta fruituak sortzeko. Horregatik, soropilaren biodibertsitatea askoz murritzagoa da belardietakoa baino. Hori konpentsatzeko, Udal Gobernu Taldearekin batera, herriko berdeguneen diseinua kudeatzeko plana egin dugu, soropil gunea eta belardiak konbinatzeko. Horrela, biodibertsitatea bultzatuko dugu eta elementu bien arteko kontaktuaz gozatu ahal izango dugu. Herriko hiru gunetan hasiko gara lanean proiektuarekin: Basagurenalden, Miradoren eta Zubitalden. Guneak mugarritzeko pintatutako taketak jarri ditugu. Zuen lankidetza eskatzen dugu aipaturiko kokaguneak zaintzeko.