ERREPORTAJEA / REPORTAJE
JASANGARRITASUNARI BEGIRAKO GABONETAKO ZUHAITZA
Herriko plazak hartu du Gabonetako jaietan 2.000 beira botila birziklatuz osatutako zuhaitza, eta birziklatzearen beharra azpimarratu du.
2.000 beira botilaz egindako 10 metro altuerako zuhaitza nagusitu da Herriko plazan Gabonetan, abenduaren 10etik aurrera. Herrigunea apaindu ez ezik, birziklatzearen berebiziko garrantzia gogoraraztea izan da zuhaitzaren funtzioa, batez ere, kontsumoak gora egiten duen data hauetan. Izan ere, Gabonetako apaingarriekin batera jarri dituzte iglu itxurako lau edukiontzi berde, Olentzero eta Errege Magoen antzera binilatuta. Egitasmoa Ecovidrio eta Laudioko Udalaren arteko elkarlanaren emaitza izan da. Entitate biak saiatu dira herritarrak sentsibilizatzen Gabonetako oporretan. Hain zuzen, laburrak badira ere, tarte horretan sortzen dira urte osoan birziklatzen diren beirazko ontzi birziklatuen %20. Betekizun horretan Vidrala tokiko enpresaren ekarpena erabakigarria izan da, 2.000 botila birziklatuak oparitu baitzituen. Ecovidrio Irabazi asmorik gabeko entitateak dauka beirazko ontzien birziklapenaren ardura estatu espainarrean. Lan
horri esker, birziklapen tasa areagotu da, 2000. urtean %31,3 zen eta 2019an %79,8. 2020an erakundeak Laudion 440 tona beira jaso zituen. Horrek esan nahi du, herritar bakoitzak batez beste 24,3 kilo sortu zituela. Gainera, udalerrian topatu daitezke 90 edukiontzi gai hori lagatzeko. Horietan uzten den beira %100ean birziklatzen da eta ontzi berriak ekoizteko baliatzen da, modu mugagabean eta jatorrizko ezaugarriak galdu gabe. Beira birziklatzea da aldaketa klimatikoaren kontrako gakoa. Horrela ekiditen da lehengai gehiago naturatik erauztea, lurraren urraketa eta deforestazioa saihestuta. Gainera, CO2 isurketa gutxitzen da ekoizpen prozesuan, energia aurrezten da eta zabortegien hazkundea gelditzen da. Horregatik, praktika hori txertatzen da 2030 Agendan eta Garapen Jasangarriaren Helburuetan. Zehazki, hiru helburutan eragiten du: (11) Hiri eta komunitate jasangarriak, (12) Ekoizpen eta kontsumo arduratsua eta (13) Klimaren aldeko ekintza.