Gure eguneroko ekintza asko, aspermenak sortzen digun displazerrari uko egiteko omen dira, hala dio Kierkegaard-ek behintzat, gure ametsak lortzeko (hauek gureak baldin badira) eta eguneroko esklabutzako ekintzetatik ihes egin ezin ditugunak (lana, bizitzaren mantentze-lanak, betebehar sozialak… ) ez direnak behintzat. Aspermenaren zurrunbiloan galduta, gizakiak bere baliogarritasuna ahazten du, zuloan eroriz sormenak ukitu txiki bat eman arte. Orduan konturatzen baikara, plazer sentimendura itzultzeko gure buruak duen gaitasunaz. Gaur egun, ordea, aspermenean ez erortzeko baina gure sorkuntza maila inoiz baina baxuago izan dadin, bonbardaketa jasan gaitz bat dugu egunero medioetan. Eguneroko errealitatearekin zer ikusi gutxi duten gaiak garrantzitsu bihurtzen dituzte errepikapenaren bidez, eta azkenean, noski, jendeak ahoan darabiltzan gaiak bihurtzen dira. Hori da sistemak duen baliabidea ikustea nahi ez dena ikusezin bihurtzeko. Nola liteke gaur egungo gazte gehienek historia garaikidea eta bertako pentsalari garrantzitsuei buruz (zerrendatzeko luzeegia) ezer gutxi jakitea eta kirol zein “reality-show”-etako pertsonaiak amorru biziz jarraitzea? Entretenimendu sistema hauek erlijioa bezala direla esatea errazegia litzateke, gainera ez litzateke egokia izango, baina jendearengan duen eragina zenbaitetan antzekoa da. Pertsona eredu bat saltzen digute, inork ez digu Sinaí mendian araurik eman baina esan bezala jantzi, pentsatu eta portatzen gara, eta eredu horretatik irteten dena arraro bezala hartzen du gehiengoak, beti bezala, nola ez, taldearen indarrean babestuz. Eredu hau, zati handi batean, merkatuak ezarritako eredu bat da, gizaki bezala ikusi beharrean kontsumitzaile hutsak bezala ikusten gaituztenengatik, eta zer gara ba? Langile klasearen ametsak aspaldi ahaztu zaizkie batzuei, merkatuaren esanetan biziz eta honek emandako itxurazko abantailak goraipatuz eta atzeko aldean ezkutaturik dituen kalteak (esklabutza, biolentzia, miseria… )onartuz, edo gutxienez, beste aldera begiratuz. Arazoak etxeko atea jo arte ez al dituzue begiak ireki behar?
Baina arazoa gurea da, ikusten duguna gustatzen ez zaigunean edo hiztun ona astakeria handien botatzen dituena denean (Juan Pablo II Aita Santu izan zenak komunismoarekin amaitu zuela esatea ez al da bekatua?) gurpil zoro hau alderantziz biraka dabilela ohartzen gara, eta hala ere, kontra-kulturaren sustatzea gogorra egiten da horretan dabiltzan gutxi batzuentzat. Hauek dira gure salbazioa, ametsek iraun dezaten borrokatzen dutenak, justiziaren zilegitasuna kolokan jartzen dutenak beste helburu batzuk dituztenek esandakoari “amen� esan gabe. Herentziaz jasotako morala baten aurrean, justuak diren balioen alde egiten dutenak.