Compañeras, ya suenan las alarmas… ¡el miedo va a cambiar de bando! Zenbat abesti, garratz eta ezti, kantatu ote dituzte Garik eta Francisek, Bilbo handiko esentzia eta tendentzien inguruan, drogak eta prostituzioa, poteoak Someran, delinkuentzia Sanfranen, gaupaseroak eta “txakurtxirulak” Bilbin eta lehoiak koliseoan, jaungoikoa eta lege zaharra. Topikoak tokiko, Arestiren labe garaien kea titanio plaka bilakatu da, nik nahiago nuen zikinkeria, eta barrara heltzeko eskilarak jaitsi beharreko tabernak, tabako kez ilunduak. Urdangarinek eta Sorkunek adina kantu eskainiko nizkioke nik Gasteizi; kultura gafapastistaren aldarriak Parralen, poteoak Kutxin, errealitate gordinari zerion iraultza usaina, kalean mugimendua, kaleak mugimenduan, iraultza egin genuen Gasteizen bost urtez. Goizeko bostetan, iraultza pertsonal eta kolektiboa, arratsaldeko zazpietan, uhinetan, hormetan, iraultza egin genuen ohean, kanpusean, gaztetxean, Frantzia kalean… eta oraindik ere, bost urtez kutxiko barra ertzak hitzez, bertsoz, ukabilez, laztan eta muxuz, bilera klandestinoetarako kedadak adosteko papertxoz… sinatu ostean, oraindik ere, maitasunez eta gorrotoz, eta batez ere nostaljiaz egin ohi dut Fariñasetik Hala Bedirainoko bidea. Amodioa eta gorrotoa hatz koskoetan tatuaturik, sentimenduz eta arrazoiz egiten omen da iraultza bat, eta Gasteizen bost urtean zapaltzera iritsi ez nintzen leku bat zapaldu nuen azkeneko bisitan. Itziar Zigak zioen, munduko alkaterik onenari kalean gazteekin topo egitea gustatzen ez zaion bezala, guri ere ez zaigula batere gustatzen kalean pauso bat eman orduko “segurtasun” kamera, komisaria, edota elizaren batekin topatzea eta aldiz, ezinezkoa da hala ez gertatzea. Gasteizen etxetik alde zaharrera bidean hiru Telepizza eta bost elizarekin egin dezakezu topo, eta are gehiago Zaramaga auzoan bizi bazara: hiru eliza, eta Bulebarra, sistema kapitalista patriarkalaren maketa perfektua. Etxera sartzeko borondaterik izaten ez nuen bakoitzean egiten nuen topo