Euskal Herrian ziklo politiko berriari ateak ireki zitzaizkion arren gatazkaren ondorioek hor diraute. Preso politikoen gaia da agian egun bizi dugun ondoriorik gordinena. Orain dela gutxi hil da (erail dute ene aburuz) Figeroa preso Algortarra, gordintasun horren adierazpide garbia. Indarkeria amaitu dela diote batzuk. Baina esan diezaiotela hori astero bizitza arriskuan jartzen duten ehunaka Euskal Herritarrei, ordu erdiko bisita bat egiteko onenean ere 800 kilometro egin behar duten lagunei, ama barrote artean ezagutu duten haurrei, funtzionarioen irain eta mespretxuak jasan behar dituzten bikotekideei. Horientzat indarkeria eguneroko ogia da. Mendekuaren paradigma. Ezin bestela ulertu. Ez omen dago preso politikorik, ez omen dago mendekurik, baina eurak dira presoen bereizketa egiten duten lehenak, sakabanaketak eta neurri bereziek erakusten duten moduan. Eta honen aurrean zer egin dezakegu? Ziegetako giltzak eurek dituzte eta hori ezin dugu aldatu baina herri honek erakutsi du gai dela aterik gabeko paretak gurutzatzeko, iluntasunean argia ikusteko. Orduan zergatik ez giltzarik gabe ziegak irekitzeko? Ezberdintasun bat dago gatazkaren alde bat eta bestearen artean. Haiek gorrototik erasotzen gaituzten bitartean guk maitasunetik dihardugu. Hori da gure dohaina, maitasunetik borrokatzen dugu. Eta dohain horrekin irekiko ditugu ziegak, dohain horrekin jarraituko dugu kilometroz kilometro, malkoz malko, azken kartzelako azken ziega ireki arte.