3 minute read

Aldabaren hotsa

Next Article
MINUTU BAT

MINUTU BAT

Malen Elizasu 5. sAILA

PROSA

Advertisement

Ikusi… ikusi eta ikasi. Ikusi gabe ezin ikasi? Gezurra.

Gainera, askok baino gehiago dakit, nahiz eta ez ikusi. Nire bizitzan ez dut aukerarik izan ezeri ikustaldi bat emateko, baina, momentuz, ez dut beharrik, beraz, iritsiko da eguna.

Entzun dudanez, gaur urtarrilaren 20a da, eta Donostiara goaz buelta bat ematera. Lehenengo aldia da horrenbeste zarata entzuten dudana, herrian bizi bainaiz, eta leku lasaiagoa da. Burrunba handia aditzen dut, eta horrenbeste hotsekin nire burua galduta dabil; halere, leku segurua dut beti. Ahots batzuk gerturatzen ari dira, eta denek esaten dutena diote; ohikoa den bezala, “Zein handia egin den”. Nekagarria da gero. Gainera, horrelako egun berezi batean, gehiago. Gainera, nire aitaren urteak ere badira, eta amari gaueroko muxua ematen diodan bezala, gaur aitari tokatzen zaio. Hurbiltzen ari dela sumatzen dut, eta hortxe gerturatzen naiz ni ere, ahal dudan gertuen. Ia ukitzeraino.

Mundua ikusteko dudan modua besteengandik oso ezberdina da. Egia esan, ez dut inoiz ikusi, baina goxo-goxo biltzen naiz nire pentsamenduetan, eta askotan beste mundu bat imajinatzen dut, askoz hobea. Ikusi, ez dut ikusten baina gainerako zentzumenak oso garatuak ditut. Entzumen zorrotzekoa naiz, eta usaimena ere fin-fina dut; pertsona bat niregana hurbildu bezain pronto jakiten dut zein den, duen lurrinagatik. Dena entzuten dut, nahiz eta askotan kasu zipitzik ez egin. Esaten den bezala,

“articulo tres, kasu piturik ez!”. Nire nebak askotan esan ohi du esaldi hori.

Jada nire izaera erabat finkatzen ari naiz gutxinaka, eta azken bi hilabeteetan are gehiago, handitzen edo zahartzen noan heinean gauza berriak ikasten ditut. Egunero, gutxienez bat ikasten dut, nire amak esaten didanez.

Gauetan, ezin dut lorik hartu amak ez badit kantatzen. Erlaxatu egiten nau, eta ohikoa den bezalaxe, kantuaren ondoren muxua dator. Bai aitarena, bai amarena, eta batzuetan baita nebarena ere. Egia esan, sekulako zortea dut. Pila bat maitatzen naute, nahiz eta batzuetan beraiekin ados ez egon eta nire onetik ateratzea lortu. Halere, askotan ez dute jakiten haserre nagoenik. Gehienetan, amak bakarra; berarekin dudan hurbiltasunagatik, noski. Halere, asko maite ditut.

Egunak azkar igarotzen dira. Mikel Urdangarin entzuten dudanean baino azkarrago. Amak betitik du artista hori entzuteko usadioa, hortaz, txiki-txiki-txikia nintzenetik aditzen dut nik ere. Nire nebak, aldiz, musika modernoagoa entzuten du: Hesian, Berri Txarrak… Gaztea da nire neba, 14 urte dauzka, DBHko 3. mailan dabil. Haren gaztelaniako irakaslearekin haserretu naiz. Eta arrazoia oso garbia da: lantzen ari diren unitatean esaldi hau agertu omen zaie, “Ojos que no ven, corazón que no siente”. Hori ere gezurra. Gainera, ez dut nik bakarra esaten; Paulo Coelho idazleak ere honelaxe esaten du: “En todas las lenguas del mundo hay un mismo dicho: ojos que no ven corazón que no siente. Pues yo afirmo que no hay nada más falso que eso; cuanto más lejos, más cerca del corazón están los sentimientos que intentamos sofocar y olvidar”. Eta arrazoi guztiz gainera.

Egun handia iristear dago. Egia esan, pixka bat urduri jartzen naiz hori pentsatzen dudanean, baina, laster izango denez, ez dut erremediorik; pentsatzen hasi behar dut, bai hala bai. Nolakoa izango ote da? Zein izango da nire zeregina? Noiz izango da?

Esan dudan bezala, inoiz ez ditut nire senideak ikusi. Baina, imajinazio handia dut, eta, gainera, entzuten dudanagatik badakit nolakoak diren. Itxuraz ez. Baina izaeraz bai. Neba burugogorra da, baina bihotz onekoa. Kontsolak maite ditu, nahiz eta etxean horiekin jolasten ez utzi. Neba zintzoa dudala esan dezakedala uste dut. Nik dakidanez. Etxean ez dute arazorik izaten nire nebaren ikasketa maila dela eta. Ez da sekulakoa ikasketetan, baina saiatzen da, eta gurasoek hori baloratzen dute. Ama ederra dut; edo hori entzuten dut behintzat. Egia esan, seguru nago irudikatzen dudan bezalakoa dela; jenio bizi pixka batekin, baina sekulako ama. Nire iritziz, ama bat bere jeniorik gabe ez da ama on bat. Asko maite dut. Asko. Eta aita. Aitak egunero hitz goxoak esateko ohitura du. Sekulako pertsona da, eta lana ere ez du batere kaskarra. Fabrika handi horietako bateko langilea da, eta aditzen dudanagatik, bere bulegoa eta guzti du.

Egunero hainbat lekutan ibiltzen naiz, ez dut nik erabakitzen nora joan. Halere, egiten dudan ibilbideagatik badakit non nagoen. Baina, beste batzuetan, amak lagundu behar izaten nau. Egia esan, amaren albotik ez naiz mugitu ere egiten, halere, berak gidatzen nauenez, ez dut aldentzeko beharrik ere. Begiak izan, baditut. Nahiz eta, momentuz, iluntasuna soilik ikusi.

Udaberria da, beraz, lore berriak jaiotzen hasi dira. Ni ere banoa. Gaur izango da eguna, nire familia ezagutuko dut, eta beraiek ni ezagutuko naute. Mundua nire begien aurrean izango dut. Nire amaren barruko gelaxkatik ateratzeko aukera dut gaur.

Bai. Jaiotzear nago.

Krixpet

This article is from: