3 minute read
BEGI BELTZETAN GALDURIK
Maddi Ibarguren 6. sAILA
PROSA
Advertisement
KORRI!, oihu egin diot Maria nire pisukideari. Etxera iritsi orduko ikasteari ekin diogu eta klasean hartutako apunteak, liburua, ordenagailua eta burezurra mahai gainean zabaldu berri ditudala dirudien arren, bi ordu daramatzat anatomian murgilduta. Baina laurak laurden gutxi dira dagoeneko eta etxe azpiko kafetegira jaitsi beharra daukat egunero bezala Josu iristen ikusi nahi badut.
Hiru hilabete pasa dira Bartzelonako Unibertsitatera medikuntza ikastera etorri nintzenetik. Mariarekin pisuaren alokairuko kontratua sinatu berri genuela ospatzeko etxe azpiko tabernara jaitsi ginenean ikusi nuen lehen aldiz. Elizako kanpaiek laurak iragartzearekin batera ate gaineko maskortxoen soinuak sartu berri zen pertsonaren aurpegia ikusteko kuriositatea sortu zidan. Aterantz biratu nintzenean maskortxoen hotsa nire bihotzaren taupadekin sinkronizatu zela sentitu nuen, ezin izan nituen nire begiak mutil ezezagun haren begi beltz handi haietatik urrundu. Tabernako jabeak “Kaixo, Josu!” batekin agurtu zuen berehala eta leiho ondoko mahaian eseri orduko kafe katilu bat eraman zion. Nik bitartean maskortxoen munduan jarraitzen nuen traje gorbataduneko gizon gazteari begira. Ordudanik egunero eszena bera bizitzen dudan arren, ez dut lortzen irauten duen minutuan arnasa hartzerik.
Korrika jaitsi ditugu etxeko eskailerak portaleraino eta betiko mahaian eseri gara. Erlojuari begiratu diot eta hamar minutu geratzen direla ziurtatu dit eskumuturreko lagunak. Bi kafesne eskatu ditugu eta lehenengo tragoa hartu orduko Maria altxa eta komunera joan da. Bat-batean kanpai hotsa entzun dut eta kanpaien musikarekin batera ate gaineko maskortxoak mugituz tabernako atea ireki da. Bihotza saihets azpian kolpeka su-
matu dut, kanpora aterako zitzaidala pentsatu dut une batez baina eskua bularrera eramanez dena bere lekuan zegoela konprobatu dut. Beti bezain irribarretsu iritsi da, tabernako jabea agurtu eta leiho ondora abiatu da. Nire mahai aurrean geratu eta niri begiratuz burua biratu duenean, arnasa gabeko minutua luzatzen hasi dela sentitu dut. Ezpainak mugitu ditu. Baina zerbait esan al dit? Bere begi beltzetan galduta, ez dut esan didana entzun. Ahoa irekitzea lortu dudanean zer esan duen galdetu diot. “Bi kafeak edan behar ahal dituzu?”, errepikatu dit. Nik aurpegian irribarre tuntun batekin ezetz erantzun diot.
Bata bestearen begietan galdurik geratu gara Mariaren ahotsak errealitatera ekarri gaituen arte. Josu agurtuz izena galdetu dio eta gure mahaian esertzera gonbidatu du, inoiz ikusi ez balu bezala. Ez al zen inoiz ohartuko egunero pasatzen den mutil guapo, elegante eta perfektu honetaz? Nola lortuko ote du bere begi beltzei begira hitz egiteko hitzak aurkitzea?
Nire aurrean eseri da eta ezin diot bihotzari eskuekin eutsi. Zuzenbideko hirugarren urtea duela kontatu dio Mariari baina ez dut ezer gehiago entzutea lortu bere esku handi eta indartsuei begira errealitatetik aldendu baino lehen. Bat-batean hankan izugarrizko mina sentitu dut. Mahai azpira begiratzean Mariaren zapata nire hanka gainean ikusi dut eta aurpegira harrituta begiratu diodanean Josu hizketan ari zitzaidala esan dit.
Erreakzionatzea lortu dudanerako, Josuk irribarre handi bat ahoan zuelarik nire izena galdetu dit. Ainhoa, erantzun diot nekez.
Berriro ordulariari begiratu diodanerako seiak ziren. Bi ordu eman ditugu hizketan baina iritsi berri ginela zirudien. Denok beste hainbeste geratzeko gogo izugarria genuen arren, etxera itzuli behar izan dugu ikasten jarraitzeko
Tabernako atean bakoitza bere aldetik etxerantz banatzeko puntuan geundela, eskumuturra heldu dit eta nire telefonoa eskatu dit. Urduri eman diot. Ondo esango ote nion?
Liburuen konpainiara abiatu gara, baina bigarren pausoa eman baino lehen mugikorrera iritsi den mezu berriaren soinuak eman didan sustoak lurrera iltzatu nau. Arrapaladan whatsappa ireki eta zenbaki ezezagun baten mezua irakurri dut. Mezuaren tonuak berak adierazi dit norena zen. Atzera begiratzeko eskatzen zidan. Buelta eman eta hantxe ikusi ditut bi begi beltz erraldoi moto kasko baten barruan ezkutaturik. Josuk eskuan zuen beste kaskoa eskaini dit eta pentsatu gabe jantzi eta bere atzean igo naiz.
Nire besoekin bere traje dotorea zimurtuz, kale txikietatik barrena parke zoragarri batera iritsi gara. Mototik jaitsi eta zuhaitz erraldoi baten itzalak eman digu babes. Belarretan etzan da eta hanketatik tiraka gure gorputzen arteko tartea desagerrarazi du. Denbora luzea eman dugu han barrez eta hizketan. Zuhaitzeko txoriei eta lainoen mugimenduari begira, xehetasun bakoitza gorde nahian. Tximeleta bat ikusi dugu bere hego txikiak etengabe mugituz. Gugana gerturatu eta bien artean sartu da. Tximeletari begira gure begiradek topo egin dute eta segundo luze batzuen ondoren bere ezpainek nire ahoan milaka tximeleta txertatu dizkidate, gure gorputzak bat eginez besarkada batean urtu dira.
Sorbaldan kolpetxo batzuk sumatu ditut. Norbait garrasika ari zait. Nire gelako mahaian begiak ireki ditut eta burezurraren begi beltz handiek birkokatu naute. “Etxepeko tabernan kafea hartzeko ordua da”, esan dit Mariak.
Gosos