5 minute read
IPURTARGIA
Luix Mitxelena 5. sAILA
PROSA
Advertisement
Bat-batean, triste begiratzen zidan gizon bat nigana hurbiltzen hasi zen. Dena ilun zegoen, oso ilun eta ikaraturik nengoen. Ez dut gogoan gero zer gertatu zitzaidan, hori gertatu ondorengo dudan oroimen bakarra gela osoa argiztatu zuen izpi zuri bat da. Amets arraroa benetan.
Beti bezala ohetik altxa naiz. Egunero lez, nire zoritxar guztiak ahazten saiatzeari ekinez. Ospitale nazkagarri honetan ezinezkoa da iragana ahaztea. Zergatik niri?
Oso haurtzaro… ez dakit nola esan, higuingarria, tristea, aldrebesa… gogoratzeak mintzen zaituen horietakoa izan da nirea. Gurasoek ez dut uste maite nindutenik. Drogaz inguratuta nengoen, biak drogazale amorratuak ziren. Gosea, tristura eta beldurra izan litezke hitzik aproposenak. Hala ere, ez dago hitzik igaro nuen sufrimendua deskribatzeko.
Hamabi urte izango nituen; bai, hamahiru urte egiteko ez zitzaidan asko faltako. Gela zuri-zuri batean nengoen konortea erdi galdurik. Bertan zegoen erlojuaz bakarrik gogoratzen naiz, zer-nolako zaratatxoa egiten zuten orratzek, tik-tak, tik-tak… Erlojuaren tik-takarekin bat egin zuten nire bihotzaren taupadek. Medikuak, nire gurasoekin izandako auto istripuaren ondoren, gurasoak hil egin zirela esan baitzidan.
Ez nekien zer egin. Alde batetik, nahigabe izugarria nuen, gustatu ala ez, nire gurasoak ziren, baina, bestalde, nire bizitzak hobera egingo zuela ikusi nuen.
Umezurztegira eraman ninduten. Bertan bete nituen hamahiru urteak, ni bezalako beste ume ezezagun askoren ondoan. ***
Xabin gelakidea lagun mina nuen; izan ere, lau urte trinko igaro genituen elkarrekin, gure memento on eta txarrekin. Nik uste, biok ere desiratzen geunden egoitza zikin hartatik ihes egiteko. Saialdiak egiten genituen, baina ez genuen sekula lortzen ihes egitea.
Ez nuen denborarik galdu nahi, gogoan dut larunbata zela, ez baikenuen klaserik. Gau osoa pentsatzen jardunda, oso argi nuen leku ziztrin hori ez zela niretzat egina. Ihes egin nahi nuen, zibilizaziotik kanpo. Gizarte laguntzaileak? Pikutara laguntzaileak! Nik aske izan nahi nuen.
Edozer egin aurretik, Xabini aipatu nion. Berak ez zuen nirekin etorri nahi izan, bere ustez, berriro ere harrapatu egingo gintuztelako. Gainera, beste urtebete soilik itxaron beharko zuela esan zidan. Xabinek ihes egiten lagunduko zidala esan zidan, hala ere.
Hurrengo goizean, igandero bezala, patioan geundenean, otorduetarako elikagaiak ekartzen zituen kamioia etorri zen. Gidaria, beti bezain umore txarrez, kaxak sukaldera eramaten ari zen. Beti kexan. Lagun biok elkarri begiratu genion; argi zegoen zer bururatu zitzaigun.
Bagenekien, oso ongi gainera, ez genuela berriro ere elkar ikusiko. Elkarren mira izango genuen; beraz, agurtu ostean, kamioiak abiada hartzean, Xabin aurrean jarri zen. Nik atoiko atea zabaldu eta bertan ezkutatu nintzen. Xabinek gidariari atea zabalik zuela esan zion. Hura, garrantzi handirik eman gabe, atea itxi eta kamioira itzuli zen. Ez dakit zer aurpegi jarriko zuen, giltzari berriz ere buelta eman, eta kamioian abiatu ginen, ez dakit nora.
Kamioia garaje antzeko toki batera iritsi zen. Hasiera batean, ilunpean horrenbeste denbora emanda, ingurukoa zehatz ikustea kostatu egin zitzaidan, baina halako batean lortu nuen.
Gidariak soberan geratutako elikagaiak bere tokira eramaten zituen bitartean, janari apurtxo bat hartu eta kamioitik jaitsi nintzen.
Hurrengo goiza arte han geratu nintzen, ilunpetan eta urik gabe. Prest egon behar nuen, ezin zuen inortxok ere ohartu ihes egin nuenik, berriz ere bueltan eramango ninduten bestela.
Irrikatan nengoen. Azkenean libre nintzen berriz; hala ere, jada nire bila ibiliko ziren, beraz, argi ibili behar nuen. ***
- UME ASTAKILO KIRTENA! -esan zidan amak. Ez zen lehen aldia hitz hori entzuten nuena-. ZENBAT ALDIZ ESAN BEHAR DIZUT PELUXE ZIKIN HORI PARETIK KENTZEKO! GIZAGAIXO ALENA, HILTZEA MEREZI DUZU, HILTZEA! -noski, nire ama drogak pasata zetorren egun hartan.
Ondotxo nekien horrelakoetan hoberena buru makur entzun eta ahalik eta tinkoena mantentzea zela, negarrik egin gabe. Izan ere, oso gogorra da ama batengandik horrelako hitzak entzutea.
Askotan iristen nintzen eskolara orban eta zauriz beteta: - Zer gertatu zaizu? -zioten nire lagunek. - Ezer ez, gauean ohetik erori naiz -amak ez baitzidan uzten egindakoa eskolan kontatzen.
Ero haizea igaro arte, gelan sartu nintzen, negar isilean. Infernua zen niretzat. Hori zen nire eguneroko bizitza. Ohiko egunetako bat zela uste nuen, baina tontakeria txiki batek bizitza ikusteko modua aldatu zidan. Leihotik ipurtargi bat sartu zen. Orduan jabetu nintzen ipurtargia bere argiarekin soilik bizi daitekeela, edozein mehatxu edo arazoren aurrean ihes egin dezakeela eta nola, horren txikia izanik, horrenbesteko indarra duen.
Bai, egun hartan jabetu nintzen ipurtargia bezain aske, lasai eta segurua izan nintekeela. Hura izan zen nire gurasoengandik urrun egon nahi nuela jabetu nintzen unea.
Gihar guztiak minduta nituen, oso gau txarra igaro bainuen. Lurra oso gogorra zenez, asko kostatu zitzaidan lo hartzea, eta horrez gain, hotz handia egiten zuen. Ez nuen tokia ongi ezagutzen, umezurztegia beste hiri batean baitzegoen; beraz, hantxe abiatu nintzen nora joan ez nekiela iturri baten bila.
Jateko apur bat geratzen zitzaidan oraindik. Baina ez nekien zer egin, ez nuen ez arroparik, ez dirurik ezta ezertarako gogorik ere. Zer egingo nuen nik? Inork ikus ez nintzan, mendialdera joatea erabaki nuen. ***
Gaua iritsi eta ezer ez nuen, hotza eta beldurra besterik ez. Gaua alaitzeko, euri zaparrada hasi zen. Korrika joan nintzen zoko bat harrapatzera, beraz hiri aldera jo nuen. Gau txarrak eta oso txarrak pasa izan ditut, hau bigarren horietakoa zen.
- Aski da -jada, amore eman nuen. Ez nintzen gai ni bakarrik aurrera egiteko.
Argi-dirdira bat ikusi nuen hurbilean: ipurtargia! Nire barren guztiak mugitu ziren, indartsuago sentitu nintzen. Ipurtargiak bizia eman zidan. Ez nekien zenbat gehiago iraungo nuen hala, baina gau hori igaroko nuen; bai ala bai.
Goiza iritsi zen. Ez zen aurrekoa baino gau hobea izan, askoz ere toki deserosoagoa baitzen. Gainontzeko gauak igarotzeko diru apur bat behar nuen.
Garai hartan, gorriak eta bi ikusi nituen, ez nuen dirua lortzeko modurik aurkitzen. Noizbehinka lapurretan egin beharra nuen zerbait jateko; besteetan, aldiz, jendea engainatzen nuen, baita dirua eskatu ere. Etxez etxe ibiltzen nintzen soberako janari eske.
Jada 20 urte izango nituen, eta Zeiane, nire ametsetako neska ezagutu nuen. Nik uste, neskatila hura nire bizitzan azaldu izan ez balitz, basoko edozein zokotan hilik egongo nintzatekeela. ***
Gela zuri-zuri batean nago konortea erdi galdurik. Erlojuaren tik-takarekin bat egin dute nire bihotzaren taupadek. Medikuak nire emazte eta semearekin izandako auto istripuaz ohartarazi nau. Emaztea eta semea hil egin dira, ez dakit zer egin. Bizitzak ez du atzera bueltarik, gorroto dut neure burua, pertsona higuingarri zikin bat naiz. Nola egin ahal izan dut hau? Azkenean, beldurrik handiena ematen zidan hori bihurtu naiz: nire gurasoak. ***
Modu egokienean ez izan arren, dirua lortzeko bidea aurkitu nuen. Gurasoek bezala, drogekin trafikatuz eta haiek hartuz ematen nuen eguna. Zeianerekin umetxo errugabea izan nuen.
Ni ez ezik, Zeiane ere droga munduan sartu nuen. Berandu da damutzeko. Egindakoa eginda dago. Ez diot neure buruari inoiz barkatuko, baina neure buruari berdin dio horrek.
Bai, gertatu da. Medikuak alta eman ostean, hementxe nago, polizia autoan, komisariarako bidean, kale ilun eta estuak argiztatzen, ipurtargia bezala.
Bexamela…