Luix Mitxelena 5. saila Prosa
IPURTARGIA Bat-batean, triste begiratzen zidan gizon bat nigana hurbiltzen hasi zen. Dena ilun zegoen, oso ilun eta ikaraturik nengoen. Ez dut gogoan gero zer gertatu zitzaidan, hori gertatu ondorengo dudan oroimen bakarra gela osoa argiztatu zuen izpi zuri bat da. Amets arraroa benetan. Beti bezala ohetik altxa naiz. Egunero lez, nire zoritxar guztiak ahazten saiatzeari ekinez. Ospitale nazkagarri honetan ezinezkoa da iragana ahaztea. Zergatik niri? *** Oso haurtzaro… ez dakit nola esan, higuingarria, tristea, aldrebesa… gogoratzeak mintzen zaituen horietakoa izan da nirea. Gurasoek ez dut uste maite nindutenik. Drogaz inguratuta nengoen, biak drogazale amorratuak ziren. Gosea, tristura eta beldurra izan litezke hitzik aproposenak. Hala ere, ez dago hitzik igaro nuen sufrimendua deskribatzeko. Hamabi urte izango nituen; bai, hamahiru urte egiteko ez zitzaidan asko faltako. Gela zuri-zuri batean nengoen konortea erdi galdurik. Bertan zegoen erlojuaz bakarrik gogoratzen naiz, zer-nolako zaratatxoa egiten zuten orratzek, tik-tak, tik-tak… Erlojuaren tik-takarekin bat egin zuten nire bihotzaren taupadek. Medikuak, nire gurasoekin izandako auto istripuaren ondoren, gurasoak hil egin zirela esan baitzidan. Ez nekien zer egin. Alde batetik, nahigabe izugarria nuen, gustatu ala ez, nire gurasoak ziren, baina, bestalde, nire bizitzak hobera egingo zuela ikusi nuen. Umezurztegira eraman ninduten. Bertan bete nituen hamahiru urteak, ni bezalako beste ume ezezagun askoren ondoan. *** 30