3 minute read
Lukuko kaioak
Kattalin Iriondo 4. sAILA
PROSA
Advertisement
Kostako bidetik abiatzen bagara, Luku herriarekin topatuko gara. Herri hori arrantzale herria da, kostako beste hainbeste bezala. Herriko etxe gehienak elkartuta daude, eta herrigunea osatzen dute. Harrizko kale estuen bi aldeetara elkarren ondoan eraikitako etxe xume eta apalak dira.
Urrunago portua dago. Herritik porturaino joateko itsasertzetik ibilalditxo bat egitea ezinbestekoa da. Bertan arrantza-ontzi koloretsuak ur gainean balantzaka ikus daitezke, arrantzaleak itsaso zakarragatik arrantzara joaten ez direnean behintzat.
Lehen aipatu bezala, Luku herriko gizonezko gehienak itsasoan aritzen dira lanean, eta emakume gutxi batzuk sareak konpontzen aritzen dira. Hala ere, emakume gehienak etxeaz eta seme-alabez arduratzen dira. Jende langile eta umila da.
Martin herriko arrantzale bat da. Arrantzale asko bezala, gizon indartsu eta sendoa da. Buru soila du, ez da garaia baina bai lodikotea. Mutilzaharra da eta lehorrean dagoenean, hau da, lanean ari ez denean, tabernan aurki daiteke zurrutean. Itsasoaren egoera zelatatuz porturaino oinez joatea ere atsegin du.
Portuko ibilbidea urte osoan zehar kaioz beteta egoten da. Haien hegaldiak azkarrak eta zalapartatsuak izaten dira. Neguan horien azpian itsaso zakarra ikus daiteke, bere olatu bortitzak gora eta behera dabiltzala.
Neguko egun lainotsu eta euritsu batean, askotan bezala, Martin portu aldera zihoan. Urrutian, bere alderantz zetorren neska bat ikusi zuen. Oso pauso geldoarekin zetorren, burua lurrera begira zuelarik. Soinean zamarra zahar, berde ilun bat zeraman eta haren txanoa jarrita zuen. Inguratzen ari
zela, Martini ez zitzaion ezaguna egin. Berehala konturatu zen ez zela herrikoa. Bestalde, gaztea zen eta liraina.
Gurutzatu zirenean, itxura tristea eta bakartia sumatu zion. Hori bai, parera iritsi zirenean eta neskak burua altxatu zuenean Martin txundituta geratu zen. Izugarrizko begiak zituen neskak. Oso-oso deigarriak ziren. Begiek neguko itsasoaren kolorea zuten, berde ilun eta sakona.
Hurrengo egunean, Martinek, berriz ere portu aldeko buelta ematen ari zela, aurreko eguneko neska gaztea ikusi zuen. Jantzi eta itxura berbera zeraman. Martini atentzioa eman zion zein burumakur zihoan, zerbait latza gertatu balitzaio bezala.
Egun horretan Martin arduratuta gelditu zen. Zail egiten zitzaion ulertzea eguraldi txar haiekin neska gazte bat bakarrik ikustea, are gehiago itxura triste harekin. Neskaren irudia burutik kendu ezinik ibili zen egun guztian.
“Nongoa ote zen?”. “Zertara etorria ote zen?”. “Non pasako ote zituen gauak?”. Herrian, zerbait galdetu bazuen ere, inork ez zekien ezer eta gehienek, gainera, ez zuten ikusi ere egin. Ez zen harritzekoa. Egun haietan egiten zuen giro txarrarekin herritarrak etxe barruan gelditzen ziren, tximiniak eta suak piztuta.
Hurrengo egunean, burua kezkaz eta galderaz beteta zuela, garai bertsuan Martin portu aldera abiatu zen. Ziur zen neska ikusiko zuela. Eta ez zuen huts egin. Han agertu zen. Oraingoan agureak gehiago jakin nahi zuen eta, hark ikusten ez zuela, jarraitu egin zuen. Gaztea mendi aldera abiatu zen eta portutik gertu zegoen txabola batera sartu zen. Bertan bizi zela pentsatu zuen Martinek. Txabola, bestalde, erdi eroria zegoen eta ez zirudien oso segurua.
Beste egun haietako batean, Luku herriko gizon sendoa, egunero bezalaxe, oinez zebilen. Gazterik bakartiena ikustea pentsatzen zuen, baina ez zen harekin topatzen eta harrituta zegoen.
Portura iristeko metro gutxi falta zirela, arroka gainean gizaki baten irudi bat antzeman zuen. Nornahi izanda ere erotuta zegoela pentsatu zuen. Itsasoa egun haietan guztietan bezain zakar zegoen eta olatuak ere ikaragarriak ziren. Arroka ertz hartan egotea oso arriskutsua zen, dudarik gabe. Gerturatzen zihoan heinean, neska gaztea zela ohartu zen. Harkaitz gainean bi besoak zabalduta zituen, eta, oraingoan, burua gorantz zuen. Martin oso harrituta zegoen eta ez zion itxura onik hartu begien aurrean zuenari.
Bat-batean, neskak uretara salto egin zuen. Martin zur eta lur geratu zen. Egoera arraroa iruditu bazitzaion ere, ez zuen inolaz ere pentsatu uretara salto egingo zuenik. Gizona, ahalik eta azkarrena hurbildu zen arroka hartara, eta ia neska uretan ikusten zuen aritu zen denbora luzez. Ez zuen haren arrastorik izan, eta lur jota gelditu zen.
Etxerako bidea hartu zuenean, kaioak zebiltzan jira eta buelta, beti bezain zalapartatsu. Inoiz baino kalatxori gehiago inguratzen zitzaizkion. Halako batean, Martinek burua altxatu zuen. Baina zer zen? Nor zen? Bera ote zen? Bere gainean zegoen kaioak neskaren begi berde berberak zituen.
Iri