Kattalin Iriondo 4. saila Prosa
Lukuko kaioak Kostako bidetik abiatzen bagara, Luku herriarekin topatuko gara. Herri hori arrantzale herria da, kostako beste hainbeste bezala. Herriko etxe gehienak elkartuta daude, eta herrigunea osatzen dute. Harrizko kale estuen bi aldeetara elkarren ondoan eraikitako etxe xume eta apalak dira. Urrunago portua dago. Herritik porturaino joateko itsasertzetik ibilalditxo bat egitea ezinbestekoa da. Bertan arrantza-ontzi koloretsuak ur gainean balantzaka ikus daitezke, arrantzaleak itsaso zakarragatik arrantzara joaten ez direnean behintzat. Lehen aipatu bezala, Luku herriko gizonezko gehienak itsasoan aritzen dira lanean, eta emakume gutxi batzuk sareak konpontzen aritzen dira. Hala ere, emakume gehienak etxeaz eta seme-alabez arduratzen dira. Jende langile eta umila da. Martin herriko arrantzale bat da. Arrantzale asko bezala, gizon indartsu eta sendoa da. Buru soila du, ez da garaia baina bai lodikotea. Mutilzaharra da eta lehorrean dagoenean, hau da, lanean ari ez denean, tabernan aurki daiteke zurrutean. Itsasoaren egoera zelatatuz porturaino oinez joatea ere atsegin du. Portuko ibilbidea urte osoan zehar kaioz beteta egoten da. Haien hegaldiak azkarrak eta zalapartatsuak izaten dira. Neguan horien azpian itsaso zakarra ikus daiteke, bere olatu bortitzak gora eta behera dabiltzala. Neguko egun lainotsu eta euritsu batean, askotan bezala, Martin portu aldera zihoan. Urrutian, bere alderantz zetorren neska bat ikusi zuen. Oso pauso geldoarekin zetorren, burua lurrera begira zuelarik. Soinean zamarra zahar, berde ilun bat zeraman eta haren txanoa jarrita zuen. Inguratzen ari 24