
3 minute read
GERNIKATIK IHESI
Malen Frantsesena 4. sAILA
PROSA
Advertisement
1937ko apirilaren 25a, Gernika.
Gaur egun alai eta koloretsua da. Gaur amak eskumuturreko berria oparitu dit, bere izena jartzen duena.
Eskolatik atera ondoren, lagunekin jolastera joan naiz eta gero dantzako klasera. Orain etxera iritsi naiz, afaldu eta lotara noa: BIHAR ARTE!!
1937ko apirilaren 26a, Gernika.
Goizeko bederatzietan eskolara joan naiz. Handik ordu batzuetara, sekulako lurrikara nabaritu dugu eta kanpora irten gara ea zer den ikustera. Kanpora iritsi gara eta dena suntsituta ikusi dugu. Orduan, lurrikara berriz hasi da eta Katalina, Ines eta ni, Klara, korrika joan gara zuhaitzak zeuden toki batera. Lurrikaratzat genuena gerrako hegazkinek egin duten bonbardaketa dela konturatu garenerako, eskola suntsiturik zegoen eta bakar-bakarrik ginen. Bakardade hartan, eskolako hondarrak utzi eta gure lagun eta irakasle guztien gorpu hilen artetik, gure etxeetara joan gara, ea gure gurasoak bizirik dauden ikustera. Etxean nire familia guztia hilda aurkitu dut. Gure etxe zuri, handi eta ederra zena, harri eta egur zati suntsitu, beltz eta triste bihurtu da. Bat-batean Katalinak malko bat ikusi du nire begi urdin eta handietatik erortzen, eta orduan esan dit, nire ile luze eta horia ukituz: - Lasai, Klara, moldatuko gara, ez larritu. Ikusten duzunez, gure etxeak eta familiak suntsiturik daude, lasai egon.
Nik buruarekin baietz egin diot eta Inesek ere halaxe egin du. Une horretan, berriz pasatu dira gerrako hegazkinak. Berde militar kolorea zuten eta, egia esateko, ez ziren oso handiak, ezta politak ere.
Ordu bat pasa da bonbardaketa gertatu denetik eta orduan Inesek esan du: - Nik ezagutzen dut norbait berarekin bizitzen utziko ligukeena; nire lehengusu-lehengusinak, Miren eta Mikel, bakarrik bizi dira, nahiz eta ez oso gertu egon. Ibarrangelun bizi dira. Nahi baduzue bertara joan gaitezke. Guk baietz esan diogu eta orain hara bidean goaz.
Bat-batean, euria hasi du eta gu hirurok korrika alde egin dugu zuhaizti baterantz. Euria geratu du eta, galduta genbiltzala uste genuenean, Katalinaren begi marroi argiak piztu eta aurpegia alaitu zaio: - KORTEZUBI jartzen du hor, ez gaude galduta!
Kortezubi herria oso txikia da, baina oso polita. Ilargiaren argiak argitzen du gure bide bakartia, lo egiteko eta zerbait jateko tokiaren bila gabiltzanean. Han urrutian, emakume bat eta ume txiki bat etxera bidean ikusi ditugu.
Orduan, Inesek esan die oihu txiki bat eginez: - Aizue! Itxaron mesedez!
Oihua entzun eta denbora gutxira, ume txikiak esan dio amari: - Ama, begira! Neska batzuk guri deika ari dira!
Amak larritu aurpegiarekin esan digu: - Zer gertatzen zaizue?
Guk gertatu zaiguna kontatu diogu eta ondoren esan digu: - Nahi baduzue geratu zaitezkete gauean gurean lotan eta bihar joango zarete Ibarrangelura.
Orain lotara goaz: BIHAR ARTE!
1937ko apirilaren 27a, Kortezubi.
Goizeko zortzi eta erdietan gosaltzera joan gara. Gosaltzen bukatu dugu eta emakumeari eta umeari agur esan diegu. Ibarrangelura biharko edo gaur gauerako iritsiko garela esan digu eta gu bidean jarri gara. Bat-batean, Arteagan geundela, euria hasi du eta aterpe batean sartu gara. Aterpe aurretik pasa den gizon bati Ibarrangelurako gutxi gorabehera zenbat falta zaigun galdetu diot eta esan du, oinez joaten bagara, gauerako iritsiko garela. Orduan euria geratu da eta guk bidean jarraitu dugu. Arteaga herrian, mendi aldera. Zuhaixketatik masusta batzuk hartu ditugu zerbait jateko.
Bidean goazela, bat-batean, esan du Inesek:
- Uste dut hurrengo herria Ibarrangelu dela. Oka ibaiari jarraituz iritsiko gara, hala esan zidan behin amonak.
Orduan eskumuturrekoari begiratuz nire amaz oroitu naiz.
Oka ibaia ikusi dugunetik ordu batzuk pasa dira eta laster iritsiko gara. Oka ibaiari jarraituz iristen omen da Ibarrangelura, baina iluntzen ari du eta azkar iristen ez bagara, lehengusuak lo egongo dira gu iristerako.
Halako batean, Katalinaren begi berdeak, ilun zeuden begiak, argitu dira eta esan du pozaren pozez: - Iritsi gara! Begira, Ibarrangelun gaude!
Inesek irribarre handi batekin esan du: - Bai, arrazoi duzu! Uste dut, gainera, horko etxe handi eta zuri hori dela beraiena.
Etxearen parera joan eta atea jo dugunean, Inesen lehengusina Miren leihora atera eta esan du: - Ines, Klara, Katalina, zertan ari zarete hemen?
Orduan atea ireki digu eta gertatu dena kontatu diogu. Guztia kontatu ondoren, esan digu lasai geratzeko beraiekin bizitzen eta ez arduratzeko arropengatik eta eskolagatik, beraiek ordainduko dizkigutela. Gauean, afaltzeko orduan, Mikel etorri da eta guztia kontatu ondoren… - Eta zer gertatu zen ordutik aurrera, amona Klara? - Ba ordutik aurrera bizitza berri bat hasi genuen. Zuk eskuan duzun eskumuturreko polit hori nire amarena zen, bonbardaketa gertatu baino egun bat lehenago oparitu zidana. Eta orain irakurri dizudan hau nire txikitako egunerokoa da. - Eta non daude Katalina eta Ines orain? - Haiek? Nire bihotz barneko oroitzapenetan.
Gernika