2 minute read

MAITEA

Next Article
SUGEA SU ONDOAN

SUGEA SU ONDOAN

Maddi Puy 6. sAILA

PROSA

Advertisement

Nire begiek zure zangoetan goranzko bidea hartu dute, takoizko zapata sinple baina dotoreetatik haratago jarraituz. Gogoratzen zara haiek erosi genituen egunaz? Ohiko moduan presaka gindoazen hain gustuko zenituen ekitaldi haietako batera. Barre algara artean ziztu bizian igarotzen ziren gure begien aurretik Erromako kaleei izen ematen zieten kartelak: Corso Vittorio Emanuele II, Via Aracoeli, Piazza San Marco… Piazza Campidoglio. Han, garraiatu gintuen limusinatik jaitsi eta Miguel Angelek berak diseinatu zuen plazara bidean gindoazela, Erromako kale guztiak estaltzen dituzten galtzada-harrietako batekin estropezu egin eta takoia hautsi zitzaizun. Hura komeria! Ekitaldira horrela azaldu ezin zenuela eta, nire bizkarrera igo eta italiar harrituen begiradei jaramon egin gabe bi kale aurrerago ikusi zenuen zapata dendara joan ginen. Hura poza geurea ahal genuen moduan takoizko zapatarik ba al zuten galdetu eta “Si, abbiamo un paio” erantzun zigutenean.

Begiek belaunak pasa eta izterretan aurrera jarraitu dute. Soineko beltzak ia estaltzen dizun orbainean gelditu dira. Ez ahal da ondoan duzun argazkia orbain hori egin zenuen egunekoa? Irudian bost bat urte dituzu eta herriko futbol zelaian zaude. Futboleko botak, belaunerarte iristen zaizkizun galtzerdiak, galtza motzak eta marradun kamiseta bat daramatzazu. Ahoan hortzik gabeko irribarrea eta ilea motz-motz moztuta. Zure lehenengo futbol partida jokatzera zoaz. Zenbat aldiz kontatu ote didazu egun hartan jazotakoa! Taldekideak baloia pasa eta han zindoazen zu, aurkari guztiak saihesten, urrats bakoitzean atezainarengandik hurbilago. Bat batean ezerezetik bezala zango bat azaldu zen eta baloia kendu nahian zangotraba egin zizun. Airetan atera omen zinen eta metro bat aurrerago zegoen harri koxkor baten gainean erori.

Begiek ibilbidea jarraitu dute aldakan gora –zein ondo mugitzen zenuen dantzan hasten zinenean–, sabel eta eskuak pasaz, zure bular ederretan geratuz. Gogoratzen zara ezagutu ginen egunean gertatu zitzaigunaz? Hamazazpi urte neuzkan nik, zuk hogei egin berriak. Herriko jaiak ziren, eta txozna gunean nengoen, lagun koadrila galdu nuen eta haien bila nenbilela esku bat sumatu nuen sorbaldan. Zu zinen. Alkohol edalontzi bat eskuan, kamiseta mahuka motz bat eta galtza bakero batzuk bakarrik zeneramatzan, gaueko ordu txiki haietan egiten zuen hotzak zuri eragingo ez balizu bezala. “Galdera bat egin diezazuket?” esan zenidan, eta nik harrituta baietz esan nizun. Niri hizketan hasi zinen, baina nik ez nizun arretarik jartzen lagunen bila ari bainintzen. Hala, hizketan jarraitu genuen eta laster musuek hitzak ordezkatu zituzten. Zure eskuek nire gorputza laztandu zuten goitik behera eta nik gehiago ezin nuelarik kamisetatik tira nizun kentzeko asmotan, baina konturatu gabe erditik hautsi nuen. Eskerrak nik etxean banuen zuri uzteko moduko beste bat.

Bularraldea igaro eta aurrerantz doaz begiak, lepoan barrena aurpegiraino helduz. Begi urdinak itxita dituzu. Ilea buru inguruan txukun jarrita. Ezpainak erdi irekita. Azala ohi baina zuriago. Begiek azkenean tristurazko malko bat isuri dute, zure ezpain erdi irekiak bustiz, masailean behera lerratu dena. Azken musua eman eta beilatokitik atera naiz. Agur maitea.

Lur

This article is from: