Maddi Puy 6. saila Prosa
MAITEA Nire begiek zure zangoetan goranzko bidea hartu dute, takoizko zapata sinple baina dotoreetatik haratago jarraituz. Gogoratzen zara haiek erosi genituen egunaz? Ohiko moduan presaka gindoazen hain gustuko zenituen ekitaldi haietako batera. Barre algara artean ziztu bizian igarotzen ziren gure begien aurretik Erromako kaleei izen ematen zieten kartelak: Corso Vittorio Emanuele II, Via Aracoeli, Piazza San Marco… Piazza Campidoglio. Han, garraiatu gintuen limusinatik jaitsi eta Miguel Angelek berak diseinatu zuen plazara bidean gindoazela, Erromako kale guztiak estaltzen dituzten galtzada-harrietako batekin estropezu egin eta takoia hautsi zitzaizun. Hura komeria! Ekitaldira horrela azaldu ezin zenuela eta, nire bizkarrera igo eta italiar harrituen begiradei jaramon egin gabe bi kale aurrerago ikusi zenuen zapata dendara joan ginen. Hura poza geurea ahal genuen moduan takoizko zapatarik ba al zuten galdetu eta “Si, abbiamo un paio” erantzun zigutenean. Begiek belaunak pasa eta izterretan aurrera jarraitu dute. Soineko beltzak ia estaltzen dizun orbainean gelditu dira. Ez ahal da ondoan duzun argazkia orbain hori egin zenuen egunekoa? Irudian bost bat urte dituzu eta herriko futbol zelaian zaude. Futboleko botak, belaunerarte iristen zaizkizun galtzerdiak, galtza motzak eta marradun kamiseta bat daramatzazu. Ahoan hortzik gabeko irribarrea eta ilea motz-motz moztuta. Zure lehenengo futbol partida jokatzera zoaz. Zenbat aldiz kontatu ote didazu egun hartan jazotakoa! Taldekideak baloia pasa eta han zindoazen zu, aurkari guztiak saihesten, urrats bakoitzean atezainarengandik hurbilago. Bat batean ezerezetik bezala zango bat azaldu zen eta baloia kendu nahian zangotraba egin zizun. Airetan atera omen zinen eta metro bat aurrerago zegoen harri koxkor baten gainean erori. 34