Prosa eta Poesia lehiaketa. 2016

Page 1

Oiartzungo XXIX.

LEHIAKETA 2016


Oiartzungo XXIX. Prosa eta Poesia lehiaketa 2016



Sarrera Oiartzuar agurgarriak! Esku artean dugu urtero Oiartzungo Udalak antolatutako XXIX. Prosa eta Poesia Lehiaketan saritutako lanen bilduma. Euskarazko literaturaz gozatzeko, euskaraz irakurtzeko ohitura hartzeko eta idazteko zaletasuna sustatzeko helburuarekin jarri zen martxan lehiaketa hau. Ez da batere lan makala izaten. Idazten abilena denak ere, zirriborro bat baino gehiago egingo zuen behin betiko lana bukatzea lortu aurretik. Zorionak eman nahi dizkiet lehiaketan parte hartu duten ikasle guztiei, idatzirik gabe ez baitago literaturarik. Beti korrika gabiltzan garai honetan, dena presaka egin nahi izaten dugu, bainan askotan ahaztu egiten zaigula nora goazen, baina abiada bizian joan behar dugu. Idazteak edo eta irakurtzeak askotan erritmo ero hau hautsi eta bizitza lasaiago hartzeko patxada ematen digu. Bestalde, beste behin ere eskerrak eman nahi nizueke lehiaketa hau aurrea atera ahal izateko bidelagun izan zareten irakasle guztiei eta baita epaimahaiko kideei ere. Oraingoan ere lan haundia egin duzue, lanak banan-banan irakurtzen eta horien artetik onenak aukeratzen. Eskerrik asko zinez! Euskaraz idatzi, euskaraz abestu, euskaraz amestu, geurea babestu euskaraz beti!!! Zu eta ni bizi gara bizi euskara bizi da eta geurekin bizi bedi!!! EUSKARAZ BIZI!! Ioritz Aizpuru Lopez Euskara Zinegotzia

3


© Oiartzungo Udala Lege gordailua: SS-254-2017 Fotokonposaketa eta inprimaketa: Antza komunikazio grafikoa


Oiartzungo Prosa eta Poesia Lehiaketaren 2016ko saridunak

2016ko epaimahaikideak:

Pello Añorga Lopez, Ipuin kontalaria

Goiatz Labandibar Arbelaitz, Kazetaria eta idazlea

Izar Azpiroz Iragorri, Matematikaria eta irakaslea

Aingeru Palomo Zabala, Irakaslea

Nerea Aizpuru Arrillaga, Poeta

Sohalge Arbelaitz Kortabarria, Irakaslea

Imanol Irigoien Aranberri, Poeta eta margolaria

Intxixu AEK euskaltegia

Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunea

Lehendakaria: Ioritz Aizpuru Lopez (Euskara Zinegotzia) Idazkaria: Aitziber Arnaiz Garmendia (Euskara Teknikaria) Zuzenketak: Arkaitz Goikoetxea Arriola

5


2016ko saridunak Saila

Maila

1. saila

LH 3

Prosa

Poesia

ILARGI ZIAURRITZ OLAZIREGI Txiriren arazoa

ARITZ OIARTZABAL GONZALEZ Ipotxito txikia

2. saila

LH 4

IRAIA ZAPIRAIN OLASAGASTI Ni eta nire ahizpa

IRURI ETXEBESTE ESNAOLA Eguzkiren sekretua

3. saila

LH 5-6

IBAI SANZBERRO, GARAZI ELIZEGUI, MADDI GOENAGA

LUR LOPEZ FRAILE Zuhaitzaren sorrera

Olentzero

ELAIA ERKIZIA ORTEGA / JUNE CAETANO UNAI EGUZKITZA MARTINEZ 4. saila

5. saila

6. saila

DBH 1-2

DBH 3-4

16-18 urte

Planeta aspertuak

Sugea su hondoan

MALEN FRANTSESENA ARNAIZ

BEÑAT SUSPERREGI GARMENDIA

Gernikatik ihesi

Ezezagun bat kobazuloan

KATTALIN IRIONDO GAZTELUMENDI

NAGORE ETURA MENDIZABAL

Lukuko kaioak

Denbora

MALEN ELIZASU MANTEROLA

LAIENE ARANBURU GORROTXATEGI

Alabaren hotsa

Mundi txiki bat

LUIX MITXELENA MITXELENA

JUNE GALARDI ZAPIRAIN

Ipurtargia

Maitasun ubeldua

MADDI PUI SORONDO

AMAIA CORTÉS CARRIZO

Maitea

Minutu bat

MADDI IBARGUREN ELOSEGI

CARLA GARCÍA REQUENA

Begi beltzetan galdurik

Barkatu

6


Aurkibidea Prosa TXIRIREN ARAZOA

10

IPOTXITO TXIKIA

11

NI ETA NIRE AHIZPA

12

EGUZKIREN SEKRETUA

14

ZUHAITZAREN SORRERA

16

PLANETA ASPERTUAK

18

GERNIKATIK IHESI

21

Lukuko kaioak

24

Aldabaren hotsa

27

IPURTARGIA 30 MAITEA 34 BEGI BELTZETAN GALDURIK

36

Poesia OLENTZERO 41 SUGEA SU ONDOAN

42

EZEZAGUN BAT KOBAZULOAN

43

DENBORA 44 MUNDU TXIKI BAT

46

maitasun ubeldua 48 MINUTU BAT

50

BARKATU BITXILORE

52

7



Prosa Oiartzungo XXIX. Prosa eta Poesia lehiaketa 2016


Ilargi Ziaurritz 1. saila Prosa

TXIRIREN ARAZOA Udako egun batean, mendi batean Txiri izeneko kilker gazte bat bizi zen. Oso bihotz onekoa zen. Ez zekien kantatzen eta lagunek barre egiten zioten. Bera oso triste bizi zen. Orduan laguntza bila joatea erabaki zuen. Lehenengo tximeletarengana joan zen, gero txoriarengana eta ez zioten lagundu. Gero satorrarekin topo egin zuen eta honek galdetu zion: - Nola kantatzen duzu zuk? - Kro-kro! -kantatu zuen Txirik. Eta orduan satorrak esan zion: - Niri buruko mina ematen dit, baina zure abestia asko gustatzen zait. - A, bai? Eta konturatu zen denok ez dugula berdin kantatu beharrik. Beraiek han zoriontsu bizi izan ziren eta gu hemen zoriontsu bizi gara. Pastelin

10


Aritz Oiartzabal 1. saila Prosa

IPOTXITO TXIKIA Bazen Ipotxito izena zuen ipotx bat. Denek burla egiten zioten txikia zelako eta, beti bezala, errekara joan zen. Malko bat uretara erori zen eta buru bat atera zen bertatik. Honek esan zuen: - Ipotxek ura gorroto dute, zuk barku bat egin eta itsasora joan! Gero desagertu egin zen. Eta barkua egin zuen. Geroago kotxea hartu eta hondartzara abiatu zen. Gauean hondartzara iritsi zenean, segituan uretan sartu zen baina olatu handi batek barkutik bota zuen eta urperantz joan zen. Baina begi batzuk ikusi zituen eta badakizue nor zen? Uretako zaldi bat atera zen! Ipotxitok buruan matte-matte egin zion. Orduan uretako zaldiak Ipotxito bere gainean jarri eta kostara eraman zuen. Ipotxak kotxea hartu eta agur esan zion uretako zaldiari. Beste ipotxek ikusi zutenean bustita, izena aldatu zioten: Haundi jarri zioten. Martin

11


Iraia Zapirain 2. saila Prosa

NI ETA NIRE AHIZPA Kaixo ni Adelaida Sidi naiz. 9 urte ditut eta Maulen bizi naiz nire ama, aita eta…eta… nire ahizpa Anerekin! Ez zait gustatzen nire ahizpa nolakoa den! Hau da gertatzen dena: 1. gertaera:

Otsailaren 4an, gelarekin inauteriak ospatzean, ni laminaz mozorrotu nintzen eta nire ahizpa pinguinoz mozorrotu zen, edo nik hori uste nuen, zeren, egia esan, harri bat mokoarekin ematen zuen. Kontua da, mozorrotuta kotxeko bidean ginela, nire laminaren mozorroa sosoa zela esan zuen: - Zure laminaren mozorroa zozoa baino sosoagoa da! Nie ahizpak 4 urte ditu eta, txikia denez, ez nintzen haserretu baina orduan... Nire laminaren iletik tiraka hasi zen, hau esanez: - Zozoa baino sosoagoa, zozoa baino sosoagoa… Orduan bultza eta hau esan nion: - Gelditu iaaaaaaa! Nire ahizpa negarrez hasi zen eta nire amak egun bat telebista gabe utzi ninduen. 2. gertaera:

Atzo, hau da, martxoaren 21ean, ni liburu bat irakurtzen ari nintzen izen honekin (Galduen Uhartea). Orduan nire panpinak, liburuak, puzzleak… komuneko paperez bildu zituen nire ahizpak. Gero gelara iritsi eta dena komuneko paperez bilduta zegoen eta nik garrasika hau esan nuen: - Aneeeeeeeeeee!!!

12


Horrela… Orduan nire lagun onena, Maialen, etorri zen etxera eta pozik atea irekitzera joan nintzen hau esanez: - Maialeeeeen!!! - Kaixo Adelaida!!! Eta…bueno 38. arrazoia kontatu nahi dizuet. 38. arrazoia:

Etxeko lanak egiten ari nintzela, gaur goizean, Ane etorri eta permanentearekin margotu dizkit etxeko lanak: - Kar, kar, kar!!! - Gelditu, Ane, nire etxeko lanak dira!!! Puf! Bota zidan arkatza. - Bale iaaaaaaaaaaaa!!! -esan nion. Gorroto dut nire ahizpa!!! Bueno… egia esan… ba… ondo pentsatu dut dena eta… Maite dut nire ahizpa Ane!!! Tipitti

13


Iruri Etxebeste 2. saila Prosa

EGUZKIREN SEKRETUA Bazen behin neska bat, Eguzki izenekoa. Neska lotsatia zen eta abenturak asko gustatzen zitzaizkion. Ile horia zen eta begi urdinak zituen. Hamar urte zituen. Egun batean Aialde kalean zihoala, ate bat ikusi zuen, ate misteriotsu bat. Eguzkik atea ireki eta dena ilunpean zegoen, eta orduan argi txiki bat ikusi zuen. Hurbildu eta kaxatxo bat zegoen. Kaxa eskuetan hartu eta beste mundu batean agertu zen, mundu miragarria, mundu imajinaezina! Orduan untxi bat ikusi zuen eta untxiak esan zuen: - Nahi al duzu nire laguna izan? Eguzki isil.isilik geratu zen eta esan zion: - Bale... Eta aurrera segi zuten. Bat-batean amildegi bat ikusi zuen eta untxia beste aldera zenbat metro zeuden kontatzen hasi zen eta esan zuen: - Beste aldera bost bat metro daude! Untxiak salto batean pasatu zuen baina Eguzkik ez zekien horrelako saltoa egiten eta untxiak lagundu zion beste aldera joaten. Beste aldera iritsi zenean ikusi zuten… tximeleta bertsolariak, untxi laranjak, suge moreak eta abar. Baina triste zeuden eta galdetu zien Eguzkik: - Zer pasatzen zaizue? - Kobazulo horretan bizi den arratoi batek gure herria zuri-beltz bihurtu nahi du. - Hori ez da bidezkoa -esan zuen Eguzkik.

14


Eta animaliei laguntzea pentsatu zuen. Eguzki eta animalia guztiak elkartu eta zer egin pentsatu zuten. Kobazulora joan ziren arratoiarekin hitz egitera eta esan zuen arratoiak: - Zer ari zarete hemen? - Zurekin hitz egitera gatoz. - Esan, zer esan behar didazue. - Zergatik nahi duzu animalia koloretsuen herrialdea zuri-beltz bihurtu? - Mundu hau koloretsueegia da eta kanpora joaten naizenean begietan min hartzen dut eta zuri-beltz bihurtzen badut ez dut begietan minik hartuko. Baina egin dezakegu munduaren erdia zuri-beltza eta beste erdia koloretsua. Eta denak pentsatzen hasi ziren eta esan zuten… - Bale! Denak adostu eta Eguzkik eta untxiak aurrera segi zuten. Eta lurrean sagar beltz bat ikusi zuen. Eskuetan hartu eta esan zion sagarrak: - Sagar hau jaten baduzu, printzesa bihurtuko zara! Eguzkik esan zuen printzesa izatea zoragarria izango zela, baina ez, nahiago dut neska normal bat izan. Orduan esan zuen sagarrak: - Orduan zure laguna galduko duzu! - Eeeezzzz! - Bai! Eta untxia desagertu egin zen. Eguzki negarrez hasi eta bere mundura bueltatu zen. Baina Eguzkik ez zion sekretu hori inori kontatu. - Ixoooooooo, ez esan inori! Happy

15


Lur Lopez 3. saila Prosa

ZUHAITZAREN SORRERA Bazen behin aspaldi-aspaldian okil familia bat. Okilek arrautzak erruteko leku seguru bat behar zuten, bestela azeriek txita txikiak jaten zituzten. Okilaren arraza desagertzen ari zen: okil beltza, okil berdea, okil txikia, handia… inork ez zituen bereizten, inguruko animalientzat okilak baitziren denak. Eta orduan okil zahar batek esan zuen: - Badakit Okilun izeneko kobazulo ilun batean badaudela hazi magiko batzuk. Horiek ereinda landare erraldoiak sortzen omen dira eta, bere enborrak zulatzen baditugu, bertan lasai errungo ditugu arrautzak. Baina gizaki itxurako batek oso ongi gordeta dauzka eta ez dio inori inguratzen uzten. Orduan okil ausart batek esan zuen: - Berdin zait! Nire herria babesteko edozer gauza egiteko prest nago eta ni joango naiz hazi magikoen bila! - Kontuz ibili! -erantzun zioten beste okilek. Okil hori nahiko txikia eta kobazulo ilun bat bezain beltza zen. Egunak eta asteak pasa zituen hegan ia gelditu gabe eta, horrela, haranak eta mendixkak zeharkatu zituen. Egunsenti polit batean okilak zerbait entzun zuen kobazulo baten barruan: Zer zen soinu hori? Basurde bat? Hartza? “Ez da ba Okilun izango”, pentsatu zuen bere baitan. Orduan, bi aldiz pentsatu gabe, isil-isilik, barrura sartzea erabaki zuen. Kobazulo barrutik, pertsona baten ahotsa iritsi zitzaion. Hurbildu zenean konturatu zen gizon hori nahiko altua eta gihartsua zela eta begiak itsasoa

16


bezain urdinak zituela. Okila, ordea, beltza zenez, gizonak ez zuen ikusi ere egin. Okilak pentsatu bezala gertatu zen. Mokoa zabaldu eta lurrean pilatuta zituen haziak hartu zituen eta tximista baino azkarrago kobazulotik ihesi joan zen. Hazietako bat, ordea, gizonaren buru gainera erori zen eta makila eskuetan zuelarik amorruz beterik okilari segika hasi zitzaion. Okila oso urduri zegoen eta, nola edo hala, ihes egin beharra zeukan bestela bereak egin zuen. Halako batean, kobazulo atarira iritsi zenean atzera begiratu zuen eta harkaitz batekin trabatu zen. Orduan, hazi magikoak amildegian behera erori zitzaizkion. “Ene, nire hazi magikoak amildegian behera doaz!”. Okila triste itzuli zen etxera. Handik aste pare batera, han inguruan paseatzen ari zela, okilak landare erraldoi batzuekin egin zuen topo: batzuek zerra moduko hostoak zituzten ertzetan, besteek bihotz formakoak, biribilak, kurbatuak… Inork ez zekien zer ziren gauza luze, sendo eta misteriotsu horiek. Baina okilak segituan hasi ziren enborretan lanean. Geroztik, hazi horiek hegaztientzat bakarrik dira magikoak, zuhaitz bat sortzeko indarra badutelako barruan. Baina gizakiontzat haziak dira soilik, hazi arruntak, magiko izateari utzi diote altzariak egiteko, sutan erretzeko eta papera sortzeko erabiltzen ditugulako. Aldura

17


Elaia Erkizia / June Caetano 3. saila Prosa

PLANETA ASPERTUAK Orain dela urte asko Eguzki Sisteman gertatu zen istorioa kontatuko dizuet. Planetak aspertuta eta kexaka zeuden Eguzkiaren inguruan beti bira berdina ematen zutelako. Hori zela eta, beren artean bilera bat egitea pentsatu zuten. Bilera egin zuten eta Eguzkiarekin Saturnok hitz egingo zuela erabaki zuten besteen artean, hizlari ona zelako, entzuten zekielako eta oso gutxitan haserretzen zelako. Saturno Eguzkiarengana hurbildu zen, nahiko urduri, eta esan zion: - Eguzkia, planeta guztien izenean nator eta gauza bat eskatu nahi dizut. - Aurrera, aurrera –esan zion eguzkiak–. Ez ezazu beldurrik izan. Entzuteko prest nago. Hori entzuterakoan, Saturno lasaitu egin zen eta hizketan hasi zen. - Planeta guztiak aspertuta eta deskontentu gaude milaka urte daramatzagulako zure inguruan bira berdina egiten. Alda genezake gure ibilbidea? –galdetu zuen Saturnok. - Baina, zer dela eta? –erantzun zion Eguzkiak–. Begira, ibilbidea aldatzen badizuet, urtaroak desberdinak izango lirateke. Eta hori ezinezkoa da! - Baina zenbait planeta oso kexati daude. Batzuk hotza dutelako, besteak, berriz, bero gehiegi dutelako. Guk, denak, gustura eta pozik egon nahi dugu. Guri gustatuko litzaiguke denak berdintsu egotea –argitu zion Saturnok. - Berriro diot. Ezinezkoa da! –haserre samar errepikatu zuen eguzkiak. - Beno, horrela bada, zure Eguzki Sistematik alde egin beharko dugu – adierazi zion Saturnok. Eta “aio” batekin agurtu ziren biek elkarri eskua emanda. 18


Saturnok bere kideekin hitz egin zuen eta kontatu zien Eguzkiak ez zuela nahi beren ibilbidea aldatu urtaroak aldatuko zirelako. - Jo! Eta zer egin behar dugu? –galdetu zuzen Lurrak - Hemendik alde egin beste sistema baten bila –xuxurlatu zuen Martek. Pluton txikiak aditu zuen Martek esandakoa eta horrela esan zion honi: - Niregatik, Ados! - Zein dira zuen proposamenak? –galdetu zuen Saturnok. -Goazen eta aurkituko dugu beste sistema bat hobea –erantzun zion Merkuriok–. Eguzkitik oso gertu nago eta orbitaz aldatzeko irrikatan nago. - Denak ados zaudete nirekin? –galdetu zuen Merkuriok. Eta denek baietz erantzun zuten. Abiatu ziren denak batera eta, bidaiatzen ari zirela, urrutira, zulo beltz bat ikusi zuten. - A ze beldurra! –oihukatu zuen Uranok–. Hurbiltzen bagara, bere barrura xurgatuko gaitu. - Ba, barrura sartuko gara eta jakingo dugu bertan zer dagoen –esan zion Artizarrak. Eta horrela gertatu zen. Zulo beltzera hurbildu zirenean, honek planeta guztiak xurgatu zituen. Zulo beltzaren barruan zeudela, materiaz betetako harresi batekin egin zuten topo, eta ezin zuten ez aurrera ez atzera egin. - Denak elkartzen bagara, bola handi bihurtuko gara eta harresia puskatuko dugu –esan zuen Martek. Esan eta egin. Bola handi bat sortu zuten denen artean eta harresia puskatzea lortu zuten. -Urra! Urra! Lortu dugu! –planeta guztiek batera. -Goazen hemendik lehenbailehen –agindu zuen Saturnok–. Bilatuko dugu beste bizileku bat hobea. Eta horrela izan zen. Beste leku hobe baten bila abiatu ziren berriz. Oso nekatuta zeuden asko ibili zirelako eta gustuko ezer aurkitzen ez zutelako. Orduan, denen artean pentsatu zuten beren betiko Eguzki Sistemara itzultzea. Eguzkiarengana hurbildu ziren denak eta Uranok esan zion: 19


- Eguzkia, badakigu zurekin gaizki portatu garela eta barkamena eskatzen dizugu. Hemendik kanpo zerbait desberdina topatu nahi genuen, baina ez dugu aurkitu nahi genuena eta ikasi dugu zu zarela onena. - Beno, zuek ere barkatu behar nauzue –esan zuen Eguzkiak–. Harroa izan nintzen zuekin eta ez nintzen batere saiatu zuen eskaeraren aurrean. - Lasai! Hala ere, eskertuko genizuke gure eskaera kontuan hartzea –esan zioten denak batera. - Ongi da. Pentsatuko dugu nola egin dezakedan –erantzun zuen Eguzkiak. Eta planetek txalo zaparrada bat egin ondoren, “ESKERRIK ASKO” indartsu batekin agurtu zuten Eguzkia. Eguzkiak bete zuen planeten eskaera urtaroak ezertarako ukitu gabe eta planeta bakoitzak bere orbita aukeratu zuen. Hotza pasatzen zutenak Eguzki aldera mugitu ziren eta bero zutenak urrundu egin ziren. Handik aurrera, planeta guztiak zoriontsuak izan ziren! Puppy

20


Malen Frantsesena 4. saila Prosa

GERNIKATIK IHESI 1937ko apirilaren 25a, Gernika.

Gaur egun alai eta koloretsua da. Gaur amak eskumuturreko berria oparitu dit, bere izena jartzen duena. Eskolatik atera ondoren, lagunekin jolastera joan naiz eta gero dantzako klasera. Orain etxera iritsi naiz, afaldu eta lotara noa: BIHAR ARTE!! 1937ko apirilaren 26a, Gernika.

Goizeko bederatzietan eskolara joan naiz. Handik ordu batzuetara, sekulako lurrikara nabaritu dugu eta kanpora irten gara ea zer den ikustera. Kanpora iritsi gara eta dena suntsituta ikusi dugu. Orduan, lurrikara berriz hasi da eta Katalina, Ines eta ni, Klara, korrika joan gara zuhaitzak zeuden toki batera. Lurrikaratzat genuena gerrako hegazkinek egin duten bonbardaketa dela konturatu garenerako, eskola suntsiturik zegoen eta bakar-bakarrik ginen. Bakardade hartan, eskolako hondarrak utzi eta gure lagun eta irakasle guztien gorpu hilen artetik, gure etxeetara joan gara, ea gure gurasoak bizirik dauden ikustera. Etxean nire familia guztia hilda aurkitu dut. Gure etxe zuri, handi eta ederra zena, harri eta egur zati suntsitu, beltz eta triste bihurtu da. Bat-batean Katalinak malko bat ikusi du nire begi urdin eta handietatik erortzen, eta orduan esan dit, nire ile luze eta horia ukituz: - Lasai, Klara, moldatuko gara, ez larritu. Ikusten duzunez, gure etxeak eta familiak suntsiturik daude, lasai egon. Nik buruarekin baietz egin diot eta Inesek ere halaxe egin du. Une horretan, berriz pasatu dira gerrako hegazkinak. Berde militar kolorea zuten eta, egia esateko, ez ziren oso handiak, ezta politak ere.

21


Ordu bat pasa da bonbardaketa gertatu denetik eta orduan Inesek esan du: - Nik ezagutzen dut norbait berarekin bizitzen utziko ligukeena; nire lehengusu-lehengusinak, Miren eta Mikel, bakarrik bizi dira, nahiz eta ez oso gertu egon. Ibarrangelun bizi dira. Nahi baduzue bertara joan gaitezke. Guk baietz esan diogu eta orain hara bidean goaz. Bat-batean, euria hasi du eta gu hirurok korrika alde egin dugu zuhaizti baterantz. Euria geratu du eta, galduta genbiltzala uste genuenean, Katalinaren begi marroi argiak piztu eta aurpegia alaitu zaio: - KORTEZUBI jartzen du hor, ez gaude galduta! Kortezubi herria oso txikia da, baina oso polita. Ilargiaren argiak argitzen du gure bide bakartia, lo egiteko eta zerbait jateko tokiaren bila gabiltzanean. Han urrutian, emakume bat eta ume txiki bat etxera bidean ikusi ditugu. Orduan, Inesek esan die oihu txiki bat eginez: - Aizue! Itxaron mesedez! Oihua entzun eta denbora gutxira, ume txikiak esan dio amari: - Ama, begira! Neska batzuk guri deika ari dira! Amak larritu aurpegiarekin esan digu: - Zer gertatzen zaizue? Guk gertatu zaiguna kontatu diogu eta ondoren esan digu: - Nahi baduzue geratu zaitezkete gauean gurean lotan eta bihar joango zarete Ibarrangelura. Orain lotara goaz: BIHAR ARTE! 1937ko apirilaren 27a, Kortezubi.

Goizeko zortzi eta erdietan gosaltzera joan gara. Gosaltzen bukatu dugu eta emakumeari eta umeari agur esan diegu. Ibarrangelura biharko edo gaur gauerako iritsiko garela esan digu eta gu bidean jarri gara. Bat-batean, Arteagan geundela, euria hasi du eta aterpe batean sartu gara. Aterpe aurretik pasa den gizon bati Ibarrangelurako gutxi gorabehera zenbat falta zaigun galdetu diot eta esan du, oinez joaten bagara, gauerako iritsiko garela. Orduan euria geratu da eta guk bidean jarraitu dugu. Arteaga herrian, mendi aldera. Zuhaixketatik masusta batzuk hartu ditugu zerbait jateko. Bidean goazela, bat-batean, esan du Inesek:

22


- Uste dut hurrengo herria Ibarrangelu dela. Oka ibaiari jarraituz iritsiko gara, hala esan zidan behin amonak. Orduan eskumuturrekoari begiratuz nire amaz oroitu naiz. Oka ibaia ikusi dugunetik ordu batzuk pasa dira eta laster iritsiko gara. Oka ibaiari jarraituz iristen omen da Ibarrangelura, baina iluntzen ari du eta azkar iristen ez bagara, lehengusuak lo egongo dira gu iristerako. Halako batean, Katalinaren begi berdeak, ilun zeuden begiak, argitu dira eta esan du pozaren pozez: - Iritsi gara! Begira, Ibarrangelun gaude! Inesek irribarre handi batekin esan du: - Bai, arrazoi duzu! Uste dut, gainera, horko etxe handi eta zuri hori dela beraiena. Etxearen parera joan eta atea jo dugunean, Inesen lehengusina Miren leihora atera eta esan du: - Ines, Klara, Katalina, zertan ari zarete hemen? Orduan atea ireki digu eta gertatu dena kontatu diogu. Guztia kontatu ondoren, esan digu lasai geratzeko beraiekin bizitzen eta ez arduratzeko arropengatik eta eskolagatik, beraiek ordainduko dizkigutela. Gauean, afaltzeko orduan, Mikel etorri da eta guztia kontatu ondoren… - Eta zer gertatu zen ordutik aurrera, amona Klara? - Ba ordutik aurrera bizitza berri bat hasi genuen. Zuk eskuan duzun eskumuturreko polit hori nire amarena zen, bonbardaketa gertatu baino egun bat lehenago oparitu zidana. Eta orain irakurri dizudan hau nire txikitako egunerokoa da. - Eta non daude Katalina eta Ines orain? - Haiek? Nire bihotz barneko oroitzapenetan. Gernika

23


Kattalin Iriondo 4. saila Prosa

Lukuko kaioak Kostako bidetik abiatzen bagara, Luku herriarekin topatuko gara. Herri hori arrantzale herria da, kostako beste hainbeste bezala. Herriko etxe gehienak elkartuta daude, eta herrigunea osatzen dute. Harrizko kale estuen bi aldeetara elkarren ondoan eraikitako etxe xume eta apalak dira. Urrunago portua dago. Herritik porturaino joateko itsasertzetik ibilalditxo bat egitea ezinbestekoa da. Bertan arrantza-ontzi koloretsuak ur gainean balantzaka ikus daitezke, arrantzaleak itsaso zakarragatik arrantzara joaten ez direnean behintzat. Lehen aipatu bezala, Luku herriko gizonezko gehienak itsasoan aritzen dira lanean, eta emakume gutxi batzuk sareak konpontzen aritzen dira. Hala ere, emakume gehienak etxeaz eta seme-alabez arduratzen dira. Jende langile eta umila da. Martin herriko arrantzale bat da. Arrantzale asko bezala, gizon indartsu eta sendoa da. Buru soila du, ez da garaia baina bai lodikotea. Mutilzaharra da eta lehorrean dagoenean, hau da, lanean ari ez denean, tabernan aurki daiteke zurrutean. Itsasoaren egoera zelatatuz porturaino oinez joatea ere atsegin du. Portuko ibilbidea urte osoan zehar kaioz beteta egoten da. Haien hegaldiak azkarrak eta zalapartatsuak izaten dira. Neguan horien azpian itsaso zakarra ikus daiteke, bere olatu bortitzak gora eta behera dabiltzala. Neguko egun lainotsu eta euritsu batean, askotan bezala, Martin portu aldera zihoan. Urrutian, bere alderantz zetorren neska bat ikusi zuen. Oso pauso geldoarekin zetorren, burua lurrera begira zuelarik. Soinean zamarra zahar, berde ilun bat zeraman eta haren txanoa jarrita zuen. Inguratzen ari 24


zela, Martini ez zitzaion ezaguna egin. Berehala konturatu zen ez zela herrikoa. Bestalde, gaztea zen eta liraina. Gurutzatu zirenean, itxura tristea eta bakartia sumatu zion. Hori bai, parera iritsi zirenean eta neskak burua altxatu zuenean Martin txundituta geratu zen. Izugarrizko begiak zituen neskak. Oso-oso deigarriak ziren. Begiek neguko itsasoaren kolorea zuten, berde ilun eta sakona. Hurrengo egunean, Martinek, berriz ere portu aldeko buelta ematen ari zela, aurreko eguneko neska gaztea ikusi zuen. Jantzi eta itxura berbera zeraman. Martini atentzioa eman zion zein burumakur zihoan, zerbait latza gertatu balitzaio bezala. Egun horretan Martin arduratuta gelditu zen. Zail egiten zitzaion ulertzea eguraldi txar haiekin neska gazte bat bakarrik ikustea, are gehiago itxura triste harekin. Neskaren irudia burutik kendu ezinik ibili zen egun guztian. “Nongoa ote zen?”. “Zertara etorria ote zen?”. “Non pasako ote zituen gauak?”. Herrian, zerbait galdetu bazuen ere, inork ez zekien ezer eta gehienek, gainera, ez zuten ikusi ere egin. Ez zen harritzekoa. Egun haietan egiten zuen giro txarrarekin herritarrak etxe barruan gelditzen ziren, tximiniak eta suak piztuta. Hurrengo egunean, burua kezkaz eta galderaz beteta zuela, garai bertsuan Martin portu aldera abiatu zen. Ziur zen neska ikusiko zuela. Eta ez zuen huts egin. Han agertu zen. Oraingoan agureak gehiago jakin nahi zuen eta, hark ikusten ez zuela, jarraitu egin zuen. Gaztea mendi aldera abiatu zen eta portutik gertu zegoen txabola batera sartu zen. Bertan bizi zela pentsatu zuen Martinek. Txabola, bestalde, erdi eroria zegoen eta ez zirudien oso segurua. Beste egun haietako batean, Luku herriko gizon sendoa, egunero bezalaxe, oinez zebilen. Gazterik bakartiena ikustea pentsatzen zuen, baina ez zen harekin topatzen eta harrituta zegoen. Portura iristeko metro gutxi falta zirela, arroka gainean gizaki baten irudi bat antzeman zuen. Nornahi izanda ere erotuta zegoela pentsatu zuen. Itsasoa egun haietan guztietan bezain zakar zegoen eta olatuak ere ikaragarriak ziren. Arroka ertz hartan egotea oso arriskutsua zen, dudarik gabe. Gerturatzen zihoan heinean, neska gaztea zela ohartu zen. Harkaitz gainean bi besoak zabalduta zituen, eta, oraingoan, burua gorantz zuen. Martin oso harrituta zegoen eta ez zion itxura onik hartu begien aurrean zuenari.

25


Bat-batean, neskak uretara salto egin zuen. Martin zur eta lur geratu zen. Egoera arraroa iruditu bazitzaion ere, ez zuen inolaz ere pentsatu uretara salto egingo zuenik. Gizona, ahalik eta azkarrena hurbildu zen arroka hartara, eta ia neska uretan ikusten zuen aritu zen denbora luzez. Ez zuen haren arrastorik izan, eta lur jota gelditu zen. Etxerako bidea hartu zuenean, kaioak zebiltzan jira eta buelta, beti bezain zalapartatsu. Inoiz baino kalatxori gehiago inguratzen zitzaizkion. Halako batean, Martinek burua altxatu zuen. Baina zer zen? Nor zen? Bera ote zen? Bere gainean zegoen kaioak neskaren begi berde berberak zituen. Iri

26


Malen Elizasu 5. saila Prosa

Aldabaren hotsa Ikusi… ikusi eta ikasi. Ikusi gabe ezin ikasi? Gezurra. Gainera, askok baino gehiago dakit, nahiz eta ez ikusi. Nire bizitzan ez dut aukerarik izan ezeri ikustaldi bat emateko, baina, momentuz, ez dut beharrik, beraz, iritsiko da eguna. Entzun dudanez, gaur urtarrilaren 20a da, eta Donostiara goaz buelta bat ematera. Lehenengo aldia da horrenbeste zarata entzuten dudana, herrian bizi bainaiz, eta leku lasaiagoa da. Burrunba handia aditzen dut, eta horrenbeste hotsekin nire burua galduta dabil; halere, leku segurua dut beti. Ahots batzuk gerturatzen ari dira, eta denek esaten dutena diote; ohikoa den bezala, “Zein handia egin den”. Nekagarria da gero. Gainera, horrelako egun berezi batean, gehiago. Gainera, nire aitaren urteak ere badira, eta amari gaueroko muxua ematen diodan bezala, gaur aitari tokatzen zaio. Hurbiltzen ari dela sumatzen dut, eta hortxe gerturatzen naiz ni ere, ahal dudan gertuen. Ia ukitzeraino. Mundua ikusteko dudan modua besteengandik oso ezberdina da. Egia esan, ez dut inoiz ikusi, baina goxo-goxo biltzen naiz nire pentsamenduetan, eta askotan beste mundu bat imajinatzen dut, askoz hobea. Ikusi, ez dut ikusten baina gainerako zentzumenak oso garatuak ditut. Entzumen zorrotzekoa naiz, eta usaimena ere fin-fina dut; pertsona bat niregana hurbildu bezain pronto jakiten dut zein den, duen lurrinagatik. Dena entzuten dut, nahiz eta askotan kasu zipitzik ez egin. Esaten den bezala, “articulo tres, kasu piturik ez!”. Nire nebak askotan esan ohi du esaldi hori. Jada nire izaera erabat finkatzen ari naiz gutxinaka, eta azken bi hilabeteetan are gehiago, handitzen edo zahartzen noan heinean gauza berriak ikasten ditut. Egunero, gutxienez bat ikasten dut, nire amak esaten didanez. 27


Gauetan, ezin dut lorik hartu amak ez badit kantatzen. Erlaxatu egiten nau, eta ohikoa den bezalaxe, kantuaren ondoren muxua dator. Bai aitarena, bai amarena, eta batzuetan baita nebarena ere. Egia esan, sekulako zortea dut. Pila bat maitatzen naute, nahiz eta batzuetan beraiekin ados ez egon eta nire onetik ateratzea lortu. Halere, askotan ez dute jakiten haserre nagoenik. Gehienetan, amak bakarra; berarekin dudan hurbiltasunagatik, noski. Halere, asko maite ditut. Egunak azkar igarotzen dira. Mikel Urdangarin entzuten dudanean baino azkarrago. Amak betitik du artista hori entzuteko usadioa, hortaz, txiki-txiki-txikia nintzenetik aditzen dut nik ere. Nire nebak, aldiz, musika modernoagoa entzuten du: Hesian, Berri Txarrak… Gaztea da nire neba, 14 urte dauzka, DBHko 3. mailan dabil. Haren gaztelaniako irakaslearekin haserretu naiz. Eta arrazoia oso garbia da: lantzen ari diren unitatean esaldi hau agertu omen zaie, “Ojos que no ven, corazón que no siente”. Hori ere gezurra. Gainera, ez dut nik bakarra esaten; Paulo Coelho idazleak ere honelaxe esaten du: “En todas las lenguas del mundo hay un mismo dicho: ojos que no ven corazón que no siente. Pues yo afirmo que no hay nada más falso que eso; cuanto más lejos, más cerca del corazón están los sentimientos que intentamos sofocar y olvidar”. Eta arrazoi guztiz gainera. Egun handia iristear dago. Egia esan, pixka bat urduri jartzen naiz hori pentsatzen dudanean, baina, laster izango denez, ez dut erremediorik; pentsatzen hasi behar dut, bai hala bai. Nolakoa izango ote da? Zein izango da nire zeregina? Noiz izango da? Esan dudan bezala, inoiz ez ditut nire senideak ikusi. Baina, imajinazio handia dut, eta, gainera, entzuten dudanagatik badakit nolakoak diren. Itxuraz ez. Baina izaeraz bai. Neba burugogorra da, baina bihotz onekoa. Kontsolak maite ditu, nahiz eta etxean horiekin jolasten ez utzi. Neba zintzoa dudala esan dezakedala uste dut. Nik dakidanez. Etxean ez dute arazorik izaten nire nebaren ikasketa maila dela eta. Ez da sekulakoa ikasketetan, baina saiatzen da, eta gurasoek hori baloratzen dute. Ama ederra dut; edo hori entzuten dut behintzat. Egia esan, seguru nago irudikatzen dudan bezalakoa dela; jenio bizi pixka batekin, baina sekulako ama. Nire iritziz, ama bat bere jeniorik gabe ez da ama on bat. Asko maite dut. Asko. Eta aita. Aitak egunero hitz goxoak esateko ohitura du. Sekulako pertsona da, eta lana ere ez du batere kaskarra. Fabrika handi horietako bateko langilea da, eta aditzen dudanagatik, bere bulegoa eta guzti du.

28


Egunero hainbat lekutan ibiltzen naiz, ez dut nik erabakitzen nora joan. Halere, egiten dudan ibilbideagatik badakit non nagoen. Baina, beste batzuetan, amak lagundu behar izaten nau. Egia esan, amaren albotik ez naiz mugitu ere egiten, halere, berak gidatzen nauenez, ez dut aldentzeko beharrik ere. Begiak izan, baditut. Nahiz eta, momentuz, iluntasuna soilik ikusi. Udaberria da, beraz, lore berriak jaiotzen hasi dira. Ni ere banoa. Gaur izango da eguna, nire familia ezagutuko dut, eta beraiek ni ezagutuko naute. Mundua nire begien aurrean izango dut. Nire amaren barruko gelaxkatik ateratzeko aukera dut gaur. Bai. Jaiotzear nago. Krixpet

29


Luix Mitxelena 5. saila Prosa

IPURTARGIA Bat-batean, triste begiratzen zidan gizon bat nigana hurbiltzen hasi zen. Dena ilun zegoen, oso ilun eta ikaraturik nengoen. Ez dut gogoan gero zer gertatu zitzaidan, hori gertatu ondorengo dudan oroimen bakarra gela osoa argiztatu zuen izpi zuri bat da. Amets arraroa benetan. Beti bezala ohetik altxa naiz. Egunero lez, nire zoritxar guztiak ahazten saiatzeari ekinez. Ospitale nazkagarri honetan ezinezkoa da iragana ahaztea. Zergatik niri? *** Oso haurtzaro… ez dakit nola esan, higuingarria, tristea, aldrebesa… gogoratzeak mintzen zaituen horietakoa izan da nirea. Gurasoek ez dut uste maite nindutenik. Drogaz inguratuta nengoen, biak drogazale amorratuak ziren. Gosea, tristura eta beldurra izan litezke hitzik aproposenak. Hala ere, ez dago hitzik igaro nuen sufrimendua deskribatzeko. Hamabi urte izango nituen; bai, hamahiru urte egiteko ez zitzaidan asko faltako. Gela zuri-zuri batean nengoen konortea erdi galdurik. Bertan zegoen erlojuaz bakarrik gogoratzen naiz, zer-nolako zaratatxoa egiten zuten orratzek, tik-tak, tik-tak… Erlojuaren tik-takarekin bat egin zuten nire bihotzaren taupadek. Medikuak, nire gurasoekin izandako auto istripuaren ondoren, gurasoak hil egin zirela esan baitzidan. Ez nekien zer egin. Alde batetik, nahigabe izugarria nuen, gustatu ala ez, nire gurasoak ziren, baina, bestalde, nire bizitzak hobera egingo zuela ikusi nuen. Umezurztegira eraman ninduten. Bertan bete nituen hamahiru urteak, ni bezalako beste ume ezezagun askoren ondoan. *** 30


Xabin gelakidea lagun mina nuen; izan ere, lau urte trinko igaro genituen elkarrekin, gure memento on eta txarrekin. Nik uste, biok ere desiratzen geunden egoitza zikin hartatik ihes egiteko. Saialdiak egiten genituen, baina ez genuen sekula lortzen ihes egitea. Ez nuen denborarik galdu nahi, gogoan dut larunbata zela, ez baikenuen klaserik. Gau osoa pentsatzen jardunda, oso argi nuen leku ziztrin hori ez zela niretzat egina. Ihes egin nahi nuen, zibilizaziotik kanpo. Gizarte laguntzaileak? Pikutara laguntzaileak! Nik aske izan nahi nuen. Edozer egin aurretik, Xabini aipatu nion. Berak ez zuen nirekin etorri nahi izan, bere ustez, berriro ere harrapatu egingo gintuztelako. Gainera, beste urtebete soilik itxaron beharko zuela esan zidan. Xabinek ihes egiten lagunduko zidala esan zidan, hala ere. Hurrengo goizean, igandero bezala, patioan geundenean, otorduetarako elikagaiak ekartzen zituen kamioia etorri zen. Gidaria, beti bezain umore txarrez, kaxak sukaldera eramaten ari zen. Beti kexan. Lagun biok elkarri begiratu genion; argi zegoen zer bururatu zitzaigun. Bagenekien, oso ongi gainera, ez genuela berriro ere elkar ikusiko. Elkarren mira izango genuen; beraz, agurtu ostean, kamioiak abiada hartzean, Xabin aurrean jarri zen. Nik atoiko atea zabaldu eta bertan ezkutatu nintzen. Xabinek gidariari atea zabalik zuela esan zion. Hura, garrantzi handirik eman gabe, atea itxi eta kamioira itzuli zen. Ez dakit zer aurpegi jarriko zuen, giltzari berriz ere buelta eman, eta kamioian abiatu ginen, ez dakit nora. Kamioia garaje antzeko toki batera iritsi zen. Hasiera batean, ilunpean horrenbeste denbora emanda, ingurukoa zehatz ikustea kostatu egin zitzaidan, baina halako batean lortu nuen. Gidariak soberan geratutako elikagaiak bere tokira eramaten zituen bitartean, janari apurtxo bat hartu eta kamioitik jaitsi nintzen. Hurrengo goiza arte han geratu nintzen, ilunpetan eta urik gabe. Prest egon behar nuen, ezin zuen inortxok ere ohartu ihes egin nuenik, berriz ere bueltan eramango ninduten bestela. Irrikatan nengoen. Azkenean libre nintzen berriz; hala ere, jada nire bila ibiliko ziren, beraz, argi ibili behar nuen. ***

31


- UME ASTAKILO KIRTENA! -esan zidan amak. Ez zen lehen aldia hitz hori entzuten nuena-. ZENBAT ALDIZ ESAN BEHAR DIZUT PELUXE ZIKIN HORI PARETIK KENTZEKO! GIZAGAIXO ALENA, HILTZEA MEREZI DUZU, HILTZEA! -noski, nire ama drogak pasata zetorren egun hartan. Ondotxo nekien horrelakoetan hoberena buru makur entzun eta ahalik eta tinkoena mantentzea zela, negarrik egin gabe. Izan ere, oso gogorra da ama batengandik horrelako hitzak entzutea. Askotan iristen nintzen eskolara orban eta zauriz beteta: - Zer gertatu zaizu? -zioten nire lagunek. - Ezer ez, gauean ohetik erori naiz -amak ez baitzidan uzten egindakoa eskolan kontatzen. Ero haizea igaro arte, gelan sartu nintzen, negar isilean. Infernua zen niretzat. Hori zen nire eguneroko bizitza. Ohiko egunetako bat zela uste nuen, baina tontakeria txiki batek bizitza ikusteko modua aldatu zidan. Leihotik ipurtargi bat sartu zen. Orduan jabetu nintzen ipurtargia bere argiarekin soilik bizi daitekeela, edozein mehatxu edo arazoren aurrean ihes egin dezakeela eta nola, horren txikia izanik, horrenbesteko indarra duen. Bai, egun hartan jabetu nintzen ipurtargia bezain aske, lasai eta segurua izan nintekeela. Hura izan zen nire gurasoengandik urrun egon nahi nuela jabetu nintzen unea. *** Gihar guztiak minduta nituen, oso gau txarra igaro bainuen. Lurra oso gogorra zenez, asko kostatu zitzaidan lo hartzea, eta horrez gain, hotz handia egiten zuen. Ez nuen tokia ongi ezagutzen, umezurztegia beste hiri batean baitzegoen; beraz, hantxe abiatu nintzen nora joan ez nekiela iturri baten bila. Jateko apur bat geratzen zitzaidan oraindik. Baina ez nekien zer egin, ez nuen ez arroparik, ez dirurik ezta ezertarako gogorik ere. Zer egingo nuen nik? Inork ikus ez nintzan, mendialdera joatea erabaki nuen. *** Gaua iritsi eta ezer ez nuen, hotza eta beldurra besterik ez. Gaua alaitzeko, euri zaparrada hasi zen. Korrika joan nintzen zoko bat harrapatzera, beraz hiri aldera jo nuen. Gau txarrak eta oso txarrak pasa izan ditut, hau bigarren horietakoa zen.

32


- Aski da -jada, amore eman nuen. Ez nintzen gai ni bakarrik aurrera egiteko. Argi-dirdira bat ikusi nuen hurbilean: ipurtargia! Nire barren guztiak mugitu ziren, indartsuago sentitu nintzen. Ipurtargiak bizia eman zidan. Ez nekien zenbat gehiago iraungo nuen hala, baina gau hori igaroko nuen; bai ala bai. Goiza iritsi zen. Ez zen aurrekoa baino gau hobea izan, askoz ere toki deserosoagoa baitzen. Gainontzeko gauak igarotzeko diru apur bat behar nuen. Garai hartan, gorriak eta bi ikusi nituen, ez nuen dirua lortzeko modurik aurkitzen. Noizbehinka lapurretan egin beharra nuen zerbait jateko; besteetan, aldiz, jendea engainatzen nuen, baita dirua eskatu ere. Etxez etxe ibiltzen nintzen soberako janari eske. Jada 20 urte izango nituen, eta Zeiane, nire ametsetako neska ezagutu nuen. Nik uste, neskatila hura nire bizitzan azaldu izan ez balitz, basoko edozein zokotan hilik egongo nintzatekeela. *** Gela zuri-zuri batean nago konortea erdi galdurik. Erlojuaren tik-takarekin bat egin dute nire bihotzaren taupadek. Medikuak nire emazte eta semearekin izandako auto istripuaz ohartarazi nau. Emaztea eta semea hil egin dira, ez dakit zer egin. Bizitzak ez du atzera bueltarik, gorroto dut neure burua, pertsona higuingarri zikin bat naiz. Nola egin ahal izan dut hau? Azkenean, beldurrik handiena ematen zidan hori bihurtu naiz: nire gurasoak. *** Modu egokienean ez izan arren, dirua lortzeko bidea aurkitu nuen. Gurasoek bezala, drogekin trafikatuz eta haiek hartuz ematen nuen eguna. Zeianerekin umetxo errugabea izan nuen. Ni ez ezik, Zeiane ere droga munduan sartu nuen. Berandu da damutzeko. Egindakoa eginda dago. Ez diot neure buruari inoiz barkatuko, baina neure buruari berdin dio horrek. Bai, gertatu da. Medikuak alta eman ostean, hementxe nago, polizia autoan, komisariarako bidean, kale ilun eta estuak argiztatzen, ipurtargia bezala. Bexamela…

33


Maddi Puy 6. saila Prosa

MAITEA Nire begiek zure zangoetan goranzko bidea hartu dute, takoizko zapata sinple baina dotoreetatik haratago jarraituz. Gogoratzen zara haiek erosi genituen egunaz? Ohiko moduan presaka gindoazen hain gustuko zenituen ekitaldi haietako batera. Barre algara artean ziztu bizian igarotzen ziren gure begien aurretik Erromako kaleei izen ematen zieten kartelak: Corso Vittorio Emanuele II, Via Aracoeli, Piazza San Marco… Piazza Campidoglio. Han, garraiatu gintuen limusinatik jaitsi eta Miguel Angelek berak diseinatu zuen plazara bidean gindoazela, Erromako kale guztiak estaltzen dituzten galtzada-harrietako batekin estropezu egin eta takoia hautsi zitzaizun. Hura komeria! Ekitaldira horrela azaldu ezin zenuela eta, nire bizkarrera igo eta italiar harrituen begiradei jaramon egin gabe bi kale aurrerago ikusi zenuen zapata dendara joan ginen. Hura poza geurea ahal genuen moduan takoizko zapatarik ba al zuten galdetu eta “Si, abbiamo un paio” erantzun zigutenean. Begiek belaunak pasa eta izterretan aurrera jarraitu dute. Soineko beltzak ia estaltzen dizun orbainean gelditu dira. Ez ahal da ondoan duzun argazkia orbain hori egin zenuen egunekoa? Irudian bost bat urte dituzu eta herriko futbol zelaian zaude. Futboleko botak, belaunerarte iristen zaizkizun galtzerdiak, galtza motzak eta marradun kamiseta bat daramatzazu. Ahoan hortzik gabeko irribarrea eta ilea motz-motz moztuta. Zure lehenengo futbol partida jokatzera zoaz. Zenbat aldiz kontatu ote didazu egun hartan jazotakoa! Taldekideak baloia pasa eta han zindoazen zu, aurkari guztiak saihesten, urrats bakoitzean atezainarengandik hurbilago. Bat batean ezerezetik bezala zango bat azaldu zen eta baloia kendu nahian zangotraba egin zizun. Airetan atera omen zinen eta metro bat aurrerago zegoen harri koxkor baten gainean erori. 34


Begiek ibilbidea jarraitu dute aldakan gora –zein ondo mugitzen zenuen dantzan hasten zinenean–, sabel eta eskuak pasaz, zure bular ederretan geratuz. Gogoratzen zara ezagutu ginen egunean gertatu zitzaigunaz? Hamazazpi urte neuzkan nik, zuk hogei egin berriak. Herriko jaiak ziren, eta txozna gunean nengoen, lagun koadrila galdu nuen eta haien bila nenbilela esku bat sumatu nuen sorbaldan. Zu zinen. Alkohol edalontzi bat eskuan, kamiseta mahuka motz bat eta galtza bakero batzuk bakarrik zeneramatzan, gaueko ordu txiki haietan egiten zuen hotzak zuri eragingo ez balizu bezala. “Galdera bat egin diezazuket?” esan zenidan, eta nik harrituta baietz esan nizun. Niri hizketan hasi zinen, baina nik ez nizun arretarik jartzen lagunen bila ari bainintzen. Hala, hizketan jarraitu genuen eta laster musuek hitzak ordezkatu zituzten. Zure eskuek nire gorputza laztandu zuten goitik behera eta nik gehiago ezin nuelarik kamisetatik tira nizun kentzeko asmotan, baina konturatu gabe erditik hautsi nuen. Eskerrak nik etxean banuen zuri uzteko moduko beste bat. Bularraldea igaro eta aurrerantz doaz begiak, lepoan barrena aurpegiraino helduz. Begi urdinak itxita dituzu. Ilea buru inguruan txukun jarrita. Ezpainak erdi irekita. Azala ohi baina zuriago. Begiek azkenean tristurazko malko bat isuri dute, zure ezpain erdi irekiak bustiz, masailean behera lerratu dena. Azken musua eman eta beilatokitik atera naiz. Agur maitea. Lur

35


Maddi Ibarguren 6. saila Prosa

BEGI BELTZETAN GALDURIK KORRI!, oihu egin diot Maria nire pisukideari. Etxera iritsi orduko ikasteari ekin diogu eta klasean hartutako apunteak, liburua, ordenagailua eta burezurra mahai gainean zabaldu berri ditudala dirudien arren, bi ordu daramatzat anatomian murgilduta. Baina laurak laurden gutxi dira dagoeneko eta etxe azpiko kafetegira jaitsi beharra daukat egunero bezala Josu iristen ikusi nahi badut. Hiru hilabete pasa dira Bartzelonako Unibertsitatera medikuntza ikastera etorri nintzenetik. Mariarekin pisuaren alokairuko kontratua sinatu berri genuela ospatzeko etxe azpiko tabernara jaitsi ginenean ikusi nuen lehen aldiz. Elizako kanpaiek laurak iragartzearekin batera ate gaineko maskortxoen soinuak sartu berri zen pertsonaren aurpegia ikusteko kuriositatea sortu zidan. Aterantz biratu nintzenean maskortxoen hotsa nire bihotzaren taupadekin sinkronizatu zela sentitu nuen, ezin izan nituen nire begiak mutil ezezagun haren begi beltz handi haietatik urrundu. Tabernako jabeak “Kaixo, Josu!” batekin agurtu zuen berehala eta leiho ondoko mahaian eseri orduko kafe katilu bat eraman zion. Nik bitartean maskortxoen munduan jarraitzen nuen traje gorbataduneko gizon gazteari begira. Ordudanik egunero eszena bera bizitzen dudan arren, ez dut lortzen irauten duen minutuan arnasa hartzerik. Korrika jaitsi ditugu etxeko eskailerak portaleraino eta betiko mahaian eseri gara. Erlojuari begiratu diot eta hamar minutu geratzen direla ziurtatu dit eskumuturreko lagunak. Bi kafesne eskatu ditugu eta lehenengo tragoa hartu orduko Maria altxa eta komunera joan da. Bat-batean kanpai hotsa entzun dut eta kanpaien musikarekin batera ate gaineko maskortxoak mugituz tabernako atea ireki da. Bihotza saihets azpian kolpeka su36


matu dut, kanpora aterako zitzaidala pentsatu dut une batez baina eskua bularrera eramanez dena bere lekuan zegoela konprobatu dut. Beti bezain irribarretsu iritsi da, tabernako jabea agurtu eta leiho ondora abiatu da. Nire mahai aurrean geratu eta niri begiratuz burua biratu duenean, arnasa gabeko minutua luzatzen hasi dela sentitu dut. Ezpainak mugitu ditu. Baina zerbait esan al dit? Bere begi beltzetan galduta, ez dut esan didana entzun. Ahoa irekitzea lortu dudanean zer esan duen galdetu diot. “Bi kafeak edan behar ahal dituzu?”, errepikatu dit. Nik aurpegian irribarre tuntun batekin ezetz erantzun diot. Bata bestearen begietan galdurik geratu gara Mariaren ahotsak errealitatera ekarri gaituen arte. Josu agurtuz izena galdetu dio eta gure mahaian esertzera gonbidatu du, inoiz ikusi ez balu bezala. Ez al zen inoiz ohartuko egunero pasatzen den mutil guapo, elegante eta perfektu honetaz? Nola lortuko ote du bere begi beltzei begira hitz egiteko hitzak aurkitzea? Nire aurrean eseri da eta ezin diot bihotzari eskuekin eutsi. Zuzenbideko hirugarren urtea duela kontatu dio Mariari baina ez dut ezer gehiago entzutea lortu bere esku handi eta indartsuei begira errealitatetik aldendu baino lehen. Bat-batean hankan izugarrizko mina sentitu dut. Mahai azpira begiratzean Mariaren zapata nire hanka gainean ikusi dut eta aurpegira harrituta begiratu diodanean Josu hizketan ari zitzaidala esan dit. Erreakzionatzea lortu dudanerako, Josuk irribarre handi bat ahoan zuelarik nire izena galdetu dit. Ainhoa, erantzun diot nekez. Berriro ordulariari begiratu diodanerako seiak ziren. Bi ordu eman ditugu hizketan baina iritsi berri ginela zirudien. Denok beste hainbeste geratzeko gogo izugarria genuen arren, etxera itzuli behar izan dugu ikasten jarraitzeko Tabernako atean bakoitza bere aldetik etxerantz banatzeko puntuan geundela, eskumuturra heldu dit eta nire telefonoa eskatu dit. Urduri eman diot. Ondo esango ote nion? Liburuen konpainiara abiatu gara, baina bigarren pausoa eman baino lehen mugikorrera iritsi den mezu berriaren soinuak eman didan sustoak lurrera iltzatu nau. Arrapaladan whatsappa ireki eta zenbaki ezezagun baten mezua irakurri dut. Mezuaren tonuak berak adierazi dit norena zen. Atzera begiratzeko eskatzen zidan. Buelta eman eta hantxe ikusi ditut bi begi beltz erraldoi moto kasko baten barruan ezkutaturik. Josuk eskuan zuen beste kaskoa eskaini dit eta pentsatu gabe jantzi eta bere atzean igo naiz.

37


Nire besoekin bere traje dotorea zimurtuz, kale txikietatik barrena parke zoragarri batera iritsi gara. Mototik jaitsi eta zuhaitz erraldoi baten itzalak eman digu babes. Belarretan etzan da eta hanketatik tiraka gure gorputzen arteko tartea desagerrarazi du. Denbora luzea eman dugu han barrez eta hizketan. Zuhaitzeko txoriei eta lainoen mugimenduari begira, xehetasun bakoitza gorde nahian. Tximeleta bat ikusi dugu bere hego txikiak etengabe mugituz. Gugana gerturatu eta bien artean sartu da. Tximeletari begira gure begiradek topo egin dute eta segundo luze batzuen ondoren bere ezpainek nire ahoan milaka tximeleta txertatu dizkidate, gure gorputzak bat eginez besarkada batean urtu dira. Sorbaldan kolpetxo batzuk sumatu ditut. Norbait garrasika ari zait. Nire gelako mahaian begiak ireki ditut eta burezurraren begi beltz handiek birkokatu naute. “Etxepeko tabernan kafea hartzeko ordua da”, esan dit Mariak. Gosos

38


Poesia Oiartzungo XXIX. Prosa eta Poesia lehiaketa 2016



Ibai Sanzberro

Garazi Elizegui

Maddi Goenaga

3. saila Poesia

OLENTZERO Olentzeron zakua dago apurtua euli baten gainean erdi zatitua. Bazetorren korrika etxetik astua gainean zekarrela astoak katua. Katuak dula abin xagu akatua etortzen da korrika gure medikua. Xagua hartu eta eman dio pikua segidan hartu dio txoriak zatua. Txori hori hala zen hango medikua hantxe ondoan zegon zain gure kukua. Kuku hori beltza zen hango tokikua hau da gure bertsoa kategorikua. Melon, Parrandera eta Hostoa 41


Unai Eguzkitza 3. saila Poesia

SUGEA SU ONDOAN Sugea su ondoan pentsamendu tristeak bere gogoan tigreak hilko zuela hurrengoan. Bere lagun onena lakuko sakonean sugea bilakatu da tristuraz sugar beldurrei aurre egiteko beti su eta gar. Desesperazioak zoritxarra dakar. Aurre egin behar diogu. Ez izateko bakar ausardiak urruntzen du bai tristura bai zoritxar. Suge arra oso ausarta sugarrari aurre egiten. Ez zakar eta ez bakar. Ausarta izatea ez da beldurrik ez izatea beldurrari aurre egitea baizik.

Magma 42


Beñat Susperregi 4. saila Poesia

EZEZAGUN BAT KOBAZULOAN Herri txiki bateko mendi altueneko kobazulo batean, animalia soinuak gauean zuloetan.

Herri txiki bateko mendi altueneko kobazulo batean, animalia soinuak, gauean zuloetan

Oin txikiak, zapata txikietan, diru asko bere poltsikoetan. Gau luzea eta hotza, entzuten da bere ahotsa.

Erreka, iturri ondoan Arditurri, joan direnak bertara, ez dira iritsi etxera.

Herri txiki bateko mendi altueneko kobazulo batean, animalia soinuak gauean zuloetan.

Herri txiki bateko mendi altueneko kobazulo batean, animalia soinuak gauean zuloetan.

Beraien etxeak dira urre eta distira, ez dute hitz egiten erdaraz ez eta euskaraz.

Bira eta bira, zein dira? Haizea, sua? Ez, intxixuak!

Intxixu

43


Nagore Etura 4. saila Poesia

DENBORA Denborak aurrera, denborak atzera. Zer esan nahi ote digu? Ordua, minutuak, segundoak; denak pasatzen dira, baina denborak bere denbora behar du. Pazientzia izan ala ez, berdin da, ezin zaio denborari aurrera bultza. Denbora bizitzaren legea, bizitzaren denbora. Azkar edo poliki, hobeto nahiz okerrago. Denbora bizitza ere bada. Tik-tak tik-tak. Beti berdin da, baina zergatik ez tuk-tek? Eta zergatik ez tek-tuk? Denborak errurik izan ez arren, guk bota egiten diogu. Denbora bakarra da eta ez beste inor.

44


Beti agertzen da bere izena abestietan, protagonista da pelikuletan. Antzerki eta hotelen izena da, eta denbora bakarra da, ez beste inor. Zergatik ez diogu galdetu bere izena gogoko duen? Zer sortu zen lehenengo, unibertsoa ala denbora? Unibertsoa sortzeko denbora behar da, Lur planeta sortzeko denbora behar da, eta gu sortzeko ere, denbora behar da. Baina galdetu diogu geure buruari nola sortu zen denbora? Nola? Zertarako? Zer eragin du? Noiz sortu zen? Bera sortzeko ere denbora behar. Denborak nahi duena egiten du eta guk ez diogu esango zer egin, zer izan, zer esan. Nahi duena da. Utzi bakean denbora.

Nata

45


Laiene Aranburu 5. saila Poesia

MUNDU TXIKI BAT Ez zaitut gogoan, ez dakit nolakoa zinen, ez dakit zure bihotz taupaden erritmo lasaia nolakoa zen, ez. Ez naiz oroitzen zure usainaz, ahots eztiaz, magal gainean jartzen nintzeneko berotasun goxoa, maitatzeko era. Badakit maitatu ninduzula eta badakit maitatzen nauzula baina ez dakit, ez dakit nondik maitatzen nauzun, jada ez. Jada ez zaitudalako ikusten.

46


Beste mundu txiki eta liluragarri batean zaudela ere esan dezaket. Baina ez nago ziur. Ez nago ziur non zauden. Urruti zaude baina ez zait axola, tarteka iristen zaizkit zure mezuak; haizearen bidez, hego haizeak erotzen gaituen haize horietan, ilunabarretan, beti. Berriz elkartzen bagara badakit ezagutuko nauzula, eta badakit berriz laztandu eta maitatuko nauzula, noizbait elkartuko garela badakit. Orain bai, orain badakit nolakoa zaren, badakit nola laztantzen ninduzun, badakit zein erritmo zuten zure bihotzaren taupadek. MILA ESKER, AMONA! Nire alboan egoteagatik.

Txantxangorri 47


June Galardi 5. saila Poesia

maitasun ubeldua Gaur lo egin nahi dut nahiz eta bihar negar egin, eta ametsak berregin. Ni lasaiaraztea, nire sufrimendua, hainbat gauza gogoratu eta atzera bueltarik ez dutela pentsatu, barrua mintzen dutenak muxuek bakarrik senda ditzaketenak maite duzun pertsonak. Sufrimendua zuregatik da, zu hainbeste maitatzeagatik. Zure beharra dut zure laztanena, zure ahotsarena. Nire gauak zu amesteko eta ametsetan bada ere, zurekin egoteko, horrela, nirea zarelako, nire mina, eguzkia gauetan bezala, desagertzen delako, nik zu maite zaitudalako.

48


Zure urruntasunak pena eragiten dit, maitasun sufrimendua. Burumakur nago, irribarre gordea dut mina da protagonista, begi nekatuak, negar egiteaz nekatuak agian joan den maitasun batengatik. Orain, oroitzapenak gogoratuz iluntasuna da protagonista. Nire malkoak masailak gurutzatuz euriaren bidelagun. Euriak besarkatzen nau tanta bakoitzeko malko bat isuriz, malko herdoildu bat, minez beteriko malkoa. Putzu-zuloa dut inguruan samina nire barnean ubeldu bat bihotzean: maitasun ubeldua.

Gujula

49


Amaia Cortes 6. saila Poesia

MINUTU BAT Zure begi urdinek begiratu zidaten. Nik zure irribarrea kontenplatu nuen. Eta zure ziurtasun ezak nabaritu nituen. Eta zure beldurrak. Eta zure zalantzak. Zergatik iruditu zitzaidan momentu batean sortu zena bizitza osorako izango zela? Arraroa da nola norbait hainbat bizitzaren zati den eta bakar bat ere berea ez dela sentitzen duen, nahiz eta inoiz ez esan. Desagertu egin zinen, besterik gabe. Hori da dena. Eta orain ez zaudela, ezin dizudala hitz egin, esadazu: zer egin dezaket zu itzultzeko? Txikiak gineneko istorioak kontatu nahi dizkizut, oraindik hemen, nirekin zeundenekoak. Baina jada ez zaude, denok galdu zaitugu. Nire arazoa bakarrik izango balitz… Zure presentzia irrikatzen dut; egunen batean zu agertzeko zain dago nire bihotza.

50


Behintzat minutu bat utzi izan bazenit… Minutu bat agurtzeko. Minutu bat zenbat maite zaitudan aitortzeko. Minutu bat isiltasun gozoenean egoteko. Minutu bat erruduntasuna ezabatzeko. Minutu bat dena hobetuko dela esateko. Baina ez. Ezinezkoa dirudi. Seguruena da zuk inoiz ez jakitea, baina zure absentziak hiltzen nau. Garrantzitsua da zuk jakitea. Zenbat malko isuri ditudan jakitea. Milaka galderaren izpirituek jarraitzen naute. Zergatik joan zinen? Zergatik ez zuen inork ezer egin? Non gogoa, han zangoa. Zure mundua itsas azpian zegoen. Ez zenuen bista jaso. Orain behera begiratu behar duzu atzean utzi duzuna ikusteko. Zin egidazu, arren, berriro ezkutatuko garela mahai azpian ekaitz ilunetik babesteko. Kontadazu nola dantzatzen zenuen ni ezagutu aurretik. Gogoratu gure txalupatxoa, biok batera gidatzen genuena. Itzuli, mesedez.

~BANBI~ 51


Carla Garcia 6. saila Poesia

BARKATU BITXILORE Esan ez nizkizun hitzengatik, pentsatu ez nituen arrazoiengatik, berez ez zegoelako ezer txarrik, min guztiarengatik, barkatu. Goizetan esnatzen ninduen argia zinen, baina denborarekin iluntasun bihurtu ginen. Zergatik joan? Zergatik gelditu? Ez dakit zer egin edo nola sentitu. Denbora igaro ahala, gogoratzen dut eguna. Zu memorian, ni ahaztua. Urteak joan dira momentu horretatik, baina ez dago inor zu ahaztu zaitzakeenik. Egin nizun promesarengatik esan zenizkidan sekretuengatik ez dagoelako ezer gu eten gaitzakeenik. Aurrera jarraitzearren, barkatu. Baina zergatik nik barkamena eskatu? Bion errua izan zen, entzun egin nahi zaitut. Ikustean dena ahaztu egiten dut eta berdin egiten duzu zuk. Beltza, arrosa. Zuria, berdearekin. Horrela ikusten zenuen bizitza nirekin. Hala ere dena ez da bukatu hobe dugu etorkizunean pentsatu.

52


Arratsaldeak lehengokoak izatearren ezjakintasuna berreskuratzeko berriro begiak irekitzeko dagoen hutsunea betetzeko, barkatu. Azkar. Itzuli. Ez galdu denbora. bidean harri asko daudela eta denak gu baino txikiagoak badira ere, mina ematen digutela. Batzuetan pentsatzen, basamortuan itzala bilatzen. Hain berdinak ginen, itsaso bera baina denborak erakutsi digu ez dugula berdina erreka. Zure barnean eramaten nauzulako, agurrak gustatzen ez zaizkidalako, eta aurretik gelditzen zaigun bidaiarako, “Beti nirea”. “Beti zurea”. BARKATU.

Bitxilore

53



Antolatzailea:

Euskara Batzordea


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.