6 minute read

2.1.3. Joerak eta egiturazko aldaketak lan-merkatuan

2020ko apirileko datuak kontuan hartuta eta aurreko urteko hilabete bereko datuekin alderatuz, EAEko afiliazioak %1,5 jaitsi direla ikus daiteke; kopuru hori %4,1 jaitsi da Estatuan.

Hala ere, krisiaren eragina nabarmenagoa da erregistratutako langabeziaren eta kontratazioen datuak aztertzen direnean. Lehenengo kasuan, langabezia %20 hazi da EAEn, eta Gipuzkoan %23 igo da 2019ko apirilarekin alderatuz gero; Espainian, berriz, %21. Kontratazioen kasua da nabarmenena; izan ere, aurreko urtean baino %65 gutxiago izan batira; 2019ko apirilean 76.000 kontratazio baino gehiago egin ziren, eta 2020an 26.000 baino pixka bat gehiago.

Advertisement

Aurreko guztiak ohartarazten du langabeziatasen igoerak eta lan-merkatuaren ziurgabetasun handiagoak eragina izan dezaketela LAPeko inbertsioan. Alde horretatik, eta prebentzioa gastutzat hartzeko tentazioaren aurrean, ezinbestekotzat jotzen da behin baino gehiagotan azpimarratzea LAP, zalantzarik gabe, langileen zein enpresen onurarako den inbertsioa dela. Arrisku hori kontuan hartuta, Estrategia berriak ahalegin handia egiten du enpresaburuak LAParen garrantziaz sentsibilizatzen jarraitzeko, eta LAP balio erantsi gisa ikusi ahal izateko, legezko baldintzetatik harago.

2.1.3. JOERAK ETA EGITURAZKO

ALDAKETAK LAN-MERKATUAN

Aldaketa teknologiko handiak eta azkarrak ezaugarri dituen trantsizio-etapa bat bizitzen ari gara, etorkizun zalantzazkoa irudikatzen dutenak. Alde horretatik, ekoizpen-egiturak eta lanmerkatuak birmoldatzen ari dira maila globalean, lana eta ekoizpena antolatzeko modu berriak sartu baitira. COVID-19ren pandemiak eragindako egoerak, seguru asko, aldaketa horietako batzuk azkartu egin ditu, telelanaren edo urrutiko lanaren kasuan adibidez. Etxe partikularretik tresna telematikoen bidez lan egitea etorkizuneko agertokietako bat zen, aditu askok aspalditik iragartzen zutena, baina orain mundu osoko milioika langilerentzat sortu den errealitate bihurtu da, eta horrek zaildu egin du inplikatutako gizarte-eragile guztiek errealitate berri horretara behar bezala eta planifikatuta egokitzea. Telelanaren adibide horrek agerian utzi du inoiz baino beharrezkoagoa dela ekoizpen-munduan gertatzen ari diren aldaketak aurreikustea eta aldaketa horiei aurrea hartzea, are gehiago laneko segurtasunari eta osasunari kalterik ez eragiteko.

Azken hamarkadetan gehien hazi den beste prozesu bat robotizazioa da. Robotak gero eta gehiago erabiltzeak ekoizpen-prozesuetan lanean eta enpleguan izan dituen ondorioak asko aztertu dira, eta ondorio kontrajarriak izan dituzte askotan. Alde batetik, ‘langabezia teknologiko’ masiboaren diskurtso deterministari beldur handia dago, hein batean, litekeena delako gaur egun pertsonek egiten dituzten lan asko robotek edo bestelako makina eta teknologiek egitea etorkizun hurbilean. Bestalde, ikuspegi baikorragoek iragartzen dute

oraindik ezagutzen ez ditugun jarduera ekonomiko eta enplegu berriak agertuko direla. Aurreikuspen horiek hobeto edo okerrago oinarritzeaz gain, adostasuna dago prozesu horrek gizarte-talde ‘irabazleak’ eta ‘galtzaileak’ sortuko dituela, eta prestakuntza-sistemetan esku hartu beharra dagoela lan-indarra aldaketa horietara egokitzeko (Lahera Sánchez, 2019). Laneko segurtasunari eta osasunari dagokionez, oso arriskutsuak diren lan jakin batzuetan giza lanaren ordez robotak erabiltzeak istripuak gutxitzen lagundu lezake, baina, aldi berean, roboten ezaugarri teknologikoek eta haiekin batera bizitzeak arrisku berriak ekar ditzakete (UGT, 2016). Horregatik, kontu edo zuhurtzia printzipio orokorra aplikatu behar da roboten erabileran, hau da, arriskuen existentzia zalantzazkoa izan daitekeen arren, komenigarria da ikuspegi babesle eta prebentiboa hartzea (Mella Méndez, 2020). Nolanahi ere, prebentzio ekintzaren printzipioak aplikatu beharko dira eta arriskuak ebaluatu, horri buruzko erabakiak eta neurriak hartzeko.

Ekonomiaren digitalizazioak eta IKTak gero eta gehiago erabiltzeak ia jarduera ekonomiko guztietan aukera eman du ondasunak eta zerbitzuak plataforma digitalen bidez eskaintzen dituzten enpresa asko ugaritzeko (Platform Economy baterantz goazela ere hasi gara hitz egiten). Plataforma horiek, enpresa gisa baino bitartekari gisa aurkeztu ohi direnak, alderdi askotan aldatzen dituzte tradizionalki lana antolatzeko erabili izan diren logikak. Horietan, denbora eta lantokia lausotu egiten dira; jada ez da behar lan-jarduera garatzeko lantoki bat bezalako espazio fisiko zehatzik, edo eremu hori langilearen etxe partikularra da; gainera, ordutegiak ez dira hain finkoak edo planifikatuak, eta, neurri handi batean, langileak plataformaren bidez jasotzen eta onartzen dituen eskaeren edo lanen bolumenaren mende jartzen dira. Plataformaren, plataformaren bidez lan egiten duten pertsonen eta erabiltzaileen arteko harremanaren baldintzak ez dira guztiz argiak. Eztabaida juridikoa dago teknologia berrien bidez garatutako soldatapeko lana den edo, aitzitik, bi pertsona autonomo edo gehiagoren arteko gailu digital baten bidezko merkataritza-harremanak diren (Rodríguez Fernández, 2017). Eztabaida eta ebazpen horrek ondorio oso garrantzitsuak izango ditu erantzukizunak zehazteko eta plataforma horien etorkizuna taxutzeko orduan. Bestalde, plataforma digitaletan egindako lanak, askotan, bat-bateko erantzunak eta ordutegi-aldaketa etengabeak eskatzen ditu, osasunari kalte egin diezaioketenak, azkenean buruko eta laneko karga handitzen baitute. Bien bitartean, laneko arriskuen prebentzioa arautzen duen araudia ezin izan da errealitate berri horietara egokitu, eta horrek, arlo horretako erantzukizunen zehaztasunik ezarekin batera, oso egoera ahulean uzten ditu langileak.

Hurrengo urteetan ekoizpenaren eta lanaren antolakuntzan garrantzi handia izango duen beste alderdi bat adimen artifiziala eta algoritmoak dira. Pixkanaka, informazioa prozesatzeko eta datuak tratatzeko sistemak jartzen ari dira enpresa batzuetan, giza baliabideen kudeaketa ia automatizatua egiteko. Hala, wearableen edo beste gailu batzuen bidez, mota guztietako informazioa biltzen da langileen jarduerari buruz denbora errealean (lan-erritmoa, konexio-denbora, bezeroen ebaluazioak eta abar), eta horiekin, adibidez, mailaz igotzeko edo kaleratzeko prozesua automatiza daiteke. Teknologia horiek langileak

hautatzeko prozesuak errazteko ere erabiltzen dira, hautagaien profil digitalak arakatuz eta trazatuz.

Adierazi behar da industria dela eraldaketa horrek eragindako sektore nagusietako bat, baina eraldaketa digitalak jarduera-sektore guztiei eragingo diela.

Horrek laneko segurtasunean eta osasunean izan ditzakeen ondorioei dagokienez, kezkagarria da, batez ere, langileak une oro eta etengabe behatzea, zenbait arrisku psikosozial eragin baititzake. Algoritmoen erabilerak, hala ere, lagundu dezake lanean gerta daitekeen arriskuren baten berri berehala emango duten gailuak sortzen (Todolí Signes, 2019). Teknologia berri horiek generoikuspegia bereganatu behar dute; izan ere, gizakiek sortzen dituzten heinean, gizakiek gizartearen rol berberak errepikatzeko joera dute, eta, beraz, gaur egun dagoen desberdintasunean eragina izan dezakete.

Kontuan hartu behar da, gainera, aldaketa eta berrikuntza teknologiko horiek guztiek ez dutela berdin eragingo ez lurralde guztietan, ez biztanleria osoarengan. Aldaketa produktibo horiek sortuko dituzten gizarte- eta lurralde-desberdintasunak lehendik dauden arrakaletan oinarrituko dira, besteak beste, generoan. Emakumezkoek, batez beste gizonezkoek baino kualifikazio hobea duten arren, presentzia askoz txikiagoa dute ekoizpensektoreetan eta IKTekin lotutako lanpostuetan. Gaur egun, okupazio maskulinizatuak nahiz feminizatuak daude, eta epe ertainean automatizatu edo informatizatu egin daitezke; beraz, enplegua galtzeko arriskuak gizonezkoei eta emakumezkoei antzera eragiten die. Hala ere, “Determinación de los efectos de la automatización en los sectores económicos y las ocupaciones de la Comunidad de Madrid” (“Automatizazioaren ondorioen zehaztapena sektore ekonomikoetan eta Madrilgo Erkidegoko okupazioetan”, Madrilgo Erkidegoa, 2018) txostenean adierazten denez, automatizatzeko aukera gehien dituzten okupazioen artean (%70 baino gehiago), %29k baino ez dauka nagusiki emakumeen presentzia; baina, oro har, emakumezko horiek gainordezkatuta daude eta gehiengoa dira automatizazio arrisku handiena duten eta enpleguaren multzo osoan pisu handiena duten okupazioetan (adierazitako 12 okupazioetatik 9k emakumezkoen gainordezkapena edo gehiengoa dute); horrek agerian uzten du automatizazio arrisku handieneko pertsonen feminizazioa. 12 okupazio horietan automatizazioaren eraginez ordezkatuak izateko arrisku handiena duten pertsonen %56,3 emakumeak izango lirateke (horrek, berriro ere, gainordezkapena adierazten du, kontuan hartuta Madrilgo Erkidegoan lan egiten duten pertsona guztien %48,3 direla).

Lehenago esan bezala, gizartean gertatzen diren aldaketa demografikoek aldaketa handiak eragingo dituzte lan-merkatuan. 2030erako biztanleriaren proiekzioen arabera, jaitsi egin da biztanle kopurua eta biztanleria aktiboa, eta nabarmen handitu da 50 urtetik gorako langileen ehunekoa.

Kontuan hartu beharreko bi gai garrantzitsu dira. Biztanleria handiagoa izateak eragingo du zaintza-lanak maiztasun handiagokokoak eta beharrezkoagoak izatea. Zeregin horiek prebentzioa kudeatzeko zailtasunak dituzten jardueretako bat

dira orain. Zeregin horien antolaketa bideratu eta hobetu behar da.

Bestalde, langileen batez besteko adina igotzen bada, ahalegina egin beharko da adin tarte desberdinetan pertsonen osasuna babesteko. Langile zaharrenek, pixkanaka, beren eginkizunak modu seguruan betetzeko abantaila eta zailtasun batzuk izan ditzakete.

Bestalde, kontuan hartu behar dira klimaaldaketak (energia eta deskarbonizazioa eta ekonomia zirkularra) enpresei ekarriko dizkien aldaketak. Ziur aski, lehengai batzuk ez dira erabiliko azpiproduktuak eta material birziklatuak erabiltzeko (berezko arrisku higienikoekin), eta, orain artekoak utzita, beste era batera egiteko moduan diseinatzeari eta ekoizteari ekingo zaio (energia mota desberdinarekin –garbiagoa–, beste teknologia eta filosofia mota batekin). Horrek arrisku berriak ekarriko dizkie lehendik daudenei, eta laneko osasun eta segurtasunerako neurri berriak.

Horregatik, eraldaketa digitalak eta neutraltasun klimatikoak mundu osoan eragingo dute (ekoizpensektore osoa eta kontsumitzaileak).

Bestalde, joera kezkagarria ikusten da: lanbaldintzen aldetik gero eta distantzia handiagoa dago kualifikazio eta soldata handiko lanbideen eta lan-prekarietate handiagoko lanbideen artean; eta hori argi eta garbi feminizatutako sektoreetan gertatzen da nagusiki.

Horrek guztiak esan nahi du laneko arriskuen prebentzioa eta laneko segurtasunaren eta osasunaren azterketa etengabe eguneratu behar direla, egoera eta testuinguru oso aldakorrei aurre egin behar dieten heinean, non egoera berri horien ondoriozko arriskuak eta gaixotasunak aztertu behar baitira prebentzio-jarduerak egiteko.

This article is from: