ORRIA ALDIZKARIA 52. zenbakia

Page 11

LIBURUTEGIA

Berrikuntza ugari zabaldu berri den liburutegian Pandemiaren eraginez, Liburutegiaren zerbitzua itxi behar izan genuen duela bi ikasturte, besteak beste, eta osasun arduradunek ezartzen zizkiguten segurtasun irizpideak jarraituz, espazioen berrantolaketa osoa egin behar izan genuelako. Itxita egon den denbora horretan, ordea, ez gara geldirik egon eta, tarte horretan egindako lanari esker, ikasturte honetan berriz ere Liburutegiko ateak zabaltzearekin batera, berritasun ugari eskainiko dira. Liburutegia berriz irekitzea ez da lan makala izan, espazio horretan 2. Batxilergorako bi gela inprobisatu behar izan baikenituen joan den ikasturtean eta liburu guztien antolaketa hankaz gora zegoen. Baina, batzuetan, gauzak hankaz gora jartzeak alde positiboak dakarzki eta, egoera hori baliatuta, liburutegia berpentsatzeko aukera izan genuen. Jakina denez, liburutegietarako helburu garrantzitsuenetako bat irakurzaletasuna susatzea da eta, beste ezer baino lehen, zaletasun hori garatzeko eremu aproposa sortzea ezinbestekoa iruditu zitzaigun. Gainera, halako

liburutegi handia izanda, aukerak zentzu honetan anitzak izan zitezkeela ikusi genuen ere, eta bere garaian eskaintzen genituen zerbitzuetaz gain, beste batzuk ahalbidetzeko aukerak bilatzeari ekin genion. Hortik dator, beraz, Liburutegian sortu berri dugun irakurketa txoko berria. Goxoa, zabala, modu ezberdinetara eseritzeko, etzateko, egoteko… aukera eskaintzen duena. Bestalde, ageriakoa da, espazioa ez ezik, irakurzaletasuna sustatzeko beste hamaika ekimen ere egin behar direla eta Liburutegia espazio dinamiko eta bizi bat bilakatzeko asmoz hainbat jarduera antolatuko dira ikasturte honetan zehar espazio honetan: Kamishibaia, liburutegira bisitak, ipuin irakurketak, idazleen hitzaldiak… Bestalde, zerbitzua ikastolako arlo akademikora zabaltzeko gune bezala ulertu behar dugula irizpide hartuta, beste hainbat ekimen martxan jartzeko asmotan dabil Leire Perez Canovas, San Fermin Ikastolako Liburutegiko arduraduna. Ildo horretan, ikasgeletan ikasleek egin ohi dituzten irakurketa orduak liburutegian egin ditzaten aukera zabalduko da, baita saioak bertan eskaintzeko aukera ere. Eta horrekin guztiarekin batera, beste hamaika ideia gehiago, Liburutegia espazio bizi bat bilakatzeko: liburu maileguak maila gehiagotara zabaldu, kide txartel berriak sortu, liburu dastaketak, erakusketak, ipuinen grabazioak, liburuen aurkezpenak, baliabideen benetako gunea. Azken finean, Liburutegia ikatolako komunitatearen bizitzan txertatzea izango da helburu nagusia; ikasle, langile eta familientzat erabilgarri den eremu bat bilakatzea. sanferminikastola.eus orria

11


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.