Sarrera
Irizpideak eguneratzea, osatzea eta berridaztea: beste urrats bat Mende-laurden inguru darama Euskaltzaindiak, Onomastika batzordearen bidez, kale‑ edo karrika-izenei buruzko irizpenak ematen eta handik eta hemendik iristen zaizkion kontsulta eta eskariei erantzuten. Eta gehiago ere bai, duela ia ehun urte, 1922an, eman baitzuen kale-izen batzuei buruzko lehen irizpena1. Urte horietan guztietan, Euskal Herri osoko dozenaka udalek jo dute Akademiara zalantzak argitzeko aholku edo iritzi bila, beren proposamenen berrespen bila edo erdaraz jada erabakiak eta finkatuak dituzten karrika-izenen euskal ordainen bila, eta Onomastika batzordeak beti erantzun die, bere ahalen neurrian. Batzuetan, informazio osagarri ona helarazten diete udalek batzordeari, eta, halakoetan, errazagoa da erantzun egokia eta zehatza ematea; beste batzuetan, informazio osagarria falta izaten da, eta batzordeak bilatu behar izaten du, han eta hemen informazioa eskatuz eta bilduz, modu egokian erantzungo badu. Hutsaren hurrengotik abiatuta eta praktikatik ikasiz eratu behar izan zituen batzordeak irizpideak, iristen zitzaizkion eskaerei erantzun koherentea ematearren, eta ez da ahaztu behar duela ia hiru hamarkada ez zituela batzordeak orain eskura dituen baliabideak eta euskararen estandarizazioa ere ez zegoela orain erdietsi duen mailan. Egoera hartan landu ziren karrika-izenetarako irizpideak 1990eko hamarkadaren bigarren erdian. Onomastika batzordeko Patxi Salaberri eta Mikel Gorrotxategi izan ziren prestatzaileak, eta 1998ko abenduaren 12an onartu zituen Onomastika batzordeak. Hurrengo urtean argitaratu ziren Euskera agerkarian2. 1
Honela dio Euskaltzaindiaren 1922ko bilera-agiri batek: Bilbo’n, Euskaltzaindiaren etxean, 1922’ko Lotazila’ren 28’an. Bergara’ko Udalak Euskaltzaindiari eskari bat egiten dio. Iru kalei izen beŕiak ezaŕi nai dizkio ta jakin gura leuke, zelan esan euskeraz: Calle de don Pedro de Irizar, de D. Ramon María de Lili y de D. Luis de Eleizalde. Euskaltzañak abo batez desate: Abizen oiek bakar idatzi bear dirala, atzetik Kale jaŕi-ta, onela: Irizar-Kalea, Lili-Kalea, Eleizalde-Kalea. http://www.euskaltzaindia.net/dok/ euskera/52913.pdf
2
“Hiri-izendegia: irizpideak eta erabiltzeko arauak”, Euskera, 44 (1999). http://www.euskaltzaindia.net/dok/euskera/49349.pdf