26
KALE ETA KARRIKEN IZENAK HAUTATZEKO ETA IDAZTEKO IRIZPIDEAK
Baita euskarazko leku-izena izen berezi batez eta izenondo batez osatuta baldin badago ere. Adibideak: Nafarroa Beherea kalea, Zeelanda Berria kalea…
1.8.2
|
Genitibodunak
Baldin eta leku-izena eratzen duen izendapenean berezko edo jatorrizko izen berezirik ez badago, edutezko genitiboa erabiltzen da. Adibideak: Europar Batasunaren plaza (Europar Batasuna toponimoa izen berezia da, baina haren osagaiak, europar eta batasun ez dira, berez edo jatorriz, izen bereziak: europar adjektiboa da, Europa izen berezitik eratorria; eta batasun izen arrunta da), Erresuma Batuaren kalea (Erresuma Batua toponimoa izen berezia da, baina haren osagaiak, erresuma eta batu, ez dira, berez edo jatorriz, izen bereziak), Ipar Itsasoaren kalea, Itsaso Baltikoaren kalea, Ozeano Atlantikoaren kalea, Ozeano Barearen kalea, Tirreniar Itsasoaren kalea… Atal espezifikoa den leku-izena izen berezi batez eta izen arrunt batez osatuta dagoenean, edutezko genitiboa erabiltzen da [Leku-izena + -EN + (kalea, plaza…)]. Halakoetan, ulertzen da leku-izen horren omenez izendatzen dela kalea, plaza edo dena delakoa. Adibideak: Altzuza Kontzejuaren kalea, Amaiurko Gazteluaren karrika, Amokain Jaurerriaren kalea, Añanako Kuadrillaren kalea, Aralar Mendiaren kalea, Argentinako Errepublikaren pasealekua, Baztan Ibarraren kalea, Bernedoko Gazteluaren kalea, Deba Ibaiaren kalea, Ebro Ibaiaren plaza, Euskadiko Hiriburuaren etorbidea, Galar Zendearen kalea, Ihuda Ibaiaren kalea, Irantzuko Monasterioaren kalea, Iriartea Jauregiaren karrika, Nabaskoze Almiradioaren plaza, Navaridas Hiribilduaren plaza, Orhi Mendiaren zeharkalea, Santa Eulaliaren Monasterioaren kalea, Sueca Hiriaren kalea, Trebiñuko Konderriaren kalea, Zaraitzu Ibarraren kalea… Atal espezifikoa den leku-izena izen berezi batez eta izen arrunt batez osatuta egonik, baldin eta odonimoaren bi atalen arteko harremana kokapenezkoa bada, hau da, atal generikoa (kalea, plaza…) atal espezifikoa den lekuan baldin badago, esanahia “nongo kale/plaza…” gisakoa da, eta, orduan, leku-genitiboa erabiltzen da. Halakoetan, hau da egitura: [Leku-izena + -KO + (kalea, plaza…)]. Adibideak: Aihotz Plazako eskailerak, Arantzediko Bihurguneko kalea, Iruñako Zubiko pasealekua15… Hala ere, atal espezifikoa den leku-izena izen berezi batez eta izen arrunt batez osatuta egonik, baldin eta bi atalen arteko harremana kokapenezkoa ez bada, hau da, atal generikoa ez badago atal espezifikoa den lekuan eta esanahia omenezkoa baino ez bada, ez da genitiboa erabiltzen. Adibideak: Artikako Euntzea kalea [Artikako Euntzea leku-izen bat da, eta kalea ez dago han], Aiako Harria kalea [Aiako Harria mendi bat da, eta kalea ez dago han]… 15
Iruña Okan dago, Araban.