3 minute read

Al borde del agua

Maria Elorza eta Iñigo Salaberria

Espainia, 2023, 20 min,super-8 DCP-ra, koloretan, espainiera Mundu-mailako estreinaldia

Advertisement

Aukeratutako filmografia Maria

Elorza: A los libros y a las mujeres canto (2022), Quebrantos (2020, Koldo Almandozekin), Ancora lucciole (2018), Gure hormek (2016, Las chicas de Pasaik) Iñigo Salaberria: Lo ibiltariak (2017), Luz a la deriva (2015), Disdirak (1992), Birta Mirkur (1987)

Al borde del agua bi lagunek sinatua da: Iñigo Salaberriak eta Maria Elorzak. Maria Elorza, zinemagile donostiarra, 1988an jaioa, Las chicas de Pasaik kolektiboko kide izan zen eta 2022an aurkeztu zuen bere lehen film luzea: A los libros y a las mujeres canto. Iñigo Salaberria, Errenteriakoa, 1962an jaioa, funtsezkoa izan zen Arteleku zentroan eta 80ko eta 90eko hamarkadetako bideo-artista garrantzitsuenetako bat, hil berria da. Esaldi batekin hasten da filma: «1984 eta 1988 artean, Iñigo Salaberriak hainbat leku filmatu zituen super-8ko kamera txiki batekin. Probako materiala zen. Bobina haiek ez ziren inoiz muntatu, eta itzalean egon dira hogeita hamahiru urtez». Esaldi horren ondoren, Salaberriak filmatutako irudiak agertzen dira. Islak uretan, irudiak forma, kolore eta ehundura bihurtzen dituztenak; baleontziak; kea eta lurruna nahasten diren aintzira; lerro bertikal bihurtzen diren eraikinak; isla gehiago uretan, uraren hotsa bera eta, noizean behin, musika klasikoa lagun dituztela. Salaberriaren Quai de Javel (1984) eta Birta Myrkur (1987) piezetarako zirriborroak dira batez ere. Irudi ederrak, ia koadro bihurtzeko moduan laukiratuak, bideo-artistaren begiradara hurbiltzen gaituztenak. Kameraren bidez errealitatearekin nolako harremana zuen erakusten digutenak. Haren ahotsa ere entzun dezakegu, Elorzarekin izandako hainbat elkarrizketatan hausnartu baitzuen irudiak grabatzea zer den, eta aukera ematen digu horretan sakontzeko: «Nora ezean ibiltzea, oinez ibiltzea, begira. Presarik gabe, denborarekin. Ibiltzea, begiratzea, denbora galtzea. Ez dut inoiz presarik izan grabatzen. Geldotasun hori, ez dakit zergatik, gustatu egiten zitzaidan. Beno, badakit zergatik. Dokumentatu nahi nuena barruko hori zelako». Lur Olaizola

Apocalipsis 20 21 22

Julius Richard

Espainia, 2022, 65 min, miniDV DCP-ra, koloretan, elkarrizketarik gabe

Mundu-mailako estreinaldia

Gidoia eta edizioa Julius Richard Tamayo / Aukeratutako filmografia ABCLSD (2020), Trabajo y amor. Diarios I-XII (20202008), Aluzinaciones (2018-2013), Me gusta bailar pero no en el aire (2016-2009), colectivo el hijo (2016-2011), Tríptico (o Pentáptico) del Amor Supremo (2013-2012)

Film hau urte beteko bizitza da eta ordubete pasatxo irauten du. Zinemagileak, irudi geruzak eta soinu geruzak sortuz, kondentsatzen ditu denbora eta esperientzia. Bere gorputz tatuatua balitz bezalako filma egin du: testuak eta irudiak gainjarrita, iraganeko erabakiak, oraingo gorputz aldakorrean ezabaezin mantentzen direnak. Esan liteke zinemagileak, filmatzean eta muntatzean, urtebete gorpuzten duela. Edo, agian, aldare bat sortzen duela filmatutakoarekin. Aldare horretan kandelak daude eta beste mila su: eguzkia, sumendi baten laba, errausketa-labea, sutzarrak... Gainera, dena sua balitz bezala ikusten da nolabait ere: mugikorra, aldakorra, hipnotikoa, kontsumitzen duenetik sortzen. Zinemagileak aldare bat sortzen du eta bertan otoitza edo sorginkeria egiten du familiaren alde, maite dituenen alde. Bai, horixe izango da agian, urte beldurgarri batetik, apokalipsi etengabe batetik irteteko sorginkeria. Edo agian ez. Zaila da, eta agian ez da beharrezkoa ere, zentzu edo asmo batean sailkatzea aurrera egin ahala ihes egiten eta berrasmatzen den film bat. Filma, berez, ikusteko egina da, baina baita entzuteko ere, eta, are gehiago, musika entzuten den bezala ikusteko, irudia soinua izan dadin eta soinua irudia izan dadin, eta, azken batean, irudia eta soinua ukipena izan daitezen.

Pablo García Canga

Bide bazterrean hi eta ni kantari

Peru Galbete

Espainia, 2023, 9 min, HD-VHSsuper-8

DCP-ra, koloretan, euskara

Mundu-mailako estreinaldia

Gidoia eta edizioa

Peru Galbete / Aukeratutako filmografia Ura sartu zen barrura (2019), Josuneren bidaia (2015)

Joxean Artzeren poemak entzun eta irakurtzen ditugu film honetan. Film hau poema ere bada. Poema laburra, poemaz, soinuz, iraganeko irudiz eta oraingo irudiz egina. Muntaia deritzon zinearen magia horrekin egindako poema, errealitatean elkartu ezin dena elkartzeko aukera ematen duena. Film honek terraza bereko bi denbora elkartzen ditu kliska batean, itsasoaren soinua eta metroko tunel baten irudia gainjartzen ditu. Hainbat hamarkadako tartean bizi izan diren bi txori elkartzen ditu, bakarrak diren bi txori eta, aldi berean, txori bera. Agian horixe da muntaiaren magia: «aldi berekoaren» magia hori. Ametsetan gertatzen den bezala, denbora eta espazioa nahasi egiten baitira. Agian, irudietan lotan ikusten ditugun haur horiek amestutako ametsa da film hau, bat-batean helduak baina oraindik lotan aurkitzen direnak. Amets horietako bat, esnatzean ez dakiguna egiaz gogoratzen dugun ala berrasmatu egin dugun kontatzen saiatzean. Zentzuz beterikoak eta aldi berean iheskorrak diren amets horietako bat. Zalantzakoa eta aldakorra bada ere, gogoan gorde nahi dugun amets horietako bat; izan ere, badakigu zerbait esaten ari zaigula, zerbait garrantzitsua. Pablo García Canga

This article is from: