5 minute read
Kosmogonía. Film performance para un planetario
Deneb Martos artista bisualaren eta Wade Matthews soinu inprobisatzailearen lana da Kosmogonía. Film performance para un planetario. Beste pieza batzuk ere egin dituzte elkarrekin, hala nola Gold Film eta Skin Film (azken hori Cecilia Gala dantzariarekin elkarlanean). Lan prozesuari dagokionez, mota guztietako materialak aplikatu dizkiote zuzenean pelikula ortokromatikoari, eta neurri batean kontrolik gabe erreakzionatu du horrek. Ezohiko materialak dira nolabait, eta formagatik, propietate organikoengatik edo zentzu sinbolikoagatik aukeratu dituzte. Premisa nahiko zorizko horretatik abiatuta, benetako bide esperimentala ireki da, eta zehaztasun tekniko eta arreta handia eskatu die horrek artistei. Proiekzio baldintzak eta zuzeneko inprobisazioa funtsezkoak dira obran, prestaketa bezainbeste. Oinarri teoriko zehatz bat dago, dena jokatzen duena soinubakarreko exekuzio horretan, ikusezin bihurtzeko eta ikuslea trantzearekin mugan murgiltzeko. Horrela, memoria atabikoak suspertzearen zerbitzura jartzen dira kamerarik gabeko zinemaren praktika eta inprobisazio akustikoa.
Tornamira aretoaren gangaren gainean proiektatuko da filma, eta kosmosa du abiapuntu. Hondar elementutzat har daitezke inprimazio zinematografikorako eta garapen akustikorako aukeratutako elementuak. Oso apalak dira handitasun galaktikoekin alderatuta, baina Deneb Martosek eta Wade Matthewsek bildu eta tratatu dituzten hondar organiko eta soinu zati horiek azkenean agerian uzten dute osotasuna suma daitekeela zati ñimiño batean, eta, zuzi iragankor baten antzera, uzkurtzearen eta hedatzearen etengabeko joana argiztatzen dute.
Advertisement
Bárbara Mingo Costalesen testuak ditu piezak. Costalesek Vilnis saiakera idatzi zuen, Mikalojus Konstantinas Čiurlionis lituaniar konpositore eta margolariari buruzkoa; kosmosak berebiziko garrantzia du artista sinestesiko horren obran.
Urrun dagoenera hurbiltzeko gogoa sentitzen dugu, eta gure etxea da, hain zuzen ere, urrunen dirudiena. Tarte batean pentsatzen dugu, eta, jakin gabe, ganga bat deskribatzen dugu. Distantzia gisa jorratzen duguna, azalera gisa ageri da. Ate joka ari gara, galaxiaren erdi-erditik. Hona hemen grabitatzen eta biratzen duen guztia harrapatzeko saiakera bat, «Dir-dir, dir-dir, dir-dir eta tintin» dioen sorginkeria baten bitartez. Eta galaxia erantzuten du eta dena dir-dir eta tintin egiten du.
Iraupena 30 minutu
35 mm-ko proiekzioa
Landako grabazioen sintesi digitala eta manipulazioa denbora errealean
Deneb Martos. Artista bisuala, kamerarik gabeko zinema praktiketan eta teknika fotokimikoetan espezializatua. Bere obran, proiektagailu analogikoekin lan egiten du, irudiaren fenomeno fisikoa azalduz eta argi-itzalen jarioaren erregistro bihurtuz. Erregistro honek zeluloidean inprimatutako materiekin duen elkarrizketa zuzenak ezaugarri haptikoak nabarmentzen ditu, eta aztarna eta arrasto atabikoak erakutsi. Wade Matthews. Soinu artista. Sintesi digitala, objektu anplifikatuak eta landako grabazio prozesatuak.
Gauzei buruzko lezioak: Rossellini, Godard-Miéville
Beste eztabaida zabalago baten barruan sar daitezke zinema dokumentalaren inguruko eztabaida asko: genero didaktikoei buruzko eztabaidaren barruan. Izan ere, literaturaren eta artearen historian egindako ibilbide luzean, zinema ere ukitu du eztabaida horrek: biografia, erretratua, aitortza, memoriak, tratatua, saiakera eta genero hermetikoak zinemaren elikagai izan dira, sorreratik gaur arte.
Proiektu didaktiko erradikalak izan ziren Roberto Rossellinik eta Jean-Luc Godardek eta Anne-Marie Miévillek osatutako bikoteak garatu zituztenak 60ko hamarkadaren erdialdetik 70eko hamarkadaren amaierara arte. Bakoitzak bere erara, ordura arteko zinema jarduna eten zuten, eta garai hartan oraindik gaztea zen bide bati egin zioten, telebistaren bideari. Rosselliniren «entziklopedia bisualaren» proiektua, haren heriotza goiztiarrak zapuztu egin zuena, Moraviako Iohannes Amos Comenius (1592-1670) pedagogoaren ideietan oinarritu zen; «zuzeneko ikuspegiaren» teorian, besteak beste. Bestalde, Godardek eta Miévillek beren ekoizpen konpainia sortu zuten 70eko hamarkadaren hasieran, Sonimage izenekoa, eta Frantziako telebista publikoaren bigarren katearen enkarguak jaso zituzten, Six fois deux / Sur et sous la communication (1976) eta France / tour / détour / deux / enfants (1978) telesail luzeak egiteko.
Bi saio eskainiko dizkiogu gaiari. Alde batetik, Rosellinik eta GodardMiévillek telebistarako egindako lanen hiru atal proiektatuko ditugu, eta ondoren, solasaldia egingo dugu José Antonio Escrigekin —Zaragozako Unibertsitateko
Hezkuntza Fakultateko Didaktika Espezifikoen saileko irakaslea— eta José Ángel Alcalderekin —passeurra eta maisu sokratikoa Bartzelonako zinemazaleen hainbat belaunaldirentzat, Xcèntricen sortzailea—. Bestetik, Paulino Viotaren hitzaldia, Godarden lanaren ezagule handienetako bat, eta Jean-Luc Godard. 60 años insumiso (Athenaica, 2022) liburua argitaratu berri duenak.
Atti degli apostoli [2. atala]
Roberto Rossellini
Italia-Frantzia-Tunisia-Alemania-Espainia, 1969, 57 min, 35 mm-tik digitalera
France / tour / détour / deux / enfants [1A eta 1B atalak]
Jean-Luc Godard eta Anne-Marie Miéville
Frantzia, 1978, 25 min + 25 min, 1‘‘-ko bideotik digitalera
Godarden pentsamendu sentibera
Paulino Viotaren hitzaldia
Manuel maitea:
Telefonoa eskegi orduko, Deux ou trois choses que je sais d’elle (1967) etorri zitzaidan burura. Kasualitatez —ausaz gertatzen da dena—, haren zatitxo bat ikusi nuen atzo. Rosselliniren eta Godarden arteko erlazioa ezartzea baldin bada helburua, eta Rossellini bere dimentsio didaktikoan ikusi nahi badugu, nabarmendu nahi badugu gizateriaren bidea markatu duen pentsamendua gure aurrean jartzen aritu zela bere ibilbide miragarriaren azken hamabost urteetan, uste dut Godarden Berari buruz dakizkidan bizpahiru gauza dela hori modu zuzenenean eta agian lotsagabeenean islatzen duena.
Godard bera entzun dezakegu filosofatzen (xuxurlaka entzuten dugun haren ahotsa, zineman gure ondoan eserita balego bezala eta gainerako ikusleei traba egin nahi ez balie bezala), egunerokotasuna oinarri hartuta, kafe katilu bateko aparra bistro batean, edo garbiketa Mini Morris baten erregai-zerbitzugune bateko auto tunelean (zuk ezagutzen duzu eszena horren nire analisia).
Godard filosofo bihurtzen da, eta Eisensteinek nahi zuen bezala, zinema erabiltzen du irudi gisa, «pentsamendu sentibera» gisa, bere filosofiei euskarri materiala emateko (Francis Pongen oinarrituak, idazle «hotza», gure bi zinemagileak bezala, poema eta saiakera batzen dituena eta gauzen alde egiten duena).
Rossellinik ez du filosofatzen, baina Apostoluen egitateak telesailean erakusten dizkigu eguneroko bizitzan filosofatzen dutenak, ahuntzak hazten, ereiten edo tornuan ontziak lantzen ari direla.
Nire hitzaldian, eszena horietako batzuk proiektatu eta horiei buruz hitz egin nezake.
Buruan grabatuta geratu zait Apostoluen egitateaken, Jerusalemgo Kontzilioari buruzkoan (gaizki gogoratzen ez badut), nola eztabaidatzen duten artzain, nekazari eta artisauek, inolako prosopopeiarik gabe, modurik lauenean eta adiskidetasun perfektuan, norentzat izan behar ote duen kristautasunak, etnia bakar batentzat edo gizadi osoarentzat. Eta azkenean, guztion etorkizunerako funtsezko bihurtu den gai bat mamitu egiten da gertaera fisiko eta material batean (kafe katilua edo Mini Morris bezala): zirkunzisioan.
Rosselliniren eszena zoragarri hori alderatu nahi nuke beste film handi bateko eszenaren batekin, non gai garrantzitsu bat ere eztabaidatzen den; agian Erromako Senatuan, Erromatar Inperioaren Erorketa-n edo Espartaco-n (horrelako zerbait badago). Rosselliniren originaltasuna nabarmenduko nuke.
Uste duzu horri buruz hitz egin nezakeela? Ados bazaude, gutun hau bera erabil liteke aurkezpen gisa.
Besarkada bat,
Altzuza
Ibon RG-ren performance -a, Oteiza Museoan
Durunda dagite hormek, kristalek, behegainak, sabaiak, lukanek, eskailerek, eskudelek, zaldainek, idulkiek, hesiek.
Haiengan lehertzen diren hotsak noranahi sakabanatzen dira, espazioan barna, geroz eta apalago. Badira, ordea, saiatuagatik egundo apaltzen ez diren durundak.
Gogoaren durunda apaltzen saiatu arren, ozen dirau.
Durundarik ezak ere dardararaz gaitzake, izutu eta larritu; edo, zergatiek ez, otzandu eta lasaitu. Baina idorgiroan du lan nekezena ahoak. Baita belarriak ere. A capelako kantua elementuekin talka egin ahala da gorpuzten, eta orduan du bere traza zehazten, orduan da baldintzatuta sentitzen eta orduan ditu erabakiak hartzen. Esan izan dut beldur diogula gure boza entzuteari, eta izu hori areagotuz doa benetan biluzik eztanda egiten digunean, beste ezerekin talka egin aurretik tinpanoarekin bat egitean. Arrazoi akustikoak eman nitzake, baina ez dut uste hor datzan soilik gure dardara.
... lurra izigarri oro ikharaturik, zuhamuiek dakartela odolezko izerdi tenpestatez, igortziriz, aire oro samurrik mendi eta harri oro elgar zatikaturik mundu oro jarriren da suiak arrasaturik hotsa doilorra, merkea zen kaperen zimenduak dardararaziko badituzte nire otoitzen orpoek, dantzatu bitez
Ibon RG. Txikitatik jotzen nituen euskal folkloreko instrumentuak, eta 1999an abesten eta gitarra jotzen hasi nintzen Eten taldean. 2006az geroztik, Ibon RG izenarekin (Sestao, 1978) zenbait pieza esperimental konposatu nituen nire logelan, era guztietako instrumentuak eta objektuak erabiliz, eta mp3-z betetako CDetan banatu nituen. Bakarka eman nuen lehen zuzenekoan, jada ahotsa zen instrumentu bakarra. 2016an, Hil zara disko bikoitza atera nuen: haitzuloetan, eremitorioetan eta bunkerretan grabatutako hogei abesti. Kolaborazio ugari egin ditut: bai musika inprobisatuan, bai konposatutako musikan; produkzioetan, zinema eta antzerkirako musikan, eta irrati nahiz bitarteko idatzietarako erreportajeetan. oMOrruMU baMAt diskoak, 2021ean Enrike Hurtadorekin batera argitaratuak, oinarritzat ditu Joxean Artzeren zenbait testu eta hark txalapartari egindako ekarpena.
Eta beharbada izu horrek akuilatuta egin ohi ditut hautuak. Bunker, zalditegi, leize, eremitorio, garage, ur-tanga erraldoi, tunel, elizetan. Horietan filmatu izan ditut nire bozak, horietan faltsutu ditut nire kantak. Egia bilatzearen estakuruan, betiere.
Beldurraren sendatzeko eraiki ziren elizak, arima eta belarriaren sendatzeko, goratasunean aurkituko zutelakoan egia. Oteiza Museora Sainz de Oizak sarrarazi zuen argiak ere gezurraz janzten ditu bidean aurkitzen duen oro, gure egiak eraiki ditzagun bere egietatik. Gezurrez gezur jardungo dut nik ere, beharrik, inprobisaturik zein konposaturik, agerian zein ezkutuan, xuxurlaka zein aldarrika, tonal zein atonal.