1 minute read
Super 8a alearen aurka
Super 8 formatua 1965ean merkaturatu zuten. Hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieratik laurogeiko hamarkadaren erdialdera arte goraldia izan zuen, mundu osoan ezkerraren iraultzak, porrotak eta eraldaketak gertatzen ziren bitartean, planeta eskalan modu bortitzean agertu ziren politika neoliberalengatik markatutak. Testuinguru horretan, super 8ak anbibalentzia liluragarria erakutsi zuen praktika filmikoan. Horrela, eragile erabakigarria izan zen 68ko ziklotik jaiotako zinema politikoaren parametroak birdefinitzeko, baina, era berean, lotura berri eta estuagoak sortu zituen kapitalismo hedakorraren imajinario energetikoen, praktika kulturalen eta ekonomia fosilaren artean.
Planteamendu horretatik abiatuta, eta ikuspegi materialistari abantaila emanez, bitarteko honetako bi barne tentsio aztertzen dituzten sei filmez osatutako programa prestatu dugu. Eskala arazoen ondoriozko tentsioak dira, hau da, txikia eta handia lotzen dituen ardatzetik datozenak: alde batetik, tokiko arazoak daude —eta arazo horiei teknologia zinematografiko sinple batez aurre egiteko moduak—; bestetik, ekonomia, politika eta ingurune globalaren logikak —eta logika horiei ikuspegi kontrahegemonikoetatik aurre egiteko moduak—.
Advertisement
Horrela, super 8a formatu bat baino gehiago izatea eragin zuten hainbat alderdi erakusten dituzte aurkeztuko ditugun filmek. Dela espazio publikoan esku hartzeko esperimentazio artistikoaren protagonista gisa, lanaren eta kapitalaren arteko gatazken enuntziazio posmodernorako tresna gisa, antolaketa modu kolektiboak aktibatzeko giltza gisa, edo hirugarren munduko internazionalismoaren formulak adierazteko bitarteko gisa, super 8a garai gorabeheratsuetako funtsezko gailu politiko bat bezala aurkezten da hemen.
Saio honek Madrilgo Unibertsitate Autonomoaren PÚBLICOS proiektuaren babesa (PID2019-105800GB-I00), Elías Querejeta Zine Eskolaren eta Archivio Audiovisivo del Movimento Operaio e Democratico-ren laguntza, eta Milena Fiore, Laura Ibáñez eta Monica Maurerren lana izan ditu.
Alberto Berzosa Europako doktorea da Artearen Historian eta Teorian, Brumaria argitaletxearen zuzendaria, eta Cine y sexopolítica (2020) eta Cámara en mano contra el franquismo (2009) liburuen egilea. Estética Fósil (CSIC) proiektuko eta Cost Action TRACTSen Zuzendaritza Batzordeko kidea da. Duela gutxi, «Súper 8 contra el grano» monografia argitaratu du Miguel Errazurekin batera, Secuencias. Revista de historia del cine aldizkarian (55. zk., 2022).
Miguel Errazu Europako doktorea da Ikus-entzunezko Komunikazioan. Bere lanetan, xx. mendeko zinema kontrahegemonikoen historia kulturala jorratu du, Mexikotik eta Latinoamerikatik. Gaur egun, «María Zambrano» doktoratu ondoko ikertzailea da Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, eta Devisiones ikerketa taldeko kidea. Alberto Berzosarekin batera, Lan saileko programa honi izena ematen dion monografia egin du.
Dictatorship of the Proletariat
Chuck Kleinhans
Estatu Batuak, 1979, 2 min, super 8 bideora transferitua, koloretan, ingelesa
Riotinto, una modesta experiencia de reforma educativa
Tomás Alberdi
Espainia, 1973, 19 min, super 8, koloretan, espainera
Pira
Brasil, 1972, 14 min, super 8, koloretan, portugesa
Cile, 1972
Monica Maurer
Italia/Txile, 1972, 24 min, super 8, koloretan, italiera, espainera eta alemaniera
Les espagnols ont ils conquis les Andes?
Audiopradif
Frantzia, 1978, 27 min, super 8 bideora transferitua, koloretan, frantsesa eta espainera
Rank and File
Sylvia Harvey
Estatu Batuak, 1973, 6 min, super 8, koloretan, ingelesa