3 minute read

Bitartekaritza-programa

Zer soinu dute irudiek?

Esperimentazio sentsorialeko tailer bat, soinuaren eta irudiaren arteko erlazioan sakontzeko eta haiekin jolasteko. Soinua funtsezko dimentsioa da esperientzia zinematografikoan, baina, askotan, ez du jasotzen merezi besteko arretarik.

Advertisement

Tailer honetan, belarriak zorroztuko ditugu bistakoa denetik haratago entzuteko, eta elkarlaneko praktikak egingo ditugu soinu eraikuntzari ekiteko.

Drac Màgic gizarte ekimeneko kooperatiba bat da, 1971n sortua, eta ikus-entzunezkoen kultura aztertu eta haren zabalkundea egiten du. Gure egitekoa irudiaren inguruan pentsamendua eta ekintza sortzea da, kultura bisualan eta iruditeriak sortzeko duen zereginean arduratsua, aktiboa eta sortzailea den gizarte bat eraikitzeko. Gure ekimen nagusiak honakoak dira: Construir Mirades, ikus-entzunezko hizkuntzetan trebatzeko hezkuntza proiektua; Mostra Internacional de Films de Dones (Bartzelona), emakumeek zuzendutako zinemari buruzko jaialdia; eta Pack Màgic, haurrentzako zinema banatzailea, beste jarduera askoren artean.

Naturako izakiak: landareak, gizakiak eta beste animalia batzuk

Publiko guztiarentzako hamar film laburren hautaketa bat da, naturako izakien arteko harremanari buruz. Saioak bidaia batean murgilduko gaitu, gure planetak eta bizikide ditugun espezieek eskaintzen dizkiguten askotariko ekosistemak aztertzeko. Programak ikuspegi ekologista dauka, eta gizakien ekintzek ingurumenean duten ondorioei buruzko gogoeta egitera gonbidatzen du.

Bartzelonako Kultura Garaikidearen Zentroaren programa, Gloria Vilchesek aurkeztuta, saioaren programatzailea

Animal Movie

Grant Munro

Kanada, 1966, 9 min

Haur bat ohartzen da ezin dela lehiatu tximino, suge, zaldi edo matxinsalto batekin haien mugimenduak imitatzeari dagokionez. Bestalde, ordea, gizakia beste modu batzuetara lekualdatzeko teknologiak garatzeko gai da.

Sea Song

Richard Reeves

Kanada, 1999, 4 min

Artisau lan fin honek marrazkiak (eta soinuak!) ditu margotuta zuzenean filmaren gainean. Gauez itsasoko bizitzaren ikuspegi fantastiko eta aztoratua erakusten du.

Paradise Lost

Evelyn Lambart

Kanada, 1970, 4 min

Film honek erakusten du nola amore ematen duten hegazti, tximeleta eta basoko beste izaki batzuek gizakiek eragindako kutsadura atmosferikoaren aurrean. Animaliek poluziorik gabeko habitat batean bizitzeko duten eskubidea aldarrikatzen du.

Walk-in-the-Forest

Diane Obomsawin

Kanada, 2009, 3 min

Sendalari bat basoan dabil lore sendagarri baten bila. Bidaian, propietate sendagarriak dituen aintzira bat aurkitzen du, eta, aldi berean, lakua jasaten ari den narriaduraren lekuko da.

Madrugada en Lobeke

Aurora Gasull

Espainia, 2022, 3 min

Animazio abstraktuko lan sentsoriala da, Eloïsa Matheuk, naturako soinuen dibulgatzaile ezaguna, Kamerungo Lobeke oihan tropikalean grabatu zuen soinu eszenan inspiratua.

Bouquet écologique 26

Rose Lowder

Frantzia, 2003, 1 min

Italiako etxalde ekologiko batean hartutako ortu eta animalien irudiak. Egilearen filmazio estilo bereziak, fotogramaz fotograma, bibrazio efektu harrigarria sortzen du.

A Man and His Dog Out for Air

Robert Breer

Estatu Batuak, 1957, 3 min

Gizon bat txakurrarekin paseatzen ari dela, soinu eta zirrimarra sotilen dantza baten bitartez irudikatuta.

Dog Duet

William Wegman

Estatu Batuak, 1975, 2 min

Zergatik mugitzen dira bi txakur hauek misteriotsuki sinkronizatuta? William Wegman bideo-artistak askotan lan egin du bere txakurrarekin, Man Ray, eta lan honetan beste txakur bat ere badu lagun.

Historia Naturae (Suita)

Jan Švankmajer

Txekoslovakia, 1967, 9 min

Stop-motion teknikaren bitartez, animatzaile txekiar ospetsuak fauna bitxi baten erretratua egiten du. Lana osatzen duten zortzi kapituluetako bakoitza espezie jakin bati buruzkoa da (arrainak, hegaztiak, narrastiak, ugaztunak...) eta estilo desberdineko musika lanak ditu.

Persona

Gloria Vilches

Espainia, 2019, 3 min

Bideoklip hau, Galiziako Islas Atlánticas parke nazionalean filmatuta, aurkezten duen Lorena Álvarezen abestiak espezieen ausazkotasunari buruzko gogoeta egiten du: zergatik egokitu zitzaion artistari, zorizko banaketa honetan, gizakia izatea, hartz bat edo pikondo bat izan beharrean.

Zinema martxan.

Lumièretarren gaurkotasuna

Gaur egungo mundu honetan, berehalako irudiz beteta eta erabat urbanizatuta, beharbada zaila egingo zaigu gogoratzea duela mende bat pasatxo —bigarren industria iraultzarekin eta hiri modernoen jaiotzarekin batera— sortu zela zinema. mundu berri hori ulertzeko hizkuntza berri bat, eta haren oinordeko gara.

Lumière anaien kameralariek mundu osoan barrena bidaiatzen zuten, eta, pixkanaka-pixkanaka, hizkuntza berri haren aukera formalak eta sintaktikoak egiaztatzen joan ziren. Eta munduko irudiak ez ezik, ikuspuntu bat, enkoadraketa bat, angelu bat ere ekartzen zuten, kamera aurreko bizitzari begiratzeko. Kameraren begi hark beste ezerk baino hobeto islatzen zuen hiri berriaren espazio disruptiboa eta mugimendu ezin aurreikusia. Eta, horrekin batera, errealitate berri bat, hizkuntza berri batean kontatu beharrekoa aztertu eta esploratu ahal izateko. Lumière anaien kameralariek Parisko kaleetan filmatutako plano zinematografiko bakar batean ikus ditzakegu burgesa eta proletarioa elkarren ondoan oinez, emakumezko langileak fabrikatik irteten, eta eskalea eta aristokrata hiriko espazio bera partekatzen, baina, horrekin batera, erradikalagoa den hipotesi bat ere bai agian: une jakin batean paperak aldatu daitezkeela, eta, funtsean, destinoak oso aldakorrak direla. Garai hartako ikusleentzat, errealitate sozial berri hari buruzko edozein eleberrik baino hobeto adieraz zezakeen horrelako plano batek errealitatea.

Azken mendean, Lumière anaien Paristik Blade Runnereko hiri futuristara, zinemaren gramatika eta kameraren begirada eboluzionatzen joan ziren, erretratatzen zuten espazio urbanoaren konpasean; izan ere, bai ametsen makina gisa, bai errealitatearen dokumentu gisa, ikusia eta ulertua izateko asmoz jaio zen zinema.

«Zinema martxan. Lumièretarren gaurkotasuna» saioaren bidez —haien filmografiako zatien proiekzioarekin batera—, zinemaren historiarekiko interesa piztu nahi da bigarren hezkuntzako ikasleengan, zinemaren hastapenak eta haren hizkuntzaren bilakaera barne. Horren bidez, Punto de Vistaren berri emanen diegu ikasleei, ikus dezaten jaialdiaren asmoa dela zinemaren alderdi artistikoa eta poetikoa uztartzea dokumentala eta errealitatearen erretratua lantzeko bokazioarekin.

Mercedes Álvarezen programazioa eta testuak

This article is from: