2 minute read
De songes au songe d’un autre miroir
Yunyi Zhu
Advertisement
Frantzia, 2022, 16 min, DCP, koloretan, frantsesa
Estreinaldia Espainian
Irudia Raphaël Rueb eta Yunyi Zhu / Soinua Raphaël Zucconi eta
Déborah Drelon / Edizioa Yuyan Wang / Aukeratutako filmografia Tout ce qui était proche s’éloigne (2021) / Berlinale Generation
Nola imajinatu irudirik gabe? Nolakoak dira ikusi ezin duten pertsonen ametsak? Nola amestu geometria edo koloreak? Nola ulertzen dute beren gogamenean ispilu batek ematen digun isla bezalako kontzeptu bat, hain abstraktua, hain hotza, hain irristakorra? «Eskuak dira nire ispilua; nire hatzek ematen didate nire isla», dio neskato batek. Lewis Carrollen Alicek bere buruari galdetzen zion: «Eta zertarako balio du marrazkirik eta elkarrizketarik gabeko liburu batek?». Nolakoa izango da hori braillez irakurtzea? Ez dakigu, ezin dugulako ispiluaren beste aldera gurutzatu. Irudirik gabe ezin dugu imajinatu haren Herrialde Miresgarria, «miresgarriaren» bestelako kontzeptua baitu: «Nire Herrialde Miresgarria testura leunez betea dago eta soinu atsegin asko daude, nire belarrian abesten duten txoriak bezala, baita belar freskoaren testura ere nire buruaren azpian. Hori da nire Herrialde Miresgarria; ez da asko, baina hori da behar dudan guztia».
Lilleko zentzumen-hezkuntzako zentro batean, Frantziako iparraldean, Yunyi Zhu artista neska itsu batzuengana hurbildu da bere kamerarekin, irudiz osatutako artetik abiatuta ulertzen saiatzeko irudirik gabeko mundua zer den. Hain zuzen ere, tresna inpotentea delako, agian zinema izango da bide egokia ikus dezakegunontzat eskuraezina den pertzepziora hurbiltzeko, desabantailan jartzen baikaitu, alteritatearen lekuan: nesketako batek dioen bezala, gure narratibatik haratago doa bere historia.
Miguel Zozaya
Éclaireuses
Lydie Wisshaupt-Claudel
Belgika, 2022, 90 min, DCP, koloretan, frantsesa
Estreinaldia Espainian
Irudia Colin Lévêque / Soinua Thomas GrimmLandsberg eta Lucas Lebart / Edizioa Méline Van Aelbrouck / Ekoizpena Les Productions du Verger / Aukeratutako filmografia Killing
Time - Entre deux fronts (2015), Sideroads (2012), Il y a encore de la lumière (2006) / Visions du Réel, Festival Jean Rouch, Millenium, Etats-Généraux du Film Documentaire de Lussas, Filmer le travail
Bruselan, saltokia zirudieneko beira-arasa batean, hauxe diote koloretako letra batzuek: La petite école (Eskola txikia). Han, bi emakumek, Mariek eta Juliettek, eskola txiki bat sortu dute. Eskola hartan haurrak hartzen dituzte, erbesteratuen edo errefuxiatuen seme-alabak askotan, inoiz eskolatu ez direnak eta funtsean hain arrotza den leku hartara egokitu behar dute, eskolara. Asmatu duten tarteko leku horretan, leku berria, etengabe berrasmatu behar dutena, haurrekin lan egiten dute Mariek eta Juliettek, eta pentsatzen dute, hitz egiten dute, eta aurrez aurre jartzen dira beste ingurune akademiko eta instituzional batzuekin. Leku bat, bi emakume eta haur batzuk arretaz begiratzen dituen filma da hau. Adimenari buruzko filma da, praktikaren eta teoriaren arteko joan-etorri etengabeari buruzkoa: egiten dugulako pentsatzen dugu, pentsatzen dugulako egiten dugu. Hitza ekintza bihurtzen da, ekintzak hitz berriak sortzen ditu. Zirraragarria da hori ikustea: hiriko toki txiki batean bi lagunek errealitatean eragiten dute eta, gainera, hori egitean, errealitatea pentsatzen dute, zalantzan jartzen dute. Pixkanaka-pixkanaka, nondik datozen ere zalantzan jartzen dute, ia denok pasatzen garen leku hori, eskola. Konturatu gabe, ziurtasunik gabe geratzen gara, eta aldi berean erakusten zaigu han, ziurtasunak amaitzen diren lekuan, zerbait egin daitekeela, zerbait gertatzen dela. Pablo García Canga