1 minute read
Teléfono, Navidad
Malena Zambrani
Advertisement
Argentina, 2022, 14 min, DCP, koloretan, espainiera Mundu-mailako estreinaldia
Batak eta zeroak, baiak eta ezak, askorentzat erregai baliotsu bihurtu diren honetan, «informazioa» deitzen diogun horren iturriak ikusarazten dizkigu Malena Zambranik. Zein da abiapuntua? Barregarria eman dezakeen egoera bat: ama baten eta bere semearen zoriontze dei konpultsiboak, telefonoaren mende daude, agian beren mendekotasunaren gailurra izango den egunean: Gabon gauean. Jai sinbolismoa gailentzen da, horrek sentimendu mailan mobilizatzen duen guztiarekin. Bada giro bat filmak atzematen duena, barrea baina ez iseka, baizik eta alaitasun eta alaikeria moduko bat (erregistro arraroa eta zaila). Filmaren gaia, aisialdirako telefonoa, apetatsua bezain subertsiboa irudituko zaigu, filmak asmatu egiten baitu erakusten, esan gabe eta inolako hotsanditasunik gabe, azken hamarkadetan telefonoaren pribatizazioa zenbateraino bihurtu den gure mendekotasunaren eta morrontzaren ardatz. Hori zelaitik kanpo ikus daiteke, edo, hobeto, ispiluan. Filmak graziaz eta sotiltasunez erreparatzen dio beste batzuei antzemanezina edo txikia irudituko litzaiekeenari. Ispiluek egiten dutena da alderantzikatua ez dirudiena alderantzikatu: Babyk eta Juliok hainbesteko gehiegikeriaz erabiltzen duten telefonoa ez da egungoa, haren erabilera zaharkituak gureak baino are neurrigabeagoak izan daitezke (jende gehiagori deitzen diote, urrunago, eta inork ez du inoiz berekin hitz egiten —«komunikatzen» ari dira—). Deiak beti kiribil zentrifugoan doaz berentzat, beren etxetik mundura. Ispiluan ikusteak, konparatzeak, hunkitu eta pentsarazi egiten digu. Telefonorako mahaitxoa dagoen korridoreko leku estu hura ez da Malenarentzat Flahertyentzat edo Murnaurentzat Hego poloa edo itsasoak izan zirena baino txikiagoa. Manuel Asín