7 minute read
Segalari Baten Istorio | 草とり草紙
Fukuda Katsuhiko
Japonia, 1985, 88 min, 8 mm 16 mm-ra egokitua, kolorea, Japoniera
Advertisement
Amona Someya Meiji aroan jaio zen [1899]. Naritako aireportua eraikitzeko erreserbatutako lurrak lantzen zituzten pertsonetako bat zen, Ogawa Shinsukeren Sanrizuka seriean (1968-1978) erakusten den bezala. Aireportuaren bigarren fasearen aurka egin zuen, familiarengandik banandu eta bakarrik bizi zen.
Filmak amona Someyaren hitzekin kontatutako hemeretzi istorio batzen ditu: hil ziren seme-alaben istorioa; bizargina zen bere senarrarena; amets bitxi batena; Sanrizukara zelai berriak landatzera iritsi zen lehen aldiarena; txikitan pospoloak bakarrik jaten zituenekoa. Kamerak amona Someyari nekazaritza-lanetan jarraitzen dion heinean, oroitzapen, amets eta errealitate pertsonal horiek aieneen edota eredugarriak diren istorioen itxura hartzen dute. Sanrizukako serie bortitzarekin alderatuta, film xume eta ederra da hau: Magino herrixkaren historia. Zetazko harrak hazten (1977) lanean agertutako Ogawaren estiloaren luzapena, eta Japoniako dokumentalgintzan emandako aldaketaren hasieraren ilustrazio liluragarria, gizartetik eta komunitatetik urrundu eta arlo pertsonalera hurbiltzen dena.
Yasui Toshio, Yamagatako Zinema
Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren 1997ko katalogotik egokitua
Segalari baten istorioa, «ipuin» baten deskubrimenduaren bidaia
2023ko urtarrilaren 28a
Duela berrogei urte, 1982ko azaroko egun batean, Katsuhikok bisita egin zion Katsu Someya andreari, galdetzeko ea utziko zion filmatzen. Buruan aspalditik zebilkion ideia bat zen, eta ausardia handia behar izan zuen hori eskatzeko. Katsu andreak baietz erantzun zion, «A, ongi» xume batekin.
Katsuhiko ahal zuen egun guztietan joan zen Katsu andrearen etxera eta haren baratzera, Tohotik hurbil, Narita udalerrian, bai eta Rakkyoko fabrikara ere, haren lantokira.
Katsu andreak gogoeta egiten zuen bere bizitzari buruz, bere inguruari buruz, bai eta inguruko animaliei buruz ere. Egun batean, andrearen istorioak adi entzuten ari zela, Katsuhiko zerbaitez ohartu zen: haren kontakizuna errepikatu egiten zela, eta errepikatu egiten zela ia musikala zen kadentzia batekin.
Katsuhikok pentsatu zuen hori zela «Katsu andrearen ipuinaren» gakoa.
Behin, Katsuhikok bere buruari esan zion: «Amonaren istorioak gordeko ditut eta, modu batean edo bestean, neure istorioa egingo dut».
Garai hartan beste lan bat nuenez, asteburuetan lagundu nion Katsuhikori, kamera bizkarrean hartuta. Muntaketan ere parte hartu nuen, eta ia egitura guztia bion artean erabaki genuen. Baina asteburu batean, etxera itzultzean, esan zidan: «Begira hori». Eta aurkitu nuen hiru aldiz errepikatzen zen zati bat. Eszena bat, non Katsu andrea gauza berberaz mintzo zen.
Segalari baten istorioa filmaren produkzioa amaitu genuen, 8 mm-ko bertsioan. Negatibo bakar bat genuen, eta, behin moztuta, lehengoratzen saiatuagatik, markak gelditzen dira. Beraz, kontu handiz egin behar zen muntaketa. Audioarekin ere denbora asko behar zen, 16 mm-ko formatuarekin konparatuta, eta gainera junturek soinuak sortzen zituzten.
8 mm-ko bertsioa estreinatu zenean, Katsuhiko modu ibiltarian aritu zen proiektatzen, proiektorea aldean eramanez. Gero, 16 mm-ra handitu zuten, hobeto kontserbatzeko. Lehen handitze hori positibatu genuen, baina estreinatzean esan ziguten Kansaiko biztanleek ez ziotela ulertzen Katsu andreari, Chiba eskualdeko azentu sendoagatik eta haren hitzen abiaduragatik.
Alternatiba izan zen beste errebelatu bat egitea, oraingoan negatiboarena, azpitituluak jarriz Katsu andrearen lehenengo esaldietan, obraren hasieran:
Karraska asko entzuten da, ezta? Ikaragarri gustatzen zait hori. Sustraiak mozten direnean. Fru-fru hori entzuten dudanean, parasitoak sustraietatik ezabatzen ditudala sentitzen dut. Oso sentsazio berezia da, ematen didatena…
Trukua da azpitituluak desagertuz doazela ikusleak pelikulara ohitu ahala.
Hatano Yukie hatano Yukie
Paisaia
1. saioa
Saio hau arrastoei buruzkoa dela esan genezake. Alde batetik, Oier Fuentesen 10 watt bakarrik proiektuan, Arantzako (Nafarroa) euskarazko irrati klandestino baten aztarnak aurkituko ditugu. 60ko hamarkadara arte egon zen martxan irratia, eta offen bere historia kontatzen digun gizonak muntatu zuen. Antza, martxan zeuden hamabost irratietatik bereak bakarrik iraun zuen, eta badirudi herriko jendea oso pozik zegoela mikrofono haietatik ateratzen zen guztiagatik, grabazio zahar batean entzuten den bertsoak dioen moduan. Bestalde, Donostiako Infernu auzoaren arrastoetara garamatza Iñigo Jimenezen Infernuan lanak. Plásticas Oramil fabrika zaharra dago bertan, garai batean armagintzan jardun zena, eta orain zenbait etorkinen babesleku dena, kalean bizitzea edo herrira itzultzea baino nahiago dutelako leku hori. Kasu honetan, Rachid da hitz egiten diguna, fabrika abandonatuko bizilagunetako bat. Eraikinera sartzeko esan, eta, besteak beste kontatuko digu bi mutil hatz markak ezabatzen saiatu zirela, material korrosiboren bat erabiliz, identifikatu eta deportatu ez zitzaten. Paradoxikoa dirudi beren arrastoak ezabatzen saiatzen diren pertsonen errealitatea erakustea arrastoei jarraitzeko eskatzen digun film batek. Baina, aldi berean, guztiz zentzuzkoa da; izan ere, ikusezina dena ikusarazten saiatu dira Fuentes eta Jiménez. Iraganeko historiak dakarzkigute bi piezak, eta orainarekin lotzen dituzte artxiboko irudien, grabazioen eta soinuen bidez. Horrela, gogorarazten digute errepresioa dugula beti inguruan. Lur Olaizola
10 Watts Bakarrik
Oier Fuentes
Espainia, 2022, 19 min, digitala, koloretan, euskaraz
Gidoia eta muntaia Oier Fuentes / Soinua Xabier Erkizia
Infernuan
Iñigo Jimenez Bohoyo
Espainia, 2022, 13 min, digitala, koloretan, espainera
Soinua
Paisaia
2. saioa
Badira zenbait irudi eta kontzeptu, Patxi Burilloren Y arquitectura un sueño de palmera eta Mikele Landaren Noizko basoa proiektuen artean durundi egiten dutenak. Hasteko, irudi bat: esku batzuk lurraren gainean. Burilloren piezan, eraikin baten oinplanoa marrazten dute lau eskuk, ukimenaren bidez irudikatuko balute bezala. Landaren piezan, berriz, zuhaitzak landatzen dituzte zenbait eskuk. Aitzurrekin eta botak jantzita. Lurra irauliz. Haiek ere baso bat imajinatuko balute bezala, agian inoiz ikusiko ez dutena. Eta kontzeptuak: espazioa, denbora eta eraldaketa. Burilloren pelikulan, spa bihurtzen den ermita, gero museo bihurtzen dena, eta, azkenean, berriz ere ermita bihurtzen dena. Landarenean, baso izateari utzi zion basoa, baina, ziurrenik, berriro baso bihurtuko dena. Eraldatzen ari diren paisaiak dira, denborak eta pertsonek zeharkatzen dituztenak. Eta atzetik, pertsona horiek entzuten ditugu, bigarren plano batean bezala. Espazioari, paisaiari protagonismoa lapurtu nahi ez baliote bezala. Baina, aldi berean, gauza garrantzitsuez hitz egiten digute, zuhaitzen eta pertsonen izenez: lizarra, urkia, haritza, pagoa, elorria, astigarra, gaztainondoa, gorostia, Ekhi, Paul, Maddi, Amets, Izar, Libe, Lizar, Adei. Eta hauxe dio neskato batek: «Entzun, entzun». Halaber, elkarrizketa bat dago piezen testuran bertan: biak 16 mm-tan filmatuta daude, eta denbora harrapatzeko ahalmena dute. Lur Olaizola
Y arquitectura un sueño de palmera
Patxi Burillo
Espainia, 2023, 14 min, 16 mm-tik digitalera, koloretan, espainera
Ekoizpena Sara Hernández Askasibar, Elías Querejeta Zine Eskola / Fotografia zuzendaria Pablo Paloma / Kamera laguntzailea Jorge Castrillo / Zuzeneko soinua Óscar Vincentelli / Soinuaren diseinua Jorge Bergia, Pablo Rivas / Arte zuzendaritza Javier Sáez / Fotografia finkoa Andrea Iañez / Edizioa Jaume Claret Muxart / Color Clara Rus
Noizko basoa
Mikele Landa
Espainia, 2022, 23 min, 16 mm-tik digitalera, koloretan, euskaraz
Fotografia zuzendaria Ernesto Martinez Bucio, Mikele Landa Eiguren / Edizioa Mikele Landa Eiguren / Soinua Aizpea de Atxa Cancel, Malen Nicholson Gorostiaga, Mikele Landa Eiguren, Ernesto Martinez Bucio, Xanti Salvador / Parte hartzaileak Ea, Natxitua eta Bedaronako Basokideak, Haizeder eskolako haurrak / Ahotsak Aitziber Madariaga, Nere Muniozguren, Unai Laresgoiti, Joxe Mari Landa, Bego Aspiazu, Karmelo Landa, Kepa Legina, Eduardo Mancisidor, Mariasun Totorikaguena
Termitas 1. saioa
Etengabe mugitzen diren bi film eskutik doaz saio honetan. Haien ibilerak estu lotuta daude dagoenarekin eta ziurtzat ematen denarekin, desarmatzen dena. Amets ia narkotiko batek ematen dio hasiera El andamio filmari. Sorginkeria batek hartu ote du denak lo dauden etxea? Amildegi baten gisako egoera erregistratzen du kamerak, eta hortik erabateko iluntasunera mugitzen da, barrutik kanporanzko mugimendu bat. Mugimendu arrunt batean, etxetik irteteko mugimenduan, du abiapuntua ideia honek: lo egotea denboratik kanpo egotea bada, iluntasuna espaziotik kanpo egotea da.
Batak desintegratzen duenetik bizi da bestea: Mal siglo haya filma espazio baten —Neilako aintzira glaziarrak, hango pertsonekin, parkeko biztanle iraunkorrekin eta iragankorrekin— eta hainbat denboraren inguruan mugitzen da. Paisaia baten erregistro arin eta analogiko baten gisara hasten da, baina berehala zeharkatzen dute geruza geologikoak bezalakoak diren testuek, bi ahozko tradiziokoak (elezaharren ingurukoa bata eta kantua bestea) eta bi idatzizko tradiziokoak (turismo gida bat eta eskaladari buruzko liburu bat). Mendeak bereizten dituzte erregistratutako hizkera horiek, eta berriz ere irakurtzen dira parke naturalean, amaierarik gabeko txantxa leun baten gisara. Testuek agerian uzten dute, berariaz edo ez, nola aldatu den espazio honekiko harremana; aurkintza, besteak eta han gertatutakoa idaztearen berri ematen dute. Eta etorkizunean nola aldatuko den dute hizpide, munduko klimak Neilako lur honen gainazalean ikusten dena betirako aldatzen duenean. Lucía Salas
El andamio / La Bastida Javier Calvo de Cabrera
Espainia, 2022, 10 min, VHS-tik DCP-ra, koloretan, elkarrizketarik gabe
Muntaketa Javier Calvo de Cabrera
Mal siglo haya Luis Lechosa
Espainia, 2022, 38 min, 16mm, koloretan, espainiera
Argazki zuzendaritza eta muntaketa Luis Lechosa / Soinu diseinua Pablo Teijón
Termitas
2. saioa
Noiz erabakitzen da film bat egitea? Noiz erabakitzen da, demagun, erretratu bat egitea? Noski, pertsona bat filmatzeko gogo bizia izan behar da, baina agian zertxobait gehiago behar da, pertsona horretan zer alderditatik jo behar den asmatzea, alderdi hori azaltzean pertsona osoa ikusarazteko, baina baita, nola edo hala, guztiok ukitzen gaituena bistaratzeko. Bardauri filmak hari batetik egiten du tira: lana. Bardauri filmak, doikuntzaren sinonimoa den bakuntasunarekin (kamera bat, grabagailu bat, begira, entzuten eta ogi txigortuak jaten ari den zinemagile bat baizik ez), Jesús Osorio aurkezten digu. Haurra zenetik lan egin du, Alemaniara migratu zuen hirurogeigarren urteetan, Espainiara itzuli zen ezkondu zenean, meatzari lan egin zuen hainbat meategitan, eta geroago udaltzain; sekula ez zion ikasteari utzi, eta orain, erretiroa hartuta eta alargun, ezin dio lan egiteari utzi, bideetan gora eta behera ibiltzen da belarra mozteko makinarekin. Jesus, denboraren joanean, bizitzak hartaratuta, langile nekaezin bihurtu da oroz gain, inoiz ere amaitzen ez diren zereginei lotuta bizi da. Guztiak uzten du agerian lanaren zentzua, baita ogi txigortuak mozteko eta igurzteko duen moduak ere. Bardauri filmak berrogeita hamar minututan biltzen du bizitza oso bat, eta aldi berean, bizitza bat zeinen mugagabea den sentiarazten du. Eta Bardauri filmean badaude istorioa areago trinkotzen duten hamar minutu. Hamar minutu horiek, besterik gabe, putzu baten istorioa kontatzen dute. Putzu batean, egiteko motibatzen duen horretan eta egiteko hartu beharreko nekean, sartzen da bizitza bat, mundu bat. Pablo García Canga
Bardauri
José Otero
Espainia, 2021, 49 min, DCP, koloretan, espainiera
Grabazioa eta edizioa José Otero / Gidoia José Otero eta Jesús Osorio / Musika Jesús Osorio / Audio edizioa Genzo
Termitas
3. saioa
Zine eskoletan ere haz daitezke termitak. Dokumentalaren mugak jaten dituzten termitak, errealitatearen ertzetan topatzen dutena zerbait berria sortzeko erabiltzen dutenak, beste modu batean kontatzeko.
2021ean, Sara Domínguez López, Luis Morla eta Alberto Ruizek No conozco la historia del fuego ondu zuten ECAMen zine dokumentalaren arloko diplomaturaren amaierako lan gisa. Alejandra Pizarniken bertso baten izenburua daramala, filma bereziki zehatza da hain zuzen ere baso batean esekita dagoen denbora eta etorkin gazte batzuen egonaldi edo igarotze iheskorra jorratzen; baita batzuen eta besteen artean eta gazteen eta basoaren artean ezartzen diren loturak ere.
2022an, Marieke Elzeman zinegile nederlandarrak La voz rosa ondu zuen sorkuntza proiektu gisa Elías Querejeta Zine Eskolan. Lan horretan, atzerriko irakasle gazte bat aurkezten digu, kaltetuta duen ahotsa berreskuratzeko tratamendu bat jasotzen ari da Donostian. Prozesu horretan, hirian barrena ibiltzen da, beren denbora eskaintzen dioten beste emakume batzuekin topaketa argigarriak eginez. Emakume horiek beren denborarekin zer egiten duten erakusten diote, eta, agian jakin gabe, irakasle gazte batek bere ahots galdua berreskuratzen laguntzen diote.
Miguel Zozaya
No conozco la historia del fuego
Sara Domínguez López, Luis Morla eta Alberto Ruiz
Espainia, 2022, 26 min, DCP, koloretan, espainiera
Gidoia Sara Domínguez López, Luis Morla eta Alberto Ruiz / Argazki zuzendaritza Sara Monge eta Álvaro de Siria / Soinua Ángel Rojas / Muntaketa Miguel Ariza
La voz rosa
Marieke Elzerman
Espainia-Holanda, 2022, 26 min, 16 mm-tik DCP-ra, espainiera eta frantsesa
Argazki zuzendaritza Artur Pol Cambrubí / Soinu diseinua Zita Leemans / Soinua Tomás Florez eta Isabella Salvo / Musika Nikolaï Clavier / International Film Festival Rotterdam