ORRIA ALDIZKARIA 53. zenbakia

Page 11

BERRIKUNTZA / INNOVACIÓN

Gamifikazioa Gizarteko ikasgaiarekin jolastuz ikasi

Gamifikazioa eta jokoak egitea ez da gauza bera. Halaxe argitu digu lehenik Julen Fagoagak, Gizarte arloko DBHko irakasleak. Urtarrilaz geroztik, esperientzia berezia eraman du aurrera DBHko 1. mailako gela guztietan.

Gamifikazioaren bidez gela barruan lanean hasi aurretik, garrantzitsua da arau egitura bat osatzea eta, horretarako, argi izan behar da zeintzuk diren lortu nahi ditugun helburu hezitzaileak. Modu honetara, Fagoagak dioenaren arabera, ikasgaia aitzakia baino ez da bilakatzen. ILZn prestakuntza saioa jaso zuen ikasturte hasieran honen guztiaren inguruan eta urtarrilean gelaratu zuen han ikasitakoa. Lortu nahi zituen helburuak ikasleen jarrerari lotutakoak izan dira: saioen artean pasiloetara ez ateratzea, gela barruan modu osasungarri batean egotea, parte hartze egoki bat izatea, materiala prest izatea… Azken finean, gela barruan gustura egoten laguntzen duten alderdi horien gainean eragitea. Funtsean, rol joko bat da egin dutena eta bertan ez dago inoiz inor penalizatzeko aukerarik. Modu baikorrean ebaluatzen ditu aurrerapausoak eta ikasle guztiak bikain sartu dira jokoan, modu oso proaktiboan jolastuz. Ekimen honen bidez, gainera, ikasketa prozesua bera joko bilakatzen da.

Finean, ariketak egin behar dituzte, baina beste hainbat helburu ere lortzen saiatu behar dute: gelan lan egin ondoren etxeko lanik ez izateko, lan giroa sortzea, modu kooperatiboan aritzea, parte hartzea… Modu horretan, lan egitea joko bilakatzen zaie. Izan ere, batzuetan, helburua lan egitea izango da, baina beste batzuetan, lanaren kalitateari erreparatuko zaio, esaterako, ebaluagarriak diren ariketetan. Horretarako, erruleta bat erabiltzen dute, ausazko joko bat, eta egunean behin jolas dezake bertan ikasle bakoitza. Lortutako sari positiboak, bestalde, pertsonalak edo taldearentzat ere izan daitezke; honela, taldearen baitan bilatzen dute modua taldearentzat ere onura izan daitekeena lortzeko. Ikasleei galdetuta, oso gustura aritu direla diote denek. Bereziki motibagarria zaiela adierazi digute, eta edukiak ikasteko zein beste hainbat gaitasun bereganatzeko ere oso baliagarria.

sanferminikastola.eus orria

11


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.