HIPATIA
Errealitate areagotua eta Hipatia
Gynkana birtuala ikastolan zehar
Ikastolako Liburutegiko arduraduna den Leire Perez eta IKTko arduradun den Ion Ruiz izan ziren egitasmo honen lehen hazia jarri zutenak, liburutegian irakurgai dagoen Hipatia filosofo eta zientzialari greziarraren liburutik abiatuta, errealitate areagotuan oinarritutako Gynkana birtual bat martxan jartzeko ideia otu baitzitzaien ikasturte hasieran. Ekimenerako sakelako telefonoa beharrezkoa denez, DBHrako egokitutako egitasmoa izan behar zuela argi ikusi zuten hasieratik eta, edukiz betetzeko etapa honetako irakasleengana jo zuten lehenik. Haiek izan dira curriculumari lotutako galderak prestatu dituztenak, norberak bere arlotik. Julen Fagoagak, Gizarte Mintegiko kideak, arlo humanisitikoari buruzko galderak prestatu zituen eta Irene Larrañagak, Zientzietako Mintegitik, arlo zientifikoari lotutakoak. Izan ere, Hipatia bi arlo horiek jorratu zituen emakumezko esanguratsua da aintzinako Grezian, eta Filosofian ez ezik, Astronomian eta Matematiketan ere ekarpen handiak egin zituen. Geometriari, Aljebrari eta Astronomiari buruz idatzi zuen, astrolabio primitiboen diseinua hobetu zuen eta dentsimetro bat ere asmatu zuen. Horregatik, emakumeen historian aitzindaritzat hartzen da zientzian. Liburutegiak eta Hipatiaren liburuak ere protagonismo handia dute Gynkanan, bertatik abiatzen baita jokoa. Ekimenaren bitartez, helburu ezberdinak landu nahi izan
dira, baina, Liburutegia erdigunean jartzearen beharra garrantzitsua zen, ikasleak bertara hurbiltzeko eta haien artean irakurzaletasuna bultzatzeko. Horrez gainera, Hipatiaren gaiak berak, aukera asko zabaltzen zituen curriculumari lotutako beste hamaika gai lantzeko, eta horretan ibili dira buru-belarri Fagoaga eta Larrañaga, ahalik eta galderarik interesgarrienak eta erakargarrienak prestatzeko. Gynkanan jolasteko, bestalde, ezinbestekoa da sakelako telefonoa. Ikastolako IKT sailean atondu duten aplikazio berezia baliatuta, haren bidez bilatu behar dituzte ikasleek pistak ikastolan barna. Honela, errealitate areagotuaren bidez, ikastolako zuzeneko irudiak hartuz, pistak azaltzen joaten dira, jokoan aurrera egin ahal izateko. Ibilbidean topatuko dituzten pista horiek bestalde, ez dira bakarrik galderak, hainbatetan, joko eta froga zehatzak egiteko, bideoak ikusteko, liburutegiko arauak arakatzeko edo eta klasean ikasitako edukiak modu praktikoan aplikatzeko eskatzen zaie. sanferminikastola.eus orria
13