3 minute read
Agnieszka Holland
2. OHOREZKO MIKELDIA
ZINEBI 64ko inaugurazio eta amaiera galetan, nazioarteko zinemaren izen handiak izango ditugu Arriaga Antzokian edizio honetako Ohorezko Mikeldiak jasotzeko, beren lanaren garrantzi artistikoaren eta obraren garrantziaren aitortza jasotzeko.
Advertisement
AGNIESZKA HOLLAND
© Jacek Poremba
ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak 64. edizioko Ohorezko Mikeldi sarietatik lehena Agnieszka Holland zinemagile poloniarrari ematea erabaki du, Europako Historiaren aldaketa handiak islatu dituen ibilbide borrokalari eta oso batean norbanakoaren askatasunekiko begirada konprometitua mantentzeagatik: Giereken Polonia komunistan hasi zenetik, Estatu Batuetan, Txekiako Errepublikan edo Polonia garaikidean egin dituen azken lanetara arte. Breslaviako intelektualen familia batean jaioa (ama katolikoa zen eta aita judua), Hollandek laster jakin zuen zinema zela bere trebetasunetara ondoen egokitu zitekeen artea, eta baita bere kezkak hobeto aseko zituena ere. Beraz, ez zuen zalantzarik izan Pragara joateko, 18 urte ere beteta ez zituela, Pragako Zinema eta Telebista Akademia ospetsuan (FAMU) ikasteko. Bertan, 1968ko Udaberriko ikasle grebetan parte hartu zuen eta 1971n graduatu zen. Itzuli zenean, Poloniako TVP telebistarako filmen zuzendaritzan lekua hartu zuen eta Krzysztof Zanussi eta Andrzej Wajdaren zuzendari laguntzailea izan zen. Orduan egin zuen debuta Wieczór u Abdona (Arratsalde bat Abdonen etxean, 1975) film ertainarekin, eta zinemarako lehen film luzea egin zuen, Actores provinciales (Aktorzy prowincjonalni, 1978); Poloniako “Kezka moralaren zinema” mugimenduaren ikur nagusietako bat bihurtu zen, 1980ko Cannesko Zinema Jaialdian Kritikaren saria irabazi ondoren. Mugimendu kritiko horrek etika indibiduala defendatzen zuen inposaketa politikoaren aurrean, eta errealitate garaikidea islatzea (sistema komunistaren degenerazioak barne) idealizazio hutsalen aurrean; horrela, bada, film luze harekin batera, Poloniako zinemaren maisuek zuzendutako lanak daude, hala nola Camuflaje (Barwy ochronne, Krzysztof Zanussi, 1977), eta baita Hollandena bezalako ahots berriek sinatutako beste batzuk ere: Index (Indeks, Janusz Kijowski, 1977an ekoitzia baina 1981ean estreinatua), Jak żyć dokumentala (Marcel Łoziński, 1977, hau ere lau urte geroago estreinatua) edo El aficionado (Amator, Krzysztof Kieslowski, 1979). Polonian bizitzen ari ziren aldaketa garai haietan, Hollandek bi lan zuzendu zituen: Fiebre (Gorączka. Dzieje jednego pocisku, 1980) eta Una mujer solitaria (Kobieta samotna, 1981). Azken hori herrialdean larrialdiegoera ezarri baino pixka bat lehenago amaitu zuen eta, horren ondorioz, filma bahitu egin zuten eduki kritikoa zela eta (sei urte geroago estreinatu zen). 1981eko abenduan Polonian gerra legea ezarri zenean, Holland bere herrialdetik kanpo zegoen bere lanetako bat ezagutzera ematen, eta ez itzultzea erabaki zuen, Altzairuzko Oihalaren beste aldean kokatuz.
Andrzej Wajda herrikidearen zuzendari laguntzaile gisa jardun zuen berriz ere Danton (1982) filmean, eta, ondoren, bere herrialdetik kanpo egin zuen ibilbide profesional luzeari ekin zion: Amarga cosecha (Bittere Ernte, 1985) zuzendu zuen Alemanian, eta Ingelesez besteko film onenaren Oscar sarirako izendapena lortu zuen; Estatu Batuetan, Polonian girotutako Conspiración para matar a un cura (To Kill a Priest, 1988) filma egin ondoren, askok gogoan duten Europa, Europa (1990) aurkeztu zuen —Urrezko Globo bat irabazi zuen eta Jatorrizko gidoi onenaren Oscar sarirako izendatu zuten—; Frantzian Olivier, Olivier (1992) filmatu zuen, eta Erresuma Batuan El jardín secreto (The Secret Garden, 1993) eta Vidas al límite (Total Eclipse, 1995) aurkeztu zituen. Orduz geroztik, uztartu egin ditu Estatu Batuetako eta Europako lanak. Lehenengoen artean, Washington Square (1997), El tercer milagro (The Third Miracle, 1999), Copying Beethoven (2006) eta telesailetarako kapituluak daude, hala nola The Wire (2004, 2006 eta 2008an), The Killing (20112012), House of Cards (2015ean eta 2017an) edo The Affair (2017); eta bigarrenen artean daude Julie Walking Home (2002), In Darkness (W ciemnosci, 2011) —Oscar sarietarako hirugarren izendapena ekarri ziona—, El rastro (Spoor, 2017) —Alfred Bauer saria Berlingo Zinema Jaialdian—, Mr. Jones (2019) edo Charlatán (Šarlatán, 2020). Krzysztof Zanussik baieztatu zuenez, “kezka moralaren” zinema hori, zeinetara atxiki egin baitzen Agnieszka Holland, “Poloniako Herri Errepublikakoak zirenen ahotsa” izan zen eta, zinemagile talde hartako guztiei egoitzi egin zitzaien “munduaren ikuskera komun bat, zeinaren arabera etika politikaren gainetik baitzegoen, eta indibiduala dena kolektiboa denaren gainetik”. Badirudi Hollandek gaztetan ezagutu zituen arau horiek berarekin egon direla egin duen ibilbide bikainean zehar, zeina beti bezain bizirik baitago. Gaur egun, bere hurrengo proiektua prestatzen dihardu, oraingoz Kafka izenburua duena, eta, horrez gain, 2020ko abendutik Europako Zinema Akademiako presidentea da.