Energia eraldatuarekin itzuli Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaoren hamargarren urteurrena ospatzeko, 2020. urtea proiektuz josita hasi zen guretzat, etorkizunera bideratutako eta, aldi berean, orainean sustraitutako energiaz. Plan guztiak, beraz, gure Zentroak definitzen duen egitekora zeuden bideratuta, hau da, gizartea kultura garaikidearekin lotzera. Horretarako genuen programazioan, 300 artistak eta kultura-eragilek baino gehiagok parte hartu behar zuten. Baina, ateak ireki genituenetik lehen hamarkada ospatzear geundela, itxi egin behar izan genituen. Une tristea izan zen, inoiz ikusi gabeko egoera batean, argiak itzaltzera, belztera eta oihala jaistera behartu baikintuen. Gizarte osoak bezala, ez genekien zer genuen aurrean, baina hasierahasieratik argi izan genuen harremanetan jarraitu behar genuela gure publikoekin, artearen eta kulturaren bidez. Etengabe aldatzen ari den gizartea gara, gure ohiturak ia nabaritu gabe eraldatzen dituzten eguneroko aldaketa txikiek markatua. Baina gertatu denak lurrikara baten eragina izan du gure bizimoduan. Batbatean balaztatu –zerbait asaldatzailea, alde guztietara korrika zihoan gizarte batentzat–, eta bestelako kontzientzia hartu behar izan dugu gure abantailez. Egia da teknologiak aukera eman digula “bakartze soziala” hein batean arintzeko, baina ikusi dugu, halaber, dagoeneko bizitzeko ezinbesteko ditugun pantailak oztopo direla kontaktu zuzenaren emoziorako. Horren ondorioz, lehentasunak berraztertu behar izan ditugu, eta lehen kontuan hartzen ez genituen gauzei balioa eman. Normaltasunera itzultzeaz hitz egiten da. Baina bestelako egoera batera goaz, eta, nolanahi ere, ‘normaltasun’ desberdina izango da. Uste sendo horretatik abiatuta, jarduera bat proposatzen diegu herritarrei, testuinguru artistikoari eta publikoen komunitateei, une berri honi buruzko hausnarketa txertatzen duena: Dena berdin izango da, ezer ez da berdin izango. 6