10 2020ko udazkena BIZI LARRABETZU
KULTURA SEGURUA DELAKO: LARRABETZUN BERTATIK BERTARA BERRIZ Udalak kultura babesten eta bultzatzen jarraitzearen aldeko apustua egin du eta Kulturbilguneak, Udalak finantzatuta, abuztuan-irailean hainbat ekitaldi antolatu ditu. Urrirako honako hauek daude programatuta: • URRIAREN 4an, 18:30ean, Eskolako aterpean, MATRIUSKA antzezlana. • URRIAREN 15ean, 19:00etan, Angulerin, LITERATURAZ BERBETAN: VHS eta OIER GUILLAN. • URRIAREN 16AN, 19:00etan, Eskolako aterpean, BERTSO SAIOA: MAIALEN LUJANBIO, ETXAHUN LEKUE, MIREN AMURIZA, UNAI ITURRIAGA. • URRIAREN 17AN, 19:00etan, Eskolako aterpean, KONTZERTUA: RUPER ORDORIKA. OHARRA: Guztion osasuna babesteko protokoloa adostu dugu. Aforoa kontrolatzeko saio bakoitzaren aurretik erreserba egin behar da, Angulerin izena emanda (944558271) edo kulturbilgunea@gmail.com-era idatzita.
KULTURBILGUNEAZ 2012an sortu genuen Kulturbilgunea. Udalak egin zuen deialdia kulturgintzan, euskalgintzan eta hezkuntzan aritzen zen herritar talde baten eskariz. Lehenengo batzar hartara, Udalean kultur elkarte legez erregistratuta geundenak batu ginen. Hasierako asmoa xumea zen, oinarrizko galdera batzuei erantzutea: nortzuk gabiz kulturgintzan Larrabetzun? zer antolatzen dugu? zenbat gara? Azpeitia edota Oñatiko esperientziak genituen eredu. Bi horietan, urteetan kulturgintzan ari ziren eragileak biltzen ziren, Udala barne, metodologia parte-hartzaile eta horizontala oinarri, funtsean, herriari kultur-politika bat proposatzeko. Azpeitiko eta Oñatiko esperientziek ez zuten bere horretan Larrabetzurako balio, baina baziren abiapuntu bat. Izan ere, nor aproposago herriari kultur-politika bat proposatzeko kulturgintzan dabizen eragileak heurak baino? Astiro astiro hasi ginen, batak bestearen lana ezagutuz, agendak koordinatuz, elkarte bakoitzean zenbat lagun genbizen zehaztuz, bakoitzaren asmoak, helburuak, nahiak, ezinak, oztopoak zein ziren mahaigaineratuz. Hasiera hartan, Udala deitzailea izaki, zinegotzi ordezkariari begira egiten genuen berba gehienok batzarretan harik
eta ulertu genuen arte, Udala herriko beste eragile bat dela, eskumen handiak dituena, noski, baina Larrabetzuko kulturgintzaren ekosistema osatzen dugun eragileen artean, beste bat dela, Txispamendi guraso elkartea, Itallen bertsoeskola, Bizkargi dantza-taldea edo Gaztelumendi abesbatza diren bezala. Orain, elkarri begira egiten dugu berba, elkarren lanarekiko begirunez, urteotan elkarregaz lor dezakegunak itzelezko potentzialitatea duela konturako garelako, Akarbaltz gauak, Maskarita egunak edo pandemiape honetan uztailetik urrira bitartean antolatu ditugun ekitaldiek izan duten erantzunak erakutsi diguten eran. Hutsuneak ere baditugu, nabarmenena 14-25 urte bitarteko larrabetzuarrentzako kultur proposamenetan asmatu ezina. Urteotan ez dugu lortu herrikide ditugun horiek Kulturbilgunean modu iraunkorrean parte hartzea eta ondorioa kezkagarria da. Heurekin elkarlanean ez bada, ezingo dugu Larrabetzurako kultur-politika integralik ez proposatu, ez eztabaidatu, ez adostu, ez gauzatu. Hileko bigarren martitzenetan batzartzen gara Kulturbilgunean, 17:30etik 19:00etara. Etorri ezin eta proposamenak dituzuenontzat helbide bat ere badugu, kulturbilgunea@gmail.com. Eta kalean, ziur gutakoren bategaz topo egingo duzuena.