18 18
Hutsune
Gure lankidea den Josune Ilundain Iribarrenek “Hutsune” argitaratu berri du. Jorge Oteizaren lanaren inguruko liburua da, berezia, kaotikoa, berritzailea eta hizkuntzaren posibilitate berrien inguruan hitz egiten diguna. Kaixo Josune, esan iezaguzu nondik datorkizun liburuaren ideia… Lehenengo ideia, Oteiza Museoan bisita gidatuak ematen lanean nengoela bururatu zitzaidan. Txikiekin arte abstraktuarekiko nabaritzen nuen irekiera eta interpretazio erraztasuna ez nuen helduekin ikusten, gehienetan arrazoimenaren mende, dena ulertzeari ematen baitiogu garrantzia. Eta horri buelta eman nahi nion, arte abstraktua emozionala baita. Baina lan esperientzia hura esperientzia pertsonala bilakatu zen heinean, bere argi eta ilunek zipriztinduta, liburuaren ideia, forma eta edukia ere eraldatu ziren. Han lan egiten bukatu nuen eta liburua hazi egin zen, beste esperientzia pertsonal batzuek indartuta. Musikatik, hitz txikiek sortutako oihartzunetik, nire barruan eta inguruan begiratzetik, hil direnek utzitako arrastoetatik ...elikatu nintzen gaur eskuetan dugun obra liburua osatzeko. Zer duzu Oiteizaren inguruan gogokoen? Liburua Hutsune izendatzeak nire ustez galdera erantzuten du.
Liburu honetan mitologiak berebiziko garrantzia dauka… Bai, Euskal Mitologiaren ideiak berreskuratu nahi izan ditut. Amalurrarekiko lotura, kobazuloak, harriak, unibertsoa, sua... Hutsunea eta ikusten ez diren baina sentitu behar diren beste sentipenak; dolua, bakardadea, beldurrak, ixiltasuna, zalantzak, aldaketak, ziklikotasuna, ilunak, itzalak, erreprimitutakoa, kaosa... Eta gizarte kapitalista eta maltzurrak negatibotzat jo eta gure barruan ezkutatzera behartzen dizkigunak askatzeko eta onartzeko bidea erraztu didatelako. Lege linguistikoetatik at “Hutsune” liburuan hizkuntza berri bat sortu duzu, honela bere irakurketa esperientzia kaotiko batetan bihurtzen duzu… Beste hizkuntza bat sortu baino, hitzen eta irudien bestelako irakurketa proposatu nahi izan dut. Hutsetik hasiz. Norberak bere zentzua emango dio. Bere erara eraiki. Joku librea. Eta interpretazio guztiak baliogarriak dira.