4 minute read

ILUNE

Next Article
EL TÍO ENEMÍAS

EL TÍO ENEMÍAS

Herensugeak... Zein ideia heldu zaizkigu herensugearekin, sugearekin, dragoiekin...lotuta txikiak ginenetik? Elezaharrak, mitoak, agian, baina seguraski guztioi datorkigula burura Eliza katolikoak horien inguruan egindako interpretazio diabolikoa.

Nik gaurkoan, Andrés Ortiz Sagüesek eta Luis Garagalzak idatzitako “Euskal Mitologia. Izena duen guztia omen da” liburutik ateratako eta herensugearekin lotuta duten pasarte batzuk elkarbanatuko dizkizuet, beti bezala, hausnarketa sustatzeko helburuarekin.

Advertisement

“Herensugearen irudi legendarioa Santiago Bideen bitartez sartu zen Euskal Herrian. Antzekotasunak ditu beste pertsonaiekin, adibidez Mariren zenbait itxurarekin edo bere kideak den sugearekin, Sugaarrekin, baina horietatik bereizi behar da. Euskal Herrian herensugeei buruzko elezaharrak, Ediporen mitoaren aldaerak dira. Horietako batzuetan, xehetasun tematiko bereizgarriak daude. Batetik, Mondragon hitzaren jatorriari buruzko elezaharrean, olagizon-talde batek hiltzen du herensugea. Bestalde, Urdiaingo elezaharrean, neska gazteak hiltzen du herensugea arrautzarekin jota. Bi aldaerek Erdi Aroko heroi tradizionalaren ahalmena mugatzen dute: batak, balentria komunitarioaren mesedetan desagerraraziz; besteak, munstroa garaitzeko ekintza neska gaztearen esku utziz.”

(...) José Miguel Barandiaránek dio *Euskal Herrian badirela hainbat leize, (Azalegiko haitzuloa, Aralarko San Miguel leizea, Faardiko-Harri, Urduñako haitza, Baltzolako haitzuloa eta Arrasateko Montekristo, Euskal elezaharretako lurpeko muntro -IRAUNSUGEaren bizileku direnak*. (...) Iraunsuge sugearen antzeko itxurarekin ageri da. Batzuetan zazpi buru ditu eta beste batzuetan bakarra. Elezaharraren arabera, bere hatsarekin ganadua erakarri eta jan egiten zuen. Gaur egun suntsitua dagoen Zarako gazteluko seme batek pozoitu egin omen zuen. Sugeak, orduan, su hartu zuen eta itsasoraino joan omen zen hegan garrez inguratuta. (Josuneren oharra: hau inbidia!!). Urdiainen eta beste toki batzuetan beste bertsioak daude, non emakumeek zeregin garrantzitsua duten: emakumeak eraisten du herensugea arrautza txiki batekin”. (Josuneren oharra: gora gu ta gutarrak!)

(...) “Historiaren ikuspegitik, herensugearen irudia zibilizazio sumertar, egiptoar eta txinatarretik zetorren arren, garrantzi handia hartu zuen Erdi Aroan. Animalien tratatuetan (bestiarioetan) ez ezik, bizitza hagiografikoetan, zaldun-eleberrietan eta eskuizkribuetako irudietan ere ikusten zen. Askotariko itxurarekin azaltzen zen arren, itxura horiek guztiek izaera hibridoa zuten eta baita lau elementuak ere: sua ahotik, airea hegoetatik, ura gorputzeko ezkatetatik eta lurra bere suge-formatik”. (Josuneren oharra: Ze interesgarria! Hauek dira maite ditudan kontuak eta ezin ukatu nire interes bizia! Jarraitu dezagun liburuarekin).

“Herensugea Izaki ikaragarria eta suntsitzailea da. Ez du zerikusirik gainerako munstro, demonio eta izaki miresgarriekin, esaterako, musker, grifo, ibis, arrabio, basilisko, suge, mantikotz, aspis edo hidrarekin. (Josuneren oharra: ez dut sugea ez ezik, horietatik bat ere ezagutzen...en fin.). Bere jatorriari buruzko bertsio hedatuena León Africanok proposatzen duena da: arranoaren eta otso emearen arteko estaltzetik (apareamiento) datorrela, alegia”.

(Josuneren oharra: hori bai ez nuela espero! Eta gehio dio): “Herensugeak askotariko funtzioak zituen: uztak eta pertsonak irenstetik hasi, altxorrak edo printzesak zaintzeraino. (...) Txinan, esaterako,

perbertsio sublimatua eta gainditua simbolizatzen du. Sendotasun handia ez ezik, ontasun handia ere badu; ahalmen magikoak dituen izaki jainkotiarra da”.

Herensugea, batzuetan, *deabruarekin alderatzen da. (...) Herensugearen unibertsaltasunak aukera ematen du inkontziente kolektiboaren arketipo den eta, ondorioz, aukera-eremu izugarria duen simbolo tradizional gisa ulertzeko* (Cirlot). Herensuge eliztarrak deabrua eta grina txarrak sinbolizatzen ditu, bereziki gutizia; (Josuneren oharra: zoragarria bai elizaren interpretazioa...hauxe da gehien heldu zaigun kontaketa , beti ontasunaren bila...bai)

“Greziako mitoan, berriz, esanahi sortzailea ematen zaio”. (Josuneren oharra: hau bai polita...)

Informazio bila jarraituz, harrituko ez zaituzteen azken interpretazioa aztertuko dugu, non eliza katolikoaren kutsua nabarituko den, nola ez: “ Ikuspegi psikologikotik begiratuta, giza senen alderdi negatiboa simbolizatzen duen Naturaren indar gisa edo beldur eta gaitzespenen irudikapen gisa interpretatzen da herensugea.

(...) Kristau mitologian, sexualitatearekin eta sorginkeriazko misioarekin dute zerikusia. Batzuetan, sexualitate maskulinoa irudikatzen dute. Beste batzuetan, femeninoa. (...) “Apokalipsian, Babilonia ez-garbiaren sinbolo den piztiaren adierazpenetako bat da. Ezaugarri suntsitzaile garbiak ere baditu. Herensugearen jarrera irensleak, interpretazio misto, sexual eta erasokorrak jaso ditu egile ezberdinen ustez”.

“Herensugea aitaren sinboloa ere izan daiteke. Aita, bestalde, umearen sortzaile eta babesle izateaz gain, bere zapaltzaile tirano beldurgarria ere bada”. (Josuneren oharra: ¡toma esa!)

Bukatzeko, hemendik gertu, Aralar mendizerran herensugearekin lotutako San Miguelen elezaharra gogora ekarriko dut: Teodosio Goñikoarena. (Liburu berdineko 168.orria). “Elezaharrak dio herensuge batek neskatxa bat eskatu zuela jateko eta gizonek hantxe utzi ziotela. Baina han omen zebilen Teodosio Goñikoa, zaldun kristaua, burdinazko katea hautsi arte penitentzia egiten. Neska gaztea ikustean askatu egin omen zuen eta bere tokian jarri; orduan, herensugea hurbildu, katea irentsi eta Teodosio harrapatzen ahalegindu omen zen. Teodosiok San Miguelengana jo omen zuen eta San Miguelek, ezpataz, herensugeari lepoa eta zaldunaren katea moztu eta penitentziatik libratu omen zuen. San Miguelen santutegia eremu magikoa eta mirarizkoa izan omen da emankortasuna lortzeko. Horregatik, ezkondutako bikoteak hara joan ohi dira seme-alabak eskatzeko. Horrela, elementu jentil edo paganoaren eta kristautasunaren arteko nahasketa ageri da; kristautasuna San Miguelen bitartez adierazten da, izan ere, zeruan erlijio berria finkatzeko, mundu lurtarraren sinboloa den deabrua edo herensugea menderatzen duen goiaingeru gisako benetako heroia baita San Miguel”. (Josuneren ohar ezinbestekoa: qué exageración empalagosa! Zerukoak beti onak eta salbatzaileak, bai...)

Infernuetako leizeko herensuge deabrutarrak simbolizatzen duen lurreko iluntasunari irabazi dio zeruko argiak; goiaingeruaren deabruaren kontrako garaipen heroikoa da. Mundu berriak antzinakoa nola gainditu duen”.

Josuneren edo Iluneren oharra: Ba ea noiz ematen diogun buelta berriz ere tortillari! Lurreko iluntasunak ere zeruko argi eta aingerutxoekin bukatzeko! Bestela, puaj!

Barruko alde ilunak arakatu, hausnartu, eraldatu, irauli eta loratu!

Josune Ilundain Iribarren

This article is from: